Azoka ibiltaria, herritarrengan ekintza klimatikoa sustatzeko ekimena
Ihobe sozietate publikoak eta Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako KLIMA azoka ibiltaria geldialdiak egiten ari da ekaineko jaialdi eta ekitaldi handietan, esperientzia parte hartzaile eta hezitzaileen bidez erronka klimatikoen eta energetikoen inguruko hausnarketa sortzeko eta ohitura jasangarriagoak sustatzeko.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak antolatutako azoka ibiltariak maiatzaren 25ean hasi zuen aurtengo ibilbidea, Galdakaon antolatutako Bizkaiko ikastolen festa handiaren ospakizunean, eta pasatu den asteburuan Urduñan izan zen Euskal Eskola Publikoaren jaian.
Ekainean KLIMA azokak geldialdiak egingo ditu Irunen, asteburu honetan egingo den Bioterra azokan, eta Olarizuko zelaietan ekainaren 15ean egingo den Araba Euskaraz jaialdian. Horrela, ekimen honek EAEko udalerri eta ekitaldi enblematiko ugari zeharkatuko ditu, herritarrengan ekintza klimatikoa sustatzeko, esperientzia parte hartzaileen eta hezitzaileen bidez.
Aurten ere klima aldaketaren erronkari aurre egiteko euskal herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko funtsezko ekimen gisa sendotu da KLIMA azoka. 2023an lehen aldiz egin zenetik, azoka ludiko eta ibiltari honek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri eta jaialdi ugari zeharkatu ditu, herritarrak ekintza klimatikora gerturatuz.
Azokaren helburu nagusia biztanleria ahalduntzea eta klima aldaketaren aurkako borrokan erantzukidetasuna sustatzea da. Azokak osagai dituen karpa tematiko, jolas, dinamika eta erronken pasaporte bati esker, KLIMA azokak eguneroko ohiturei buruz hausnartzera gonbidatuko du, bai eta gizarte jasangarriago baterako bidean bat egiten duten ekintza txikiekin konprometitzera ere.
Guztira, zazpi karpa izango ditu, eta horietan ingurumen gai desberdinak jorratuko dira, hala nola klima aldaketaren arrazoiak, energia, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa, lurzoruaren babesa eta ikuspegi pertsonaletik aldaketari nola egin dakiokeen ekarpena. Azken helburua da pertsona bakoitzak erronka bat bere gain hartzea, eta ekintzaren batekin konprometitzea.
2025EKO EDIZIOA
KLIMA azoka Ibilaldian hasi zen, Bizkaiko ikastolen urteroko hitzordu handian, maiatzaren 25ean. Jai horrek aurten Galdakaon egin du bere 47. edizioa. Milaka pertsona euskararen eta euskal kulturaren inguruan biltzen dituen jai eta hezkuntza ekitaldi hori izan da ibilbidearen abiapuntua. Ondoren, ekainaren 1ean Urduñan antolatutako Euskal Eskola Publikoaren jaira joan zen.
Ekainean euskal hezkuntza eta gizarte egutegiaren beste mugarri batzuetan jarraituko du: Irunen egingo den Bioterra azoka (ekainaren 6tik 8ra) eta Olarizuko zelaietan egingo den Araba Euskaraz (ekainaren 15ean).
Hitzordu horiek guztiek kultura, hezkuntza eta jasangarritasuna sustatzea dute helburu, baina, horretaz gain, ekintza klimatikoa familiei, gazteei eta publiko orokorrari hurbiltzeko topagune aproposak ere badira, jasangarritasuna euskal erreferentziazko ospakizun herrikoietan txertatuta.
Aurreko urteetako esperientziak KLIMA azokaren eragin positiboa bermatzen du: 5.000 pertsona baino gehiago izan ziren 2024ko azokan, eta balorazio bikaina lortu zuen bisitatu zuten herritarren aldetik: 5etik 4,74ko batez besteko gogobetetze puntuazioa eta 5etik 4,66ko inpaktua ingurumen kontzientziazioan. Emaitza horiek berresten dute proposamena eraginkorra dela erronka klimatikoen eta energetikoen inguruko hausnarketa eta konpromisoa sortzeko eta ohitura jasangarriagoak hartzeko.
Babes horrekin, kopuru horiek mantentzeko eta are gainditzeko asmoarekin aurre egingo dio KLIMA azokak 2025. urteari, eta herritarrak gonbidatzen ditu jardueretan parte hartzera, jai herrikoiez gozatzera eta etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egitera.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
