GARA

Rekarte oroitu eta sindikatuekin mobilizatzera dei egin du Sarek

Maiatzeko azken ostirala izanik, Sarek ehunka pertsona bildu zituen herenegun. Gloria Rekarte «bidelaguna» gogoratu zuten eta hilaren 17 eta 18an egindako mobilizazioetan gizartearen erantzuna nabarmendu zuten. Ekainaren 20an mobilizaziora deitu zuten.

Azken ostiraleko Iruñeako konzentrazioa.
Azken ostiraleko Iruñeako konzentrazioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hilabetero egin ohi duen moduan, Sare Herritarrak euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarria zabaldu zuen maiatzeko azken ostiralean Euskal Herriko zenbait txokotan, eta 1.500 pertsona inguruk parte hartu zuten elkarretaratzeetan.

Maiatza hilabete «mugitua» izan dela adierazi zuen: alde batetik, apirilaren azkenetan Gloria Rekarteren heriotzak «barrenak astindu dizkigu» eta, bestetik, hilaren 17 eta 18an Euskal Herriko 28 herri lotu dituzte oraindik zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoen eskubideen alde. Aurrera begira, ekainaren 20rako, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera animatu zuten gizartea.

«19 urteko espetxealdiaren ondoren, Etxeraten bidelagun izan genuen Gloria», oroitarazi zuten bildutakoek. Gernikako akordioan EPPKren ordezkaria izan zelarik ere «Gloriak bere ekarpena egin zion herri honek horren beharrezko zituen fase berrien irekierei», gogoratu zuten. Finean, «bizitza osoko militantea eta bidelaguna izan zen horrenbeste maite genuen eta maite dugun Gloria».

“Puzzlea osatu arte” ekimenari begira jarririk, balorazio positiboa egin zuten. Izan ere, 2.500 pertsona inguru mobilizatu ziren oraindik erregimen itxian zigorra betetzen ari diren presoak dituzten 28 herrietan. «2.500 pertsona inguru izan gara salbuespen lege eta politikak oztopo dituzten euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko antolatu dugun mobilizazioan», esan zuten eta herriaren konpromisoa azpimarratu zuten: «Euskal gizartearen zati handi batek berriz ere erakutsi du iraganera iltzatzen gaituzten gatazkaren ondorioen konponbidean duen konpromisoa. Herri gisa etorkizunera eta elkarbizitza agertokietara begira jartzeko dugun beharra mahai gainean ezarri dugu berriro». Ezin aipatu gabe utzi Auzitegi Nazionalak euskal iheslarien Kolektiboko bozeramaileak deklaratzera deitu izana, hain zuzen ere «Euskal Herrian agertoki berri baten aldeko apustua egiteagatik, horrek euren etxera bidea oztopatzea helburu duela».

Amaitzeko, ekainaren 20an euskal langileriaren gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin batera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten gizartea. «Uda ate joka dugularik, herrietako eta auzoetako jaiak, hondartzetako mobilizazioak, aste nagusietako mobilizazioak gure aldarriak zabaltzeko erreminta bihurtuko ditugu beste behin», iragarri zuten.