«Lehentasuna Confebask elkarrizketa mahaira itzultzea da gaur-gaurkoz»
CCOO Euskadi sindikatuak zuzendaritza aldaketarekin amaitu du XIII. Kongresua. Alfonso Rios batzorde eragile berriko kideak lehentasunen artean patronala elkarrizketa mahaian eserraraztea dagoela adierazi zuen NAIZ Irratian. Migrazioaren eta etorkinen harreraren inguruan, euskararen inguruan zein zaintza lanez ere jardun zuen Riosek mikrofono aurrean.

CCOO Euskadi sindikatuak XIII. Biltzar Nagusia egin berri du eta, aurrerantzean, Santi Martinez izango da EAEko idazkari nagusi berria, Loli Garciaren lekukoa hartuta. Alfonso Rios batzorde eragile berriko kidea eta Lan Osasuneko arduraduna NAIZ Irratiko uhinetan izan zen atzo, lehentasunen eta erronka berrien inguruan hizketan.
Lehentasunetako bat lan hitzarmenen arteko gutxieneko soldata dela esan zuen, eta Confebask patronalaren «arduragabekeria» gaitzetsi zuen negoziazio mahaitik altxatu zelako: «Gure lehentasuna gaur-gaurkoz Confebask patronala elkarrizketa mahaira itzultzea da. Horretarako zubiak eta elkarrizketa bideak irekita daude». Zifra jakin bat aipatu ez bazuen ere, «Europako Gutun Sozialak ezartzen duen moduan, batez besteko soldataren %60ren bueltan kokatuko litzateke soldata hori», zehaztu zuen.
BRIDGESTONE
Bestalde, sindikatuaren beste helburu nagusietako bat lanaldia 37 ordutara murriztea da, soldatarik galdu gabe. Lau eguneko lan astearen inguruko eztabaida zabalik dagoen arren, CCOOk «malgutasunaren izenean ezkutatzen diren murrizketak» saihestu nahi dituela adierazi zuen Riosek.
Basauriko Bridgestoneko auziari begira ere jarri zen, eta 300 kaleratze baino gehiago saihestu dituen akordioa positiboa dela azaldu zuen Riosek: «Hasierako 335 kaleratzeetatik 103ra jaistea langileen mobilizazioari esker lortu da». Gainera, Riosek nabarmendu zuenez, kaleratze horietako asko borondatezkoak izango dira, eta 45 eguneko kalte ordaina jasoko dute urte bakoitzeko, mugarik gabe.
Laneko segurtasunaren inguruan, CCOOko ordezkariak azpimarratu zuen ezin dela erantzukizuna langileengan soilik utzi. «Prebentzioaren kultura enpresen ardura ere bada, eta neurri kolektiboak ezinbestekoak dira», ohartarazi zuen Riosek, arrisku psikosozialei ere erreparatuz.
LAN LERROAK
CCOO «barnetik kohesionatuta» dagoen eragile bat dela esan zuen Riosek, eta datozen urteetan zein erronka izango dituzten aipatu zuen: zaintza arloan herri itun bat, genero berdintasuna lortzeko bidea, euskara administrazioan erabiltzeko eskubidea eta migrazioaren kudeaketa duina. «Gakoa ez da immigrazioa bai ala ez, baizik eta nola kudeatzen den». Alde horretatik, pertsona migratuek jasotzen duten harrera «giza eskubide kontutzat» hartu behar dela adierazi zuen.
Euskararen kasuan, hizkuntza-eskakizunak ezarri behar direla defendatu zuen, eta «herritarrekin zuzeneko harremanik ez badu», garbitzaile bat esaterako, euskarazko profila ez izateagatik kaleratzea «egokia» ez dela esan zuen.
Gazteen parte hartze eskasa ere aztergai izan da kongresuan. CCOOk aitortu zuen 35 urtetik beherakoen inplikazioa oso txikia dela egun, eta jendarte osoaren erronka dela belaunaldi gazteak sindikalismoan barneratzea.
Sindikatuen balioa nabarmendu zuen Riosek: «Erantzun kolektiboak eraiki behar dira gero eta anitzagoa eta prekarizatuagoa den langile klasearentzat». CCOOren gidalerroa honakoek zehaztuko dutela aurreratu zuen: «Soldata handiagoa, lanaldi murritzagoa, eskubide gehiago eta kohesio handiagoa».

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
