Markel GARZON
BILBO

Kale saltzailea defendatu zuen andreak: «Ez nuen poliziarik jo»

Emakume bat epaitu zuten atzo, Bilbon kaleko saltzaile baten atxiloketa eragozten saiatzeagatik. Ez zen akordiorik lortu, eta udaltzainetako bat ordezkatzen duen akusazio partikularrak hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen. Fiskalak, berriz, urtebetekoa.

Dozenaka lagun bildu ziren, auzipetuari elkartasuna adierazteko.
Dozenaka lagun bildu ziren, auzipetuari elkartasuna adierazteko. (Juanan RUIZ | FOKU)

2023ko abuztuan Bilboko Kale Nagusian bi udaltzain kale-saltzaile bat atxilotzen ari zirela, emakume bat hori eragozten saiatu zen; atzo epaitu zuten 3. Zigor Epaitegian. Ez zen akordiorik lortu; beraz, epaiaren zain geratu zen kasua.

Akusazio partikularrak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen emakumearentzat, «lesio eta atentatu delituak» egotzita. Horrez gain, 3.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatu zion auzipetutako andreari. Fiskalak, berriz, urtebeteko zigorra, 2.000 eurotik gorako isuna eta 2.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatu zituen emakumearentzat.

Hiru ordu laurdeneko epaiketan hiru udaltzainek, bi mediku forentsek eta testigu batek deklaratu zuten. Ema- kumeak berretsi zuen berak ez zuela udaltzainik jo, eta abokatuak bideo bat proiektatu zuen froga gisa. «Bideoak egiaztatzen du udaltzainak esandakoa ez dela egia; ostikada bakarra egon zen eta ez zuen inolaz ere agenterik harrapatu», defendatu zuen emakumearen abokatuak. Horrez gain, abokatuak esan zuenez, deklaratu duen lekuko bakarraren testigantza ez da- tor bat Poliziaren bertsioarekin. Auzipetutako emakumea ere mintzatu zen epaiketa amaitu ostean, eta bere absoluzioa defendatu zuen: «Epaiketa honetan ni izan naiz egia esan duen bakarra».

«POLIZIAREN EGITURAZKO ARRAZAKERIA»

Manteroekin Bat plataformak elkarretaratzea egin zuen atzo goizean Bilboko Justizia Auzitegiaren atarian, epaiketa hasi aurretik. Dozenaka lagun bildu ziren emakumeari elkartasuna eta babesa adierazteko.

Manteroekin Bat-eko bozeramaileak azaldu zuen kale-saltzaileen aurkako polizia-abusu arrazistak «gero eta ohikoagoak, neurrigabekoak eta ugariagoak» direla Bilbon. «Salgaiak eta norberaren gauzak konfiskatzen dizkiete (mugikorra, pasaportea, giltzak eta gainean duten dirua). Gainera, behin baino gehiagotan eramaten dituzte atxilotuta, gaua ziegetan pasarazten diete, eta gero epaituak izaten dira», gaineratu zuen plataforma antirrazistak.

Gauzak horrela, Manteroekin Bat plataformako kideak aitortu zuen bilera batzuk izan dituztela egungo udal gobernuko arlo ezberdinetako ordezkariekin, egoera horien aurrean duten kezka adierazteko asmoz. Hala eta guztiz ere, «Administrazioaren isiltasuna eta errepresio handiagoa» jaso dutela adierazi zuten.

Horren aurrean, jakinarazi zuten mozio bat aurkeztuko dutela Bilboko Udaleko osoko bilkuran, poliziaren esku-hartze horien «basakeria eta indarkeria» salatzeko eta instituzioetako eta funtzionario batzuen «jarrera arrazistak» amai daitezela eskatzeko.