Frank O’Hara eta Oscar Milosz, bi poeta arras desberdin euskarara itzuliak
Oso desberdinak dira Frank O’Hara eta Oscar Milosz, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumarako Beñat Sarasolak eta Patxi de Vicentek euskaratu dituzten azken bi egileak. New Yorkeko kosmopolita kanpozalea, bata; errorik gabeko barnezale eta mistikoa, bestea.

Frank O’Hara eta Oscar Milosz dira Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumak jasotzen dituen azken egileak; 54. eta 55. zenbakiak dira horien lanak, Beñat Sarasola eta Patxi de Vicente itzultzaileek euskaratu dituztenak.
Iruñean egin zuten aurkezpenean Susako Isabel Etxeberria editoreak nabarmendu zuenez, arras desberdinak dira O’Hara eta Milosz. Estatubatuarra zen bata eta frantsesez idazten zuen jatorri lituaniarrekoa, bestea. O’Hara kanpozalea zen, poesia jostaria idazten zuena, bizitza eta mundua ospatzen zituen horietakoa. Milosz, berriz, barnezalea, Lituaniako gaztelu batean hazitakoa eta bakarzalea zen, iraganari begiratzen dioten eta bizitzaren zentzua bilatzen duten horietakoa.
Miloszen lanak ez dira orain arte euskaratu; O’Hararen aipuak, berriz, Sarasolak idatzitako “Coca-Cola bat zurekin” eleberrian azaltzen dira.
«Erronka ederra hartu dute bi itzultzaileek. Itzulpen lan exijentea izan da eta emaitza bikaina izan da», nabarmendu zuen Etxeberriak.
NEW YORKEKO POETA
New Yorkeko kultur giroa, gehienbat zuria, islatzen du O’Harak bere poesian, Sarasolak azaldu zuenez. Baltimoren jaio bazen ere, New Yorken errotu zen Bigarren Mundu Gerran armadan aritu eta Harvardeko Unibertsitatean ikasi eta gero. MOMA museoko komisarioa izan zen, sarrerak saltzen hasi zelarik. Surrealismoaren kutsua izan zuen bere lanak hasieran, «poesia okasionala» delakoa sortu zuelarik. Eguneroko ekintzetan oinarritzen zen, gehienetan gauza hutsaletan.
Poesia sakonaren aurrean, azalekoaren garrantzia nabarmentzen zuen Frank O'Harak. Nitasuna agertzen da bere obran, baina ez da transzendentala, Sarasolak adierazi zuenez. Lagunak, maitaleak, artea, musika eta zinema dira bere lanetan jorratzen zituen gaietako batzuk.
1960an Bartzelonatik Parisera joan zen trenez eta poemetako batean Euskal Herria zeharkatu zuela aipatzen du, baina oso zeharka, erreferentzia zuzenik egin gabe.
BAKARDADEA ETA MISTIZISMOA
Milosz «tipo bitxia» zela esan zuen De Vicentek. «Poeta, filosofo eta metafisikarekin lotutako bisionarioa izan zen», gaineratu zuen.
Idazle baten bizitzak eta lanak lotura estua dutela nabarmendu eta Miloszen poesia ulertzeko haren bizipenen berri izan behar dela esan zuen itzultzaileak. 1877. urtean jaio zen egun Bielorrusia den hiri batean, baina bere burua lituaniartzat jotzen zuen. Ama-hizkuntza poloniera zuen eta jatorri judua ere bazuen. «Toki askotakoa zen, baina inongoa ez. Honek sustrairik gabeko nortasuna eragin zion», azaldu zuen De Vicentek. Lituania Errusiar Inperioaren parte izateak eta, ondoren, Sobietar Batasunaren eskuetara pasatzeak erro falta areagotu zion, herrimina eta haurtzaro-mina indartuz.
Gurasoekin izan zuen harremana ere biziki bitxia izan zen. Jatorri aristokratikoa zuen eta hezkuntza eta harremanetan hoztasuna zuen ezaugarri. «Abandonatuta sentitzen zen». Sentsazio hori ulertzeko, txikitan gurasoak astean behin baino ez zituela ikusten kontatu du itzultzaileak. Igandeetako bazkalorduan izaten zen hori, eta gehienetan liskarrak izateko.
1914an bisio mistikoa izan zuen Miloszek eta bere lana erabat itxuraldatu zen, metafisikara joz. Errealitatea, zientzia eta erlijioa uztartzen saiatu zen. Denbora, espazioa eta mugimenduaren arteko harremanak aztertu zituen, modu metafisikoan erlatibitatearen teoriaren planteamenduak aurreratuz.
Metafisikan «bisionario» izate hori azpimarratu nahi izan zuen De Vicentek, Bigarren Mundu Gerra aurreikusi zuela gaineratuta. Adolf Hitlerrek gatazka hartan hartu zituen lehen erabakiak, zein herrialde inbadituko zituen, zein eraso planifikatuko zituen, aurreikusi zituen. «Aurreikus zitekeen? Beharbada bai, baina Miloszek egin zuen», nabarmendu zuen.
Emakumeekin ere harreman zaila izan omen zuen Miloszek. Alde batetik, perfekzioarekin lotzen du, baina bakarti hutsa zen. Ez zuen harremanik izan. Izandako saiakerak amak zapuztu zizkion. Emakumea sinbolo bilakatu zen berarentzat.
Horrekin batera, De Vicentek Milosz surrealismoaren aitzindari izan zela esan zuen eta, estiloari dagokionez, esaldi luzeak eta oso enfatikoak idazten zituela, bokatiboa asko erabiliz.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
