Amaia U. LASAGABASTER
F LIGA

Bi helburu argi eta emozioak askatzeko hainbat une zelai guztietan

Etxean denboraldiko azken partida jokatuko dute gaur F Ligako hiru euskal taldeek, eta agur ugari izango dira. Athleticek, gainera, Txapeldunen Ligan sartzeko aukerari eutsi nahi dio. Alavesek, bestalde, igoeraren bidean urratsa egin nahi du.

Bere partida irabazteaz gain, Eibarren garaipena behar du ere Athleticek.
Bere partida irabazteaz gain, Eibarren garaipena behar du ere Athleticek. (Oskar MATXIN-EDESA | FOKU)

F Ligako azken-aurreko jardunaldia jokatuko da gaur. Oso-osorik 12.00etan, aurreko urteetan ez bezala, txapelketa erabaki barik heldu baita azken txanpa honetara. Horrenbestez, partida guztietan lehia biziak izango dituzte oraindik zerbait jokoan duten taldeek.

Athletic dago horien artean, nahiz eta helburu bihurtutako ilusioa orain ameskeria bihurtu den. Behintzat, nahi zuen bezala heldu da jardunaldi honetara: Txapeldunen Ligan sartzeko aukerekin. Aukera oso txiki batekin, egia esan, bere bi partidak irabazteaz gain, Atleticok gehienez puntu bakarra eskuratzea behar baitu. Bizkaitarrek, jakina, badakite ia ezinezkoa dela; Madrilen galdu ondoren, beren malkoak ikusi besterik ez dago. Baina miraria lortzeko borrokatuko dira. Baita denboraldi on honek merezi duen bezala amaitzeko ere, eta ez «porrot edo desilusio sentsazioarekin -esan du David Aznarrek-. Harrotasun eta arrakasta sentipenez amaitu nahi dugu».

Gainera, falta diren bi partidetan emaitza onak lortzeak saria ekar diezaioke taldeari. Barcelona, Real Madrid eta Atleticorekin batera sailkapenaren buruan amaitzen duen laugarren taldeak datorren denboraldiko Superkopa jokatuko du. Eta, horretarako, zuri-gorriek hiru puntu gutxiago dituen Granadaren aurretik jarraitu behar dute.

AGURRAK NONAHI

Azken-aurreko jardunaldi honetan alderdi emozionalak nabarmen gaindituko du ikuspegi pragmatikoa. F Ligako hiru euskal taldeek gaur jokatuko dute denboraldiko azken partida etxean. Eta ez dira gutxi zaletuei behin betiko agur esango dietenak.

Taldearen ia erdia, Realaren kasuan. Amaiur, Franssi, Etxezarreta, Lete, Izarne, Viles, Vanegas, Lorena eta Maria Valle jokalariek ez dute Realean jarraituko. Batzuk taldearen bizkarrezurraren parte izan dira azken urte hauetan. Guztien artean berrogei denboraldi jokatu dituzte kamiseta txuri-urdinarekin, Etxezarretak eman dituen hamarrak barne. Beasaindarrak urre eta brillantezko intsignia jasoko du gaur, bere ibilbidea aitortzeko.

Hauekin batera, eta kontratua ekainean amaitzen zaien Andreiaren eta Lavogezen etorkizuna argitzen den bitartean, Jose Luis Sanchez Verak ere agur esango dio Zubietari. 2+1 urterako sinatu zuen, baina proiektua ez da gauzatu. Realak egitasmo berri bat sortu beharko du, zimenduetatik hasita, bere apustua definituz eta anbizioz hasi eta desilusioz amaituko duen denboralditik atera dezakeen ikaskuntza aprobetxatuz.

Ezin zaio objekzio bakarra jarri Eibarkoari. Inoiz baino puntu gehiago eskuratu ditu, garaipen entzutetsuak lortu, eta iaz bezala aise eutsi dio mailari. Baina Realarekin bat dator neurri batean etorkizunari begiratzean, bere proiektua berrasmatu behar baitu.

Ipuruak gaur hartuko duen norgehiagoka azkena izango da etxean Jordi Torres Kirol Zuzendariarentzat eta Yeray Torres entrenatzailearentzat, azken hiru denboraldietako arrakasten erantzule nagusietakoak. Eta litekeena da agurrak askoz ere ugariagoak izatea, ezer gutxi baitakigu 14 jokalariren etorkizunari buruz, plantillaren bi heren. Noelia, Miralles, Andrea Sierra, Espe Pizarro, Andrea Alvarez, Ane Campos, Elba, Amani, Annelie eta Van Deursen libre geratuko dira, eta ekainaren 30ean bukatuko dira Astralaga, Eider, Mariana eta Monnecchiren lagapenak.

Urte ona ospatzeaz eta, agian, agur esateaz gain, armaginek badute beste motibazio bat, batez ere Lezamara itzuliko diren hirurek: Atletico hartuko dute Ipuruan eta, irabaziz gero, Athletici Europako ametsari eusten lagunduko diote.

Talde bizkaitarrean bertan badaude egun berezia biziko duten bi jokalari, gutxienez: Itsaso Mirandak lehen taldearekin debutatzearen ilusioa bete eta Athletic utziko du eta Marta Unzuek erretiroa hartuko du, azken bi urteetan lotailu gurutzatuaren hausturak zelaitik kanpo eduki ondoren. Bestalde, argitzeke dago kontratua amaituko duten Quiñones, Bibi, Itxaso Uriarte, Nahikari eta David Aznarren etorkizuna.

PLAY-OFFA

Askok nahiko lukete agurraren eguna ez heltzea. Inork Alavesek baino gehiago. Joanekoan berdindu ondoren (2-2), gaur Cacereño hartuko du Ibaian, F Ligara igotzeko play-offetako lehen kanporaketako itzulerako partida jokatzeko. Eta Extremadurakoak gainditzen baditu, DUX Logroño edo AEMren aurka jokatuko du behin betiko kanporaketa datorren astean, hau ere partida bikoitzera.