Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Elkarrizketa
Anaiz Funosas
Bake Bidea elkarteko lehendakaria

«Prozesuan atzeraezin bihurtu dugun urrats bakoitzak herri egin gaitu»

Euskal Hirigune Elkargoak Baionan duen egoitzan eginiko foroan, Bake Bideak bere ibilbidearen amaiera iragarri zuen atzo, horren xedea «lurraldearen erronkak erdigunean ezarriko dituen etapa politiko bati ekarpena egitea» delarik. Bere lehendakari izandakoak emozioz eta arduraz beteriko lanari begiratua eman dio, Kazeta-ri emandako elkarrizketan.

(Argazkiak: Patxi BELTZAIZ)

Engaiamendua, elkartasuna, ardura kolektiboa, lurraldearekiko atxikimendua... Funosas, 46 urte bete eta biharamunean, azken hamarkadan jorraturiko ibilbideaz mintzatu zaigu. Elkargoan bildutako ehun bat pertsonalitate politiko eta gizarte eragileren aldetik jaso zuen aitorpena opari ederra izan zuen.

Nola eta zergatik hartu duzue erabakia?

Jon (Parot) eta Jakes (Esnal) aske atera zirenean, 2022an, eraman genuen lehendabiziko gogoeta bat. Bagenekien Ipar Euskal Herria presorik gabeko eszenatoki batean sartuko zela. Hamargarren urtemuga kari antolaturiko foroan, bestalde, ondoko xedeak markatu ziren: memoria, biktimak eta sufrimendu ororen aitortza. Atal horiek funtsezkoak dira, baita gatazkaren muina ere.

Hautetsiek aipatu dituzte, bestalde, helburu orokorrak: euskararen egoerari eta lurraren eta etxebizitzaren arazoari erantzutea, Ipar Euskal Herriak konpetentzia gehiago eskuratzea. Bakea sendotzeko, konponbidearen ikuspegitik, garrantzi handia duten gaiak markatu dituzte agendan.

Desobedientzia zibileko ekimen erreusitutik abiatu da etapa bat ixteko gogoeta.

Blokeatze Eguna egin eta biharamunean, oraindik ere indar gehiagorekin azaleratu genuen gogoeta bat: ezin da mendekuan oinarrituriko etxeratze prozesu bat garatu. Era berean, argiki erraten dugu ez dela posible Ipar Euskal Herrian bakea egonkortzea, ez badugu gogoeta propioa zabaltzen gertatukoaren inguruan. Ezinbestean, lurraldeari loturiko xedeak, hemendik goiti, indar osoz lehen lerroan eman behar dira. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak 2040. urteari begira abian emandako prospektiba martxan da, baita erakunde bilakaerari buruzko beste ekimenak ere. Erranen nuke gure erabakia sintonian dela martxan diren hainbat gogoeta gunerekin. Dinamika ezberdinek erakusten dute hemen badagoela lurralde bizia, gogotsua, biharko Euskal Herria irudikatzeko eta aitzina jotzeko bidea egiteko prest.

Aietetik harturiko lekukoa pasatzeko tenorea dela sentitu duzue?

Naturalki heldu gara erabakira. Baldintzak sortzen lagundu dugu eta hemendik aitzina hainbat auzi bideratu behar dira, eta horrek tresna berriak plantan ematea eskatuko digu herri bezala. Etapa politiko bat hesten da, eta Bake Bidea desegin baino, ekarpena egiten dio denbora berriari. Azken konferentzia honetan berriro engaiatu gara, adierazpen batekin, bake iraunkor horren alde. Hori da, ene ustez, lekukoa pasatzeko modurik onena.

Zure hitzek aditzera ematen dute zuk zeuk lasaitasuna sentitu duzula.

Lasaitasunarekin, eta satisfazio batekin, hesten dugu etapa hau. Aldebakartasunetik, herrian sinetsiz eta estatuak urratsak egitera behartuz: horrela egin dugu bakearen bidea azken hamar urte hauetan. Baldintzak zinez zailak ziren, eta horrela antolatzen den prozesu batean perfekziorik ez dago. Baina gaur, harrotasun xume batekin bada ere, erran dezakegu: presoen etxeratze prozesu bat eta armagabetze bat garatu ditugu herriaren sostenguz.

Nazioarteko eragileak eta hautetsiak funtsezko bidelagunak izan dira zuentzat?

Sekulako garrantzia izan dute. Etengabe haien sostengua sentitu dugu. Abiatzeak berak, Aieteko Konferentzian, a zer aitortza maila bildu zuen! Kofi Annan, Pierre Joxe, Gerry Adams... Eta haien babespean, Euskal Herri osoko eragileak. Bakegile aktibo izateko zilegitasuna jaso dugu.

Espero al zenuten ondoren egindakoa?

Konfiantza genuen, militanteak ginen, bakoitza bere alorrean, baina aitor dezagun: bake prozesuaren ezagutzarik ez genuen. Hortaz, klabea izan da jasotako babesa. Egia erran, lana ez da abiatzen Bake Bidea sortzen denean, 2012an; hemen jada ezinegon bat bazen, 2010eko ziklo errepresiboarekin gogaituak ginelako.

Kalaka operazioa, Aurore Martinen kontrako euroagindua... testuingurua latza zen.

Frantses Estatuak bere tresnekin aktibatu zuen lerro errepresiboa nola ulertu? Ba guk hau iradoki genuen: asumitzen zuen Iparraldea ere gatazka politiko baten eszenatokia zela. Handik urte gutira, Aietek eman zigun horren zertifikazio bat, kasu horretan era baikorrean. Hala, gutako bakoitza ez zen gehiago eragile bat, eta bilakatu ginen Bake Bidea. Kolektibo berri bat bilakatu ginen, lurraldeari erabat txertatua.

Eragile batzuk hautetsiak izanik, alderdien estrategiak eta hauteskundeak tarteko, une zailak ezagutuko zenituzten. Nola atxiki duzu itsasontziaren lema?

Denok onartu dugu, edozein alderdiko edo jatorriko izanik, gutiengoan ginela. Horri gehituko nioke denok arduraz jokatzeko genuen grina. Hautetsiak, nazioarteko eragileak, adituak, abokatuak... denok ekarpenak egiten, esperantza elikatzen. Hain zen inportantea momentua, jakin izan dugula bakoitzaren ibilbidea errespetatuz bidea egiten. Konfiantzazko markoak sortu ditugu. Etsairik txarrena epe motzeko kapitalizazio politikoa zen, baina gaitasuna ukan dugu, interferentzia askoren artean, gure heldutasuna erakusteko. Lehenetsi dugu prozesua, eta froga da pauso atzeraezinak xerkatu eta ematea lortu dugula. Hori izan da lan moldea: urrats atzeraezinak lehenetsi ditugu une oro, eta horrek denbora eskatzen zuen. Batzuetan, denboraren kudeaketa horrek ulertezintasuna sortzen zuen. Denok momentu konplexuak bizi izan ditugu, bakoitzak bere etxean.

Baina zerbait erranen dizut: egin duguna egin dugu, eta aitzineratu dugun urrats esanguratsu bakoitzean herri baten parte sentitu naiz ni.

Bi momentu gogoratu nahiko nituzke zurekin: Parisko bake konferentzia, 2015ean, eta abenduaren 9ko manifestazioa, 2017an.

Bi momentu gorenak dira. Parisko konferentzia agorpen fase batera heltzen ari ginenean egin zen. Baionako Deklarazioa (2014) bagenuen, lan handia egiten ari zen diplomazia mailan, baina Manuel Vallsek blokeatu zuen Christianne Taubira Justizia ministroarekin irekitako atea. Hori zen testuingurua. Konferentzia pauso ikaragarria izan zen. Aho batez joan ginen lehen aldiz Parisera, eskema eraldatzaile batekin, hautetsiz eta gizarte zibileko kideez osaturiko delegazioa osatu genuelako.

Determinatuak ginen. Parisen, prozesuaren aldeko lobby frantsesa sustatu behar genuen. Horrekin lotuko da, gero, Justizia Ministerioarekin zabalduriko lan eremua. Baina bagenekien gure prozesua indar harremanaren arabera erabakiko zela. Dena behar genuen plantan eman: gogoeta, solasaldia, lobby lana, baina batez ere, mobilizatzeko gaitasuna erakutsi. Beti mezu berarekin joaten ginen: «Baduzue babes zabala urratsa egiteko, baina egiten ez baduzue, ardura zuena izanen da, gu bururaino joateko prest baikara». Asanblea Nazionalean eginiko konferentzian 400 lagun bildu genituen. Erakustaldi handia izan zen, prozesua Euskal Herriko mugetatik ateratzen genuen lehen aldia izanik.

Abenduaren 9ko mobilizazioari buruz, zer esan! “Orain presoak!” dinamikaren momentu gorena izan zen Parisekoa. 9.000 herritar igo ziren frantziar boterearen bihotzeraino. Zer irudi azkarra! Aipatze hutsarekin hunkitzen naiz.

Bide bukaeran Bake Bidea, baita Bakegileak ere. Lotura nola olioztatu duzue?

Modu naturalean. Zalantzarik gabe, konfiantzan, jeloskortasunik gabe. Luhusoko armagabetze ekimena gertatu zen 2016ko abenduaren 16an eta berehala sortu zen ekimen hori babesteko mugimendua. Bakegileek baldintzak ireki zituzten, eta guk konfiantza egin eta babestu ditugu. Konturatu orduko Bake Bideko kideak bakegile sentitu gara.

Estres proba nagusia gizarte zibilak eramaniko armagabetze molde hori izan al zen?

2016ko abenduaren 16tik ikasturte bereko apirilaren 8ra arte ez nuen lo handirik egin.

Gau luze horren ostean, egunsentia. Noiz erran zenion zeure buruari: «Hau egina da?»

Badira bi momentu. Bat, lehena, “Le Monde”-k publiko egin zuenean 2017ko apirilaren 8ko data. Beste behin ere, hor momentu atzeraezin bat irudikatu zen. Segurtasun neurriak hartu genituen. Ez nuen etxean lo egin; eta nirea ez zen ohean, bakarrik nintzela, pentsatu nuen: iritsi gara. Goizeko laurak edo bostak ziren, eta azken txanpan sartuak ginen, jakin gabe ere ondoko gauean non lo eginen genuen!

Jendez mukuru zen Baionako plaza hori oholtzatik behatzean. Zer pentsatu zenuen?

Jendeak, herriak, beti bezala, ulertu zuela zer zen jokoan, eta han azaldu zela. Pentsa, guk periferiatik abiatu genuen gure ibilbidea. «Nor dira Iparraldeko punk horiek?», pentsatuko zuten askok. Baina hor ginen, sinisten genuelako bukaera eman behar zitzaiola etapa luze bezain gogorrari.

Zuloak kontrolpean zirela jakin genuenean, «egina da» pentsatu nuen. Gero, plaza beteta. Herri egiten zaituen une horietako bat zen, eta nire burua atzeman nuen oholtzan, zer erran jakin gabe, hain hunkitua nintzela.

Eta «punk horiek» Blokeatze Eguna plantan eman zuten.

Eskema hauxe zen: denbora agortzen zela erakustea. Auzitegiei begirako estrategia eraiki genuen, eta hor abokatuek eta juristek eginiko ahaleginak sekulako garrantzia izan zuen. Jurisprudentzia aldatzea lortu zuten Txistorrekin (Frederic Haranburu). Baina, ondoren, gauzak gelditzeko arriskua bazen. Presoen etxeratzeak behar zuen «bere Luhuso»: desobedientziaren bidez, Estatua bere arduraren aitzinean eman behar genuen. Horrela heldu zen blokeatze eguna. Emozionalki gehien hunkitu nauen eguna izan da; ez naiz inoiz hain konektatua sentitu herri honekin.

Bake Bideak lurralde honi utzi dion ondarerik onena?

Gizarteari konfiantza egin behar zaiola erakutsi dugu. Une oro, jendearekin mintzatzea eta faktore humanoa zainduz prozesu parte-hartzaileak sustatzea baino modu eraginkorragorik ez delako. Herri eginen gaituzten eta nehor zalantzan emanen ez duten aitzinamendu politiko kolektiboak ditugu xede.