Elkartasunak epaiketaren hotza goxatu du Baztanen: «Absoluzioa orain!»
Aroztegiko Elkartasun Komiteak Elizondon egindako kanpaldia atzo amaitu zen, maiatzaren 19tik 23ra epaituko dituzten zazpi baztandarrendako absoluzioa eskatzeko. Denetariko ekintzez bete zuten plaza eta Baztan osoa, eta elkartasun une eder eta goxoak bizitu zituzten astelehenean hasitako kanpaldian. «Garaipen bezala» hartu zuten.

Aroztegiko Elkartasun Komiteak aste osoan Elizondoko plazan egin duen kanpaldia atzo amaitu zen. «Desobedientzia zibila ez dela delitua» nabarmendu zuten bildutakoek. Izan ere, epaituko dituzten zazpi lagun horiek, bertze hainbat herritarrekin batera, Aroztegiko proiektuaren kontra egindako kanpaldian parte hartu zuten 2021eko udaberrian. Horregatik epaituko dituzte, eta horregatik kanpatu dute berriro herritarrek.
Lokartu bezala ernatu ziren astelehenean, euritan, kanpaldiaren lehenbiziko egunean. Ezohiko itxura eman zioten plazari ezohiko egoera salatzeko: «Zazpi baztandar kartzelan sartu nahi dituzte, eta bizi osorako ekonomikoki zigortu, zer eta haien desadostasuna makinen aitzinean eseriz erakusteagatik».
Egunak aitzinera egin ahala, zeru urdina agertzen joan zen, eta jende gehiago agertu zen. Dozena bat auto Baztanen barrena harrabotsa egitera abiatu ziren 17.00etan, kartel horiz beterik: «Ez gara zazpi, herri bat gara», aditu zen zoko guzietan. 19.00etako elkartasun keinuan Erdiz Bizirik, Basaburuko herritarrak eta nekazariek plaza bete zuten, eta tartean Erdiz Bizirikek salatu zuen, Aroztegian bezala, UGEParen prozesu berdina gertatu zaiela haiei: «Baztango lurren gaineko erabakimena Baztandik kanpo eramatea».
Astearte egunsentian, kanpin dendaz eta zapi horiz beteriko plazan, euri tantak eta ezkilen soinua nahasi ziren. Bazkalondoan artistak hurbildu ziren. Kioskoan beren margolanekin hasi eta gauerdira aritu ziren ekinean. Kartoi batzuekin eginiko murruetan Aroztegiko kanpaina honetan agertu diren lau kartel moldatu zituzten dimentsio handiko margolanetara. Arratsaldeko elkartasun keinuan Erbereko eta Batzar Nagusiko kideak bertaratu ziren. Komiteko kideek egin zuten irakurketa, eta Batzar Nagusia, baztandarren ordezkaritzarako organo nagusia, balioan paratu zuten, urtetan proiektuaren aurkako borrokan izan duen papera nabarmenduz, «instituzioak eta karrikak elkarlanean». Baina, Baztanen, ‘Marina D’Or’ bat egiteko UGEParen trikimailua erabiliz, organo horren gainetik pasatu zirela salatu zuten. Urtetako borroka gordin horren adierazle da Batzarreko kideek jasan izan duten errepresioa, zazpien kriminalizazioa tartean.
Astearte gaua indarrez akitu bazuten, asteazkena «egundokoa» izan zela adierazi zuten. Plaza idor iratzarri zen, baino giro onean, kafearen bueltan. Lehenbiziko hitzordua segituan etorri zen: Aroztegirako martxa. 20 pertsona abiatu ziren Lekarozko Tellari auzora, Aroztegiaren eremuetara. Paseoa ederra da berez, are ederragoa eguraldi onarekin. Hango eremuetara hurbiltzen ziren heinean hasi ziren 2021eko kanpaldiko istorioak oroitzen: «Bide honetan goiti eta beheiti ibili ginela, hantxe paratu genuela kanpin-denda eta han egon zirela poliziak. Oraingo egoerak hor du jatorriaren zati bat, kanpaldi horren ondoren eta bertan egin ziren protesta demokratikoengatik etorri baitira orain zigor eskakizunak», gogoratu zuten.
Kanpaldira itzuli eta bazkalondoan egitarau betea izan zuten. Plaza jendez lepo zegoela, elkartasun keinuan lekaroztarren zinpeko alkateak hitza hartu zuen, Mattari Plazak. Hark proiektuaren historiaren errepaso zabala egin zuen. Bi ondorio ere azpimarratu zituen. Lehenbizikoa, «proiektua behin betiko geldiarazteko ardura Nafarroako Gobernuari dagokiola, UGEPa onartu zenean ez zelako inolako prozesu parte hartzailerik izan eta, gainera, 2009ko Lekarozko herri galdeketan eta 2016ko Baztangoan proiektuaren aurka agertu zirelako herritarrak». Bigarrenik, garbi utzi zuen ez daudela «inposizio hori onartzeko prest». Izandako «kriminalizazioa» oroitarazi zuen, baita zenbait alderdik izan duten «paper tamalgarria» ere.
ETXEBIZITZAREN AUZIA
Ortzegun goiza ederki hasi zuten, denbora lagun. Baztanen Bizi Nahi dugu eta META taldekoek etxebizitzaren gaia hizpidera ekarri zuten elkartasun keinuan. Etxegabetze baten arriskuaz jakinarazi zuten, martxoaren 20an izan behar zena. Antolakuntzari esker, abenduaren 30era arte atzeratzea lortu dute. Agertu zutenez, Baztanen 200dik goiti eraikin turistiko daude, 1.500 etxe huts eta bigarren etxebizitza turistikoez gain.
Ostiralean bizikleta martxa egin zen, «betirako Aroztegia bizirik egon dadila» aldarrikatzeko. Elizondoko Karriketan “Lurraren defentsa ez da delitua” edota “absoluzioa” aldarriak entzun ziren.
JENDEAREN BEROA
Kanpaldiari akabera larunbat eguerdian eman zioten, elkarretaratze batekin. Elkartasun komitea eskertua agertu zen deialdiak izandako babesarekin, eta nabarmendu zuen hain zuzen hori zela helburua, auzipetuek jendearen beroa sentitzea. «Beraz, esker mila hurbildu zaretenei, aste honetan gertatu denak argi erakutsi baitu ez direla zazpi, herri bat gara».
Maiatzaren 19an abiatuko den epaiketara «indar berriarekin» doazela ziurtatu eta bertaratzeko deia egin zuten, denon bultzadaz auzipetuentzat absoluzioa eman dadin. Kanpaldia amaitu zen, baina ez elkartasuna: epaiketaren astean, egunero Nafarroako Auzitegiaren parean adieraziko dute babesa.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
