Plazer estetikoa, baina distantzia emozionala

Wes Anderson ezagutzen duzuenek jakingo duzue haren film bat ikustera zoaztenean zer topatuko duzuen: konposizio simetrikoak, kolore sorta zainduak, dekoratuak diruditen agertokiak, pertsonaia eszentrikoak, elkarrizketa lehor eta ironikoak, kapituluetan banatutako egitura eta abar.
Bada, bere film berrian hori guztia dago. Dena den, Andersoni -narratiboki- zerbait gehiago eskatzeko unea iritsi da, azken lanetan gehiegi errepikatzen ari den sentipena uzten baitu.
Film berria 1950eko hamarkadako Europako gerraostean girotuta dago. Zsa-zsa Korda enpresaburuak (Benicio del Toro) alaba moja (Mia Threapleton) oinordeko izendatuko du, eta biak bidaia arriskutsu batean murgilduko dira oligarken, espioien eta hiltzaileen mehatxuen artean.
Andersonen estilo bisual bereizgarria eta satira politikoaren eta drama familiarraren arteko narrazio fina uztartzen ditu filmak, eta bere zinemak jariatzen duen izaerari leialtasun osoz eusten dio. Bisualki hitzik gabe uzten duen eszenaratzea erabiltzen du, eta plazer hutsa da zinemagilearen lan bakoitza behatzea. Ekoizpen diseinua hamarrekoa da. Gozamen hutsa da bere munduan galtzea.
Hala ere, narratibari dagokionez, gidoia nahasgarria eta zatitua da, eta horrek pertsonaiekin eta tramarekin lotura emozional sakon bat sortzea oztopatzen du. Dena hain neurtua eta perfektua denez, alde emozionala apur bat lausotu egiten da, eta, batzuetan, filmaren bihotza urrun sentitzea eragiten du.
Finean, esan behar dut hau ez dela bere lanik onena, baina Wes Anderson bezalako zinemagile gehiago egongo balira, zinemaren mundua kolore eta soinuz beteriko lorategi zabal eta biziago bat izango litzateke. Ez duzue uste?

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
