AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

«Maurizia. Biziminaren hotsa», «ikonoa humanizatzera» datorren komikia

Bi hamarkadako ibilbidea betetzear da Xabiroi, Ikastolen Elkartearen komiki bilduma eta, urteurrena biribiltzeko, Maurizia Aldeiturriaga ardatz duen «Maurizia. Biziminaren hotsa» komikia argitaratu dute, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin elkarlanean. Panderojolearen gainean eraiki den «idoloa» baino, haren irudi gizatiarrena du xede.

Ubeda eta Garluk komikiaren egileak (erdian), Ikastolen Elkarteko eta EHTEko ordezkariekin.
Ubeda eta Garluk komikiaren egileak (erdian), Ikastolen Elkarteko eta EHTEko ordezkariekin. (Jon URBE | FOKU)

Sobera ezaguna da gurean Maurizia Aldeiturriaga, bere burua «aupa Maurizia!» oihuaz hauspotuz Euskal Herriko erromeriak girotu zituen panderojolea. Bada, Xabiroi bildumaren hogeigarren urteurrenari begira, haren irudia oinarri duen komikia eman du argitara Ikastolen Elkarteak, kasu honetan Euskal Herriko Trikitixa Elkartea (EHTE) bidelagun duela.

‘‘Maurizia. Biziminaren hotsa’’ izeneko komiki honen aurkezpenean, hogei urteotan Xabiroik 76 komiki eman dituela ekarri zuen gogora Ikastolen Elkarteko ordezkari Arantza Munduatek, eta ikastoletan egiten diren banaketen bidez gaztetxoen artean irakurzaletasuna eta euskararako hurbilketa sustatzeaz batera kanpora begira ere banatzen dela nabarmendu zuen, proiektuaren egonkortasuna ospatuz.

EHTEren izenean Itxaso Elizagoien lehendakariak hartu zuen hitza. Ordezkatzen duen elkartearen helburua euskal kultura «jasotzea eta zaintzea» dela ziurtatu eta zeregin horretan «urteak» daramatzatela esan zuen. «Eta Mauriziaren liburu hau ere hor kokatzen dugu. Badakigu, gainera, komikiarekin bestela ailegatuko ez ginatekeen lekura iritsiko garela», hausnartu zuen.

MAURIZIAREN PANDEROA MAHAI GAINEAN

Komikiaren gaineko azalpenei Mauriziaren panderoa mahaiaren erdia zela esanez ekin zioten Garbiñe Ubidea idazle eta gidoiaren egileak eta Garluk ilustratzaileak. Aurrez aurre zituzten eserlekuetan; kazetariez gain, Mauriziaren familiako kideak ere baziren, eta hori pozgarritzat hartu zuten, egileek kezka baitzuten senideek nola hartuko zuten komikia.

Ubedak hartu zuen hitza, Maurizia irudikatzeko moldearen atzean dagoen azalpena emateko: «Mauriziak badu pribilegio handia: gure memorian bizirik dago eta gizon askoren lekua hartu du; trikitixa aipatu eta Maurizia datorkigulako gogora», goratu zuen, baina txanponaren beste aldean, Maurizia «ikono» bilakatu eta beste hainbat emakumeren lekua ere bete du, haren iritziz. «Komiki honetara ez dugu Maurizia ikonoa ekarri, pertsona ekarri dugu. Humanizatu egin dugu, bere bizitzako une zaurgarri bat ekarri dugu: bere senarra, Karakol, gaixotu eta denbora asko eman zuen ospitalean, lurrean koltxoia botata. Momentu zail, agian depresio, hori gainditu zuen», kontatu zuen, eta, bere hitzetan, komikiak hau islatzen du: «Zure bizitzako bidaidea galtzen duzunean zer pasatzen zaizun barnean eta nola ematen diozun horri buelta».

Izan ere, Garlukek azaldu zuen bezala, Karakol eta Maurizia eskuz esku ibili ziren hainbat erromeria eta ospakizunetan, bata soinu txikiarekin eta bestea panderoarekin. Horregatik, flashbackak ere badaude komikian, «musikarekin lotura dutenak. Gizonezko mundu batean emakumezko bat gailendu zen, eta horretan Benantziok [Karakol, goitizenez] izan zuen zerikusia. Tandem bat ziren», zehaztu zuen.

Komikian ez dagoela «abentura handirik» esan zuten, baita Mauriziaren «esentziari fidel» jokatu nahi izan dutela ere, eta, atzokoan haren ondorengoek aipatu zutenagatik, lortu dutela dirudi: «Ikaragarri gustatu zait eta irailean eskolara eramango dut, nire ikasleekin ere disfrutatzeko. Zeharkako hainbat gai agertzen dira, punta-puntakoak. Altxor baten aurrean gaude», esan zuen batek, eta Mauziriaren grabazioetan oinarritu izana eskertu zuen beste batek, komikian «Porrusalda, buelta bikoa!» irakurri izanak zirrara eragin ziola aitortuz. Aurkezpena Maurizia hobekien gogora daitekeen erara amaitu zuten, trikiti eta pandero doinuekin, EHTEko kideek giroturik lehenik eta, senideetako batek xaxatuta, panderojolearen biloben eskutik gero, Mauriziaren panderoak oraindik ere emateko asko duela irudikatuz.