Nafarroako nekazariek 28 milioi galduko dituzte, EHNEren arabera
EHNEk atzo gaitzetsi zuen Nafarroako nekazariek 28 milioi euro galduko dituztela uzta honetan. «Ezohiko uzta honek prezio barregarriak ekarriko ditu, ekoizpen kostuen azpitik; beraz, Elikatze Katearen Legea urratuz», aditzera eman zuen nekazaritza sindikatuak.

EHNEk ohartarazi duenez, Nafarroako nekazariek 28 milioi euro galduko dituzte «aparteko» uzta honetan. Nafarroako zerealaren berehalako uztari buruz argitaratutako informazioen aurrean, «non aipatzen den 930.000 tonako kopurura iritsiko garela», sindikatuak ñabardura batzuk egin zituen atzo. Izan ere, haren aburuz, zabaldutako «tonu baikorrak» «ez dio errealitateari erantzuten». «Egia esan, ezohiko uzta horrek prezio barregarriak ekarriko ditu, gure sindikatuaren ustez, ekoizpen kostuen azpitik, Elikatze Katearen Legea urratuz, beraz», adierazi zuen nekazaritza sindikatuak.
Oharrean dioenez, «garagarraren prezioa tona bakoitzeko 180 euro ingurukoa bada eta kostuak 210 badira, 30 euroko galera izango dugu». Gariarekin antzeko zerbait gertatzen da: «Aurreikusten diren prezioak 200 euro ingurukoak dira, eta kostuak, 240 eurokoak; beraz, galerak 40 eurokoak izango dira tona bakoitzeko».
Kontuak hala, «zifra horiek estrapolatuz eta Nafarroan aurreikusitako 930.000 tona zereal bilduko direla suposatuz», EHNEk irizten dio nekazarien kontuetan «gutxienez 27,9 milioi euroko balantze negatiboaz» hitz egin litekeela.
UKRAINAKO GERRA
Ildo honetan, Errusia eta Ukraina arteko gatazkarekin zerikusi zuzena duten arazoak aipatu ditu. Alde batetik, oharrean esan zuenez, Europako Batasunak Errusiako eta Bielorrusiako ongarrien muga zergak igotzea onartu du, 2025erako tona bakoitzeko 40 euro, eta 2028rako 430 euroraino iristeko. «Neurri horrek eragina izango du sektorean, eta sektoreak ezin ditu ekoizpen kostuak bere gain hartu», dio.
«Horri gehitu behar zaio Ukrainak 2030ean EBn eskubide osoko kidea izateko aukera izan lezakeela, eta horrek «Europako gainerako zerealisten hilzoria» ekarriko luke.
EHNEren esanetan, bi erabaki hauek «gure zereal sektorean eragin zuzena izango dute». Beraz, Estatu espainoleko nekazaritza sindikatuek Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari Ukrainako zerealaren inportazioak mugatzeko eta sektorerako premiazko laguntzak aktibatzeko eskatu diote.
«Ukrainarekin merkataritza akordioa berehala berrikus dadin eskatu dugu», adierazi eta hainbat eskari zerrendatu ditu, hala nola «garia eta garagarra sartzeko mugak ezartzea, Europako ekoizlearen biziraupena ahalbidetzeko»; Estatuko zerealistentzat berariazko laguntza lerro bat abian jartzea, «Europako beste herrialde batzuetan egin den bezala»; zuzeneko laguntza bat aktibatzea, ongarrien gainkostua konpentsatzeko, «kanpaina honetan erositakoak barne»; eta «muga zergek eta nekazariak itotzen ari diren beste kostu batzuek eragindako prezio igoera gehiegizkoak arintzeko neurriak», nekazariak itolarrian baitira.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
