Sheridan Le Fanuren «Carmilla» banpiro literaturako klasikoa, euskaraz
Maialen Berasategik euskarara ekarri du Sheridan Le Fanuren ‘‘Carmilla’’ eleberri klasikoa, Erein eta Igela argitaletxeek sustatutako Literatura Unibertsala bilduman.

Banpiro literaturaren aitzindaritzat hartzen da ‘‘Carmilla’’, Sheridan Le Fanu idazle eta kazetari irlandarrak idatzia. Igela eta Erein kudeatzen ari diren Literatura Unibertsala bildumari esker, orain euskaraz ere irakur daiteke, Maialen Berasategik itzuli baitu.
Liburua atzo aurkeztu zuten Donostian. Inazio Mujika editorea izan zen hitza hartzen lehena, autorea bera aurkezteko. Besteak beste, gogora ekarri zuen Le Fanu Dublinen jaio zela 1814an eta 1873an zendu zela, aita irlandar elizako apaiza zuela, Trinity College entzutetsuan Zuzenbidea ikasi zuela eta gazterik hasi zela zenbait literatura aldizkaritan kazetari lanetan. Kontakizun gotikoak argitaratzen hasi zen orduan, izua eragitekoak gehienak. Hil baino urtebete lehenago argitaratu zuen ‘‘Ispilu ilun batean’’ (‘‘In a Glass Darkly’’), bost kontakizuneko bilduma, eta horietako bat da ‘‘Carmilla’’, idazlearen kontakizunik ezagunena.
«‘‘Carmilla’’ hartzen da banpiroak protagonista dituen literaturaren aitzindaritzat», nabarmendu zuen Mujikak. Izan ere, Bram Stokerren ‘‘Drakula’’ baino 25 urte lehenago idatzia da. Eta kontakizunaren nondik norakoak ere aipatu zituen: aitarekin batera Austriako Estiria eskualdeko gaztelu bakarti batean bizi den Laura da protagonistetako bat. Egun batean zalgurdi batek istripua izango du gaztelu atarian, eta bertan doan Carmilla gaztea, zauriturik dagoenez, gazteluan geratuko da. «Harreman bat sortuko de Lauraren eta Carmillaren artean, erakarmen sentsual handi bat», aurreratu zuen.
PAISAIA PINTORESKOAK
Sarrera eginda, Berasategi mintzatu zen, liburuaren gaineko xehetasun gehiago emateko. Liburua nobela labur edota kontakizun luze bezala har daitekeela esan zuen, eta Austriako bihotz berdean girotuta dagoela zehaztu, herrixka pintoresko batean. Azaldu zuenez, aitaren lanbideagatik eskualdeko hainbat herrixka ezagutu zituen Le Fanuk, paisaia pintoreskoetan hezia izan zen. «Hango paisaietan, gaur gotikotzat jotzen ditugun horietan inspiratu omen zen bere istorioak idazteko. Haren unibertso gotikoa inguruko bizitzatik hartua da», esan zuen.
Alde horretatik, kontakizunaren eszenatoki den gazteluaz ere jardun zuen. «Gaztelua da denok buruan dugun gaztelu hori, dorre eta dorretxoekin, zubi altxagarriarekin, bide sigi-sagatsua inguruko baso sarrian ezkutatzen dena...», deskribatu zuen, eta bertan aita-alabek bizimodu patxadatsua daramatela aipatu zuen, «patxadatsuegia, agian, Lauraren gaztetasun irrikatsurako».
Izurri misteriotsu baten eraginez emakumezko asko hiltzen ari diren zurrumurrua iritsiko zaie eta, hain justu, une horretan sartuko da beren bizitzetara Carmilla. «Istantean Laurari eta neska iritsi berriari elkarren oroitzapen lauso bat piztuko zaie, eta elkarrenganako lilura bizi bat ere bai, nahiko siniestroa», aurreratu zuen Berasategik.
Kontakizuna Bram Stokerren ‘‘Drakula’’-rekin ere alderatu zuen itzultzaileak. «Alderik nabarmenena banpiroaren izaera bera da. Le Fanuren banpiroa da giza eite nahiko normaleko kreatura, itxuraz nahiko xaloa, ahula, gaixobera, ezin ederragoa eta emakumezkoa, noski. Pertsonaia anbiguoa da, toles handikoa eta kontraesanez betea», deskribatu zuen.
Kontrara, Stokerrena «tradizio zaharragoko edo tipikoagoko banpiro munstro gizonezkoa» dela esan zuen, «eta nik ez dizkiot horrenbeste toles ikusten».
Banpiroa emakumezkoa izateaz gogoeta ere egin zuen Berasategik, Le Fanuren hautua ez zela ausazkoa izango ondorioztatuz.
«Bi protagonistak emakume desiratu eta desiragarriak dira, eta biak dira desiratzaileak. Nahiko subjektu aktiboak dira, eta garai hartan desiraren irrika erakusten zuten emakumeak ez zeuden ondo ikusiak», adierazi zuen.
Gaurko optikatik begiratuta, desira homoerotiko hori «apurtzailetzat» har badaiteke ere, emakumezkoen «sasiamodioak» garaiko literaturan ohikoak zirela ohartarazi zuen, «benetako maitasuna» gizonezkoei erreserbatua baitzegoen.
«Erraz lerra gaitezke begiratzera banpiro honen perbertsioa askapen gisa planteatuta dagoela. Halaxe iradokitzen dute istorio honen inguruan egin diren hainbat egokitzapenek, eta ez da zilegi interpretazio hori, baina guztiz kontrakoa ere interpreta daiteke: autorearentzat anomalia bat dela. Deuseztatu beharreko izurri bat», ondorioztatu zuen.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
