Azurmendi eta autore feministak hizketan jarri ditu Urdangarinek
Joxe Azurmendi eta autore feminista batzuk elkarrizketan jarri ditu Mikel Urdangarinek bere azken liburuan. Gizakia, askatasuna eta komunitatea ulertzeko modua gudu-zelai bihurtu den garaiotan, elkarrizketa kritikorako toki eder bat.

Jakin Fundazioak eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak lankidetzan osatu duten bilduma da Ur-jauzia izenekoa. Horko bosgarren zenbakia aurkeztu zuten atzo Donostian, Mikel Urdangarin Irastorzaren (Beasain, 1994) “Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan” izenekoa. Filosofian doktorea da Urdangarin, Jakineko Kontseilu editorialeko kidea eta egun GARA-NAIZen ari da lanean.
Galdera batek piztu du Urdangarinen lana: Zer dute komunean Joxe Azurmendik eta zenbait autore feministak? Mahaiaren alde batean, beraz, Azurmendi. Mahaiaren bueltan, autore feminista anitz. Eta haien tartean eserita irudikatu behar da autorea, belarriak zabal, hain beharrezkoa den elkarrizketa kritikoari mahaian kabitzeko eta pausatzeko tokia eginez. «Liburu honetan saiatu naiz gizaberetxoa ardatz hartuta giza eredua lantzen. Eta horretarako Joxe Azurmendi eta zenbait autore feminista elkarrizketan jarri ditut, nire ustez ez direlako iturri bakarrak, baina bai iturri emankorrenetakoak», azaldu zuen Urdangarinek.
Baina zergatik Joxe Azurmendi? «Alde batetik, filosofia oso-oso aberatsa josi duelako. Hamaika lan landu ditu eta oso ezaguna da naziogintzaren inguruan egindako gogoetengatik. Baina, berak esaten duen bezala, nazioaren ideia orok gizatasun oso bat aurresuposatzen du. Hau da, gizakia ulertzeko modu bat, komunitatea ulertzeko modu bat, moral jakin bat, batasunak eta diferentziak artikulatzeko era jakin bat. Bere hitzetan, gizaberetxoa ulertzeko modu bat», esan zuen.
Eta zergatik autore feministak Azurmendirekin hizketan? «Uste dudalako azken hamarkadan Euskal Herrian bertan politizaziorako ardatz nagusietakoa, nagusia ez bada, bilakatu dela. Tartean horrek alor desberdinak astindu ditu eta filosofia ere astindu du. Zehar-lerroko auzi bat baldin bada, auzi eta subjektu oro zeharkatzen dituen teoria multzo kritiko, konplexu, aberats eta plural bat baldin bada, ezin dugu jarraitu existituko ez balitz bezala, Joxeren garai bateko izpiritu kritiko horri jarraitu eta ikusi, ikasi eta berritzea dagokigu», gaineratu zuen.
«Joxe Azurmendi eta landu ditudan autore feministen ideia, balio sistema, mundu ikuskerak ez dira hain desberdinak, elkar elikatu dezakete. Eta, gainera, elkar elikatze horretan gizakia eta mundua ulertzeko eta bestela pentsatzeko, era bizigarriago batean pentsatzeko, gako oso interesgarriak eskaintzen dituzte», bota zuen ondorioa Urdangarinek.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
