Pello Otxandiano: «Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro»

«Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi den oro eta Euskal Herrian lan egiten duen oro. Euskalduna da, gainera, euskalduna izan nahi duen oro. Hori da gure posizio politikoa migrazioaren aurrean». Hala erantzun zion atzo Gasteizko Parlamentuan EH Bilduko eledun Pello Otxandianok Aitor Esteban EBBko presidenteari. Honek igandean subiranistei migrazio gaietan «ez bustitzea» leporatu zien.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan Otxandianok azaldu zuenez, «datozen urteetan jende asko etorriko da Euskal Herrira bizitzera, eta asko dago jokoan». Izan ere, bere ustez, beharrezkoa da aztertzea «nola eraikitzen den inklusioa testuinguru honetan eta baldintza hauetan». «Eta jakina da inklusio soziala bermatzeko, oinarrizko bizi baldintza material duin batzuk bermatzeko, laneratzea dela prozesu gakoetako bat, eta lehenbizikoa esango nuke. Inportanteena ziur aski. Horretarako politika publiko aktibo bat behar da», gaineratu zuen, Lakuaren jarrera kritikatuz. «Orain arte Lanbidek, historikoki, gutxi-asko egin duena diru sarrerak bermatzeko errenta gestionatzea izan da. Lanbide askoz proaktiboago bat behar dugu», esan zuen.
Halaber, kohesio soziala «eraiki» behar dela nabarmendu zuen, «askotariko kulturak egongo direlako». «Horretarako uste dut hizkuntza badela kohesio soziala eraikitzeko tresna inportante bat», gaineratu zuen hauxe galdetu aurretik: «Nola eman euskara Euskal Herrian bizi den jende horri?».
Dena den, migrazio politika Legebiltzarrean jorratu behar dela ohartarazi zuen, polemika alde batera utzita. Ildo horretatik, gaitzetsi egin zituen Imanol Pradales lehendakariak eginiko adierazpenak, zehazki «zein immigrazio behar dugun eta zein iristen zaigun» esaldia.
Otxandianok adierazpen horien arrazoiari buruzko «bi hipotesi» planteatu zituen: edo «ez zuela ondo kalkulatu bere hitzen eragina», «larritzat» jo zuena, edo «anbiguotasuna kalkulatu zuela interpretazio desberdinei bide emateko», eta hori «are larriagoa» izango litzateke, bere iritziz.
MELGOSA: «IKUSPEGI HUMANISTA»
Nerea Melgosa Ongizate sailburuak Herri Irratian egindako elkarrizketa batean babestu egin zuen Pradalesen hausnarketa, Lakuako Gobernuaren eta EAJren «ikuspegi humanista» aldarrikatuz. Bere ustez, lehendakariak testuinguru zehatz batean egin zituen adierazpenak eta, ondoren, Legebiltzarrean, «Eusko Jaurlaritzaren jarrera defendatu zuen, batasuna, eta batez ere giza eskubideen defentsa».
Migrazioari buruz eztabaida «lasaia» izatea eskatu zuen, «pertsonak erdigunean» daudela argi utzita, eta, beraz, «alderdi-interesen gainetik jar daitezela».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
