GARA
BILBO

Inoiz baino herri gehiago batu dira Euskaraldiaren mugimendura

Igandean bukatu zen Euskaraldia, hizkuntza ohiturak euskarara gerturatzeko 11 egunetako ariketa. Milaka lagun, boluntario zein langile bildu ditu. Inoizko herri gehien ibili dira antolaketan, Santurtzitik Zegamara, Barkoxetik Tuterara. «Harro egoteko moduan gaude», nabarmendu zuen Koordinazio Mahaiak, atzo, lehen balantzean.

Euskaraldiaren lehen balorazioa egin zuen atzo Koordinazio Mahaiak, Bilbon.
Euskaraldiaren lehen balorazioa egin zuen atzo Koordinazio Mahaiak, Bilbon. (Oscar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskararen erabilera erdigunean jarri du, berriz ere, Euskaraldiak. «Izugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua», adierazi zuen Koordinazio Mahaiak atzo lehen balorazioa egitean. «Hamaika egun hauek posible izan dira, aurretik beste dozenaka hilabete prestaketa lanetan igaro dituztelako batzorde, entitate eta lantalde askotan. Zorionak eta eskerrik asko, denei. Eta zorionak, noski, txapa paparrean jantzi eta Euskaraldian parte hartu duzuen belarriprest eta ahobizi guztioi», esan zuten Bilbon emandako prentsaurrekoan.

Ekitaldian izan ziren Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak: Irati Iciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria; Javier Arakama Urtiaga, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea; Aitor Aldasoro Iturbe, Lakuako hizkuntza politikarako sailburuordea; David Aire, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna; eta Jon Kobeaga Erkiaga, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea.

450 HERRI

Inoizko herri gehienek antolatu dute laugarren edizio honetako Euskaraldia. «Benetan berri pozgarria da euskararen biziberritzean lanean dihardugun eragile eta norbanako guztientzat. Horrek esan nahi baitu, inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa. 450 herri murgildu dira Euskaraldian».

Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortzea zen Euskaraldiaren lehen egiteko bat, garrantzitsua oinarria sortzeko, eta Euskaraldia zein bestelako ekimenak gauzatzeko.

Antolatzaileek uste dute orain arte iritsi ez den herritar geruza batera ere iritsi dela Euskaraldia. Orain arte parte hartu ez duten askok hartu dute parte ariketan, izan entitatearen bitartez ezagutu duelako edo batzordea iritsi delako eurengana. Zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak.

ENTITATEAK ERE GORANTZ

7.500 entitatek baino gehiagok sustatu dute Euskaraldia, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez. Aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu da.

Belarriprest eta ahobiziei dagokienez, ia 135.000 lagunen izen-emateak jaso dituzte, nahiz eta oraindik badiren jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena, adibidez. «Ikaragarria da», baloratu zuten. Gainera, kontuan izan behar da jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan. Herri askotan izen emateak baino txapa gehiago banatu dira.

Hala ere, nahi baino txapa gutxiago ikusi dituzte kalean, eta hori aztertuko dute, zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai, baina gero ez duten janzten.

Orain aurrera begira jartzea tokatzen da, eta ariketaren inguruko balorazio sakonagoa egitea askotariko eragileekin, «hurrengo Euskaraldia are hobeagoa izan dadin». Balorazio hori egiteko garrantzitsua izango da Euskaraldian parte hartu duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasotzea. Horretarako, partaide guztiei eskatu zieten euskaraldia.eus/bizipenak/ gunean sartu eta ariketan bizitakoak kontatzeko.

Behin eta berriz aipatzen duten bezala, hizkuntza ohiturak ez dira gauetik goizera aldatzen; Euskaraldiak arnasa luzeko ekimena izan behar du. Horregatik, «apurka-apurka, urratsez urrats eta bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea edo elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohiko bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak bizirik», egin zuten aldarri.