AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

«Lorategi bat soinean», gizakiak naturari dion miresmenaren isla

Naturak eta gizakiak eskutik helduta egin dute bidea historian zehar, baina zenbait arotan harreman hori estuagoa izan da. San Telmo museoak ireki berri duen «Lorategi bat soinean» erakusketak XVIII. mendean botanikak sortzen zuen miresmena eta, erakusketako komisario Gema Batanerok esan bezala, «natura gertuan edukitzeko, gorputzean eramateko» zegoen nahia erakusten du. Madrilgo Trajearen Museoarekin batera ondu dute.

Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean gertatu ziren aldaketak ditu ardatz erakusketak.
Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean gertatu ziren aldaketak ditu ardatz erakusketak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ehunak, ontziteria, pinturak eta batez ere jantziak. Eta guztiak lorez josiak. Hori aurkituko du uda honetan San Telmo museoa bisitatzen duen oinezkoak. XVIII. mendean, Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean gertatu ziren aldaketa kultural sakonen eta natura -eta bereziki botakina- zenbateraino miresten zen agertzen du ‘‘Lorategi bat soinean’’ erakusketak.

Ekimen honen oinarria berez ez da berria, 2024an izen bereko erakusketa -‘‘Vistiendo un jardín’’, gaztelerazko izenburua- osatu eta inauguratu baitzuen Madrilgo Trajearen Museoak. Donostian ikusgai jarri duten hautaketa, ordea, osatu egin dute San Telmo museoaren funtsekin. Hala, Madrilgo museoaren 76 pieza eta Donostiakoaren 23 ikusi ahalko dira, eta horien osagarri Estatu espainoleko beste zenbait museok utzitako piezak daude; esaterako, Balenciaga museoaren bat: strass kristalez brodatutako soinekoa, jostun getariarrak 1960an diseinatua. Ez da euskal lagin bakarra; Fernando Lemoriez donostiarrak 2006an kotoizko lore artifizialekin osatutako soineko bat eta Modesto Lomba gasteiztarrak Devota & Lomba markapean 1992-1993ko udazken-neguko bilduman aurkeztu zuen voile artile estanpatuzko bat ere biltzen ditu. Hiru pieza hauek erakusketaren oinarria den aro historikotik urrun daude baina, azaldu zutenez, gizakiak historikoki naturari izan dion miresmen eta beharraren adierazle dira. Denera, 148 pieza jarri dituzte ikusgai, guztiak ere lore motiboak dituztenak.

Susana Soto Donostiako museoko zuzendariak azaldu zuenez, erakusketak Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzan sortu ziren lore motiboen bilakaera aztertzen du nagusiki. «Garai hartan gizakiak mundu naturalarekin zuen harremanean gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla bihurtu ziren lore irudikapen horiek. Era berean, merkataritza trukeen eta aurrerapen teknologikoen eraginak gurutzatzen dira ideia artistikoetan, eta horiek nola iristen diren modara ere erakusten du».

PIEZAK ELKARRIZKETAN

Helena Lopez de Hierro Trajearen Museoko zuzendariak gaineratu zuen erakusketaren bidez uler daitekeela Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean naturaren kontzeptua bera ulertzeko era nola eraldatu zen, eta pozik azaldu zen Madrilen aurkeztutako erakusketara pieza berriak gehitzeko aukera izan dutelako, bere iritziz, horrek hausnaketa berriak egiteko parada ekarri baitie. «San Telmoko piezekin elkarrizketa bat ireki da eta, horri esker, 23 konjunto osatu ahal izan dira», azaldu zuen.

Bestetik, erakusketako komisario Gema Batanerok erakusketaren oinarrian dagoen ideian jarri zuen arreta. «Kultura guztietan dagoen naturaren adierazpen hori zen gure abiapuntua, natura gertu edukitzeko behar hori, gorputzean eramatekoa, eta, beraz, modan izan duen presentzia. XVIII. mendean modaren loraldi bat bizi izan zen, literalki, baina, zergatik? Erakusketa honek, hain justu, hori aztertzen du», zehaztu zuen. Interes horretan zientziaren garapenak eta naturaren idealizazioak eragina izan zutela azaldu zuen komisarioak, bai modan, baita bestelako arte adierazpen batzuetan ere, «elkarrekin lotutako ekosistema» bat osatu baitzuten.

‘‘Lorategi bat soinean’’ erakusketa irailaren 28ra arte bisitatu ahal izango da Donostiako museoan, eta, ohi bezala, hitzaldiak eta tailerrak ere egingo dira. Lehena, ekainaren 10ean, Batanerok berak eskainia, eta bigarrena Maria Teresa Telleriaren eskutik, ekainaren 17an (biak 19.00etan).