GARA
BAIONA

Erretretaren erreformaren kontra, karrikara atera dira Baionan

CGT64, FSU 64 eta FGR FP sindikatuek deituta, manifestazioa izan zen Baionan, frantziar Asanblea Nazionalean atzo eztabaidatu zen erretiroen erreforma-legea salatzeko. Herritarren presioaren bidez, erretreta hartzeko adina 64 urtera igotzearen kontra agertu ziren bertan, langile guzientzat erretreta duin bat aldarrikatuz.

Lapurdiko hiriburuko manifestarientzat argi zen: «Erreforma injustua eta atzerakoia da, batez ere emazteentzat eta lan-bizitza gogorra duten pertsonentzat. Erretreta duin bat ez da pribilegio bat, eskubide bat baizik».

KARRIKAK HARTZEN JARRAITU

Antolatzaileen hitzetan, borrokak aitzina jarraitzen du. «2023an, milioika langile mobilizatu ginen greba eta manifestazioetan frantziar Gobernuak inposatutako erretreten erreformaren kontra, eta orain, 2025ean, borroka horrek indarrean jarraitzen du. Erreforma bertan behera utzi arte eta erretreta 60 urtetan hartzeko eskubidea berreskuratu arte, karrikara ateratzen segituko dugu».

Erretiroa 64 urtera gibelatzearen indargabetzea eta pixkanaka 60 urtera itzultzeko beharra aldarrikatu zuten, lansariaren %75arekin. Aldi berean, demokrazia errespetatzeko exijitu zuten, gizartearen gehiengoak, kasik %70ek, erreformaren kontra jarraitzen duela azpimarratuz.