Asier ROBLES
BILBO

ELAk XVI. Kongresua abiatu du, «kontrabotere sindikalismoaz harro»

ELAren XVI. Kongresu Konfederalaren hasieran, grebak eta konfrontazio estrategia defendatu zituen Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak. Atzo 1976an onartutako printzipioak eguneratu zituzten. Gaur datozen lau urteetako lan sindikalerako ildo nagusiak definituko dituen ponentzia eztabaidatuko dute, eta Batzorde Eragilea osatu.

ELAk Bilboko Euskalduna Jauregian batu ditu ordezkariak.
ELAk Bilboko Euskalduna Jauregian batu ditu ordezkariak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘‘Langileria antolatu, gizartea eraldatu. Más sindicato, más vida’’ leloarekin abiatu zen atzo Bilboko Euskalduna jauregian ELA sindikatuaren XVI. Kongresu Konfederala.

ELA 104.159 afiliatuekin heldu da kongresu honetara, 2021ekoan baino 3.234 gehiago. Guztira 736 ordezkari deituak izan dira Kongresuan parte hartzera, 344 gizonak eta 392 emakumeak (%53,2). «Horrek ageria uzten du genero berdintasunaren alde egindako apustua», adierazi du sindikatuak. 2008ko kongresuan emakumeen parte hartzea %30,3koa izan zen.

Kongresuko atal teknikoak hasi baino lehen, Gabriel Arestiri gorazarre egiteko tartea hartu zuen ELAk, izan ere, idazlea hil zela 50 urte beteko dira ostegun honetan. Rafa Rueda abeslari eta gitarra jotzaileak Arestiren ‘‘Gizonaren ahoa’’ eta ‘‘Ez naiz isilduko’’ kantak interpretatuz girotu zuen une hori. «Langileriaren poeta izan zen Aresti. Klase pribilegiatuen hipokrisia salatu zuen, eta langileriaren eskubideak defendatu», gogoratu zuen ELAk.

Hainbat sindikatu gonbidatu izan dira kongresuan. Euskal Herriko gehienak, Kataluniako Intersindical CSC, Galiziako CIGa, Espainiako USO, Argentinako CTA Autónoma, Brasilgo UTE, Indonesiako KSBSI, Italiako CGIL eta UIL, Fraatziako CGT, CFDT eta Solidaires, Saharako UGTSARIO... Txalo zaparrada batekin agurtu zuten Palestinako PGFTUko ordezkaria ere.

FAXISMOAREN GORAKADA, DESBERDINTASUN SOZIALAK...

Ondoren kongresuko mahaia egituratu zuten, Irati Bañuelos Ruiz de Erentxun presidentea izanik. Egitaraua azaldu eta egoera orokorraren analisi xumea egin zuen sarrera gisa: «Lan munduan prekaritatea da nagusi, gure hizkuntzaren kontrako oldarraldia areagotu da eta faxismoaren gorakada ikusi dugu. ELAn kezkaz eta haserrez ikusten ditugu diskurtso hauek, baina antolakuntzaz aurre egiten diogu».

Kudeaketa txostena aurkezteko, oholtzara igo ziren Mitxel Lakuntza idazkari nagusia eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoa. Muñoak Euskal Herritik kanpora begira jarri zituen kongresura bertaratutako guztiak, eta nazioartean bost mehatxu nagusi daudela ohartarazi zuen: desberdintasun sozialak, aldaketa klimatikoa, gerrak, migrazio politikak eta ultraeskuinaren gorakada.

Enpresa handien etekinak hazten ari diren bitartean, langile klaseak eskubideen galera bizi duela salatu zuen Lakuntzak. Hiru dira, idazkari nagusiaren ustez, kezka iturri nagusiak: «Pobretze fase batean gobernuek bultzatutako politika neoliberalak, ezkerrak uko egin izana oposizioa egiteari eta politika eraldatzaileak defendatzeari, eta Estatu espainolaren zentralizazio grina».

Politikariei, «herritarren mesedetan baino, enpresa handien interesei begira egotea» leporatu zien. «Orain diru publikoa, langileen dirua, bideratzen ari dira gastu militarrerako, armagintzako enpresa pribatuetara, behar ditugun zerbitzu publikoak suntsitzen dituzten bitartean», gaitzetsi zuen Muñoak.

EAEn, gobernu aldaketa egon bada ere, «interlokuzioa berreskuratzeaz harago» bestelako aldaketarik gertatu ez dela salatu zuten, eta «egiturazko arazoek bere horretan dihardutela».

Ezkerrari dagokionez, Elkarrekin-Podemosek EAJrekin eta PSErekin adostutako «sasi erreforma fiskala» salatu zuen Lakuntzak. EH Bilduri leporatu zion «ez duela alternatiba eraldatzailea defendatzeko konpromisorik». Horren aurrean, konfrontazio demokratikoaren alde egin zuen ELAko idazkari nagusiak, «hori baita da funtsean politika, interes ezberdinen arteko konfrontazioa».

«HITZARMEN HOBEAGOAK, GREBARI ESKER»

Muñoak txalotu zuen kongresu arteko epe honetan Euskal Herrian nabarmen gora egin duela mobilizazioak. «ELA harro dago kontrabotere esparru honen parte izateaz», esan zuen. Lakuntzak ere grebaren indarra azpimarratu zuen: «ELAk hitzarmen gehiago eta hobeak lortzen ditu, greba egiteko gaitasuna duelako». Sindikatuak eskainitako datuen arabera, 2023an ELAk sinatutako hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %5,76koa izan zen, ELAk sinatu ez zituen hitzarmenetan, aldiz %4,17koa.

Aitor Estebanek berriki egindako adierazpen batzuen aurka -berak zioen ELAk ez daukala gaitasunik akordioetarako iristeko-, Lakuntzak gogorarazi zuen ELA dela hitzarmen gehien sinatzen duen sindikatua. Batez beste, 250 gora hitzarmen urtero, baieztatu zuenez.

Bide beretik, ELA Euskal Herriko sindikatu nagusia dela gogoratu zuen Lakuntzak, honek ematen dion «zilegitasuna» nabarmenduz. %35,79ko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian. EAEn %40tik gorakoa eta Nafarroan %23.

Gainera, sindikatuak irabazitako hainbat sententzia aipatu zituen: Novaltia, greba eskubidea urratzeagatik; etxeko langileei langabezia eskubidea aitortzea; ama bakarren baimenak luzatzea; eta hainbat kasutan emakumeen aurkako diskriminazioa frogatzea. Iberdrola, Amazon edo Mercadona bezalako multinazionalen aurka irabazitako sententziak ere eredutzat hartu zituen.

Arratsaldean, Federazio eta Eskualdeetako ordezkariek hitza hartu zuten Kudeaketa Txostena baloratzeko.

Gainera, ELAk Eibarren egin zen 1976ko III. Kongresuan onartutako printzipioak eguneratzeko bozketa egin zuen. Printzipioak Euskal Herri burujabe, feminista, euskaldun, sozialista, anitz eta solidario baten alde lan egiteko gonbidapena dira.

GAUR, AMAIERA

Kongresua gaur bukatuko da. Egunari hasiera emateko, datozen lau urteetako lan sindikalerako ildo nagusiak definituko dituen ponentzia eztabaidatu eta bozkatuko da. Kongresuak datozen lau urteetan Batzorde Eragilea osatuko duten pertsonak aukeratzeko ere balioko du.