Haserrearen balio politikoa
Asteko argazkia Espainiako Erkidegoetako Presidenteen Konferentzian Pradalesek euskaraz hitz egitean Isabel Ayuso Madrilgo presidenteak izandako erreakzioa izan da. Hiru lurralde historikoetako lehendakariak euskaraz hitz egiteak asko haserrearazi zuen Madrilgoa. Hainbeste, ezen mahaitik altxatu eta joan egin baitzen, gero bueltatzeko. Kasketa faxista huts bat ez zela izan jakiteko bezain inozoak ez gara. Ondo neurtutako erreakzio bat izan zen, ekimen komunikatibo bat bere baitan, Espainiako fatxa guztiei oles egiteko modua, fatxa eta ez hain fatxa askok txalotuko zutena, seguru asko. Ebrotik behera euskaldunon lepotik zenbat atxikimendu lor daitekeen oraindik!
Kuriosoa da hemengo hainbat politikari une oro espainiarrak ez haserrearazteko ahalegin betean aritu arren, ze erraz haserretzen diren hauek. Euskaraz hitz egite hutsak zenbat min egiten dien ikusi besterik ez dago, egitate diferentzialaren adierazle nagusia gure hizkuntza dela ikusteko. Eta nago, altuera honetan, ez ote dugun hobeto haiek haserrearaztea haiek konbentzitzen saiatzea baino.
Espabilatu beharko genuke, bai, komunitate gisa gurearen defentsa politikoa egiterakoan. Izan ere, euskara beti izan da afera politikoa, da eta izango da, herri honen izate eta biziraupenerako ezinbesteko tresna, haiek eta guk, denok ondo dakigun lez. Baina, batik bat, ez genuke haserretzeko gaitasuna galdu behar, haiek galdu ez duten bezala. Eta ez dakit zuek, baina iruditzen zait haserretzeko gaitasuna galdu dugula, herri batek inoiz galdu behar ez lukeen zerbai; egiten den mespretxu, kolpe, sententzia edo isun bakoitzarekin are eta erresignazio handiagoa erakusten dugula. Honek axolagabekeriatik badu, baina epelkeriatik ere bai.
Izan ere, gurean euskalgintzako hainbat agentetatik hasi eta sektore politiko batzuetan hain hedatua dagoen “despolitizatu behar den gaia da euskararena” estrategiak errealitatearekin topo egiterakoan ze zentzu gutxi duen erakusten digu horrek. Euskara politikoa da haientzat, guk nahi ala ez, gure subordinazio bakezaleen aldarrikapenak gora edo behera. Guretzat baino gehiago. Europar Batasunean azken asteotan gure hizkuntza ofizial bilakatzea oztopatzeko espainiar eskuinak Europako beste herrialdeekin zabaldu duen ekimen diplomatikoa baino mugimendu politikoagorik ez dago. Anestesiatuta harrapatu gaitu, ia oharkabean, eta egia bada ere horren eragin praktikoa mugatua izan daitekeela, dudarik ez dago balio sinboliko eta errekonozimendu politiko garrantzitsua litzatekeela.
Azkenaldiko euskararen aurkako oldarraldi zahar berri hau kezka handiz ikusi beharko genuke. Euskararen ezagutza, erabilera eta ofizialtasuna Euskal Herriko eremu guztietara zabaltzeko ahalegin komunitario nekaezinean dihardu herri honek; poliki, pauso bakoitza izerdi betean, herrigintza senetik, ilusio eta neke gehiagorekin baliabideekin baino. Baina jakin badakigu esfortzu militanteak baliabiderik gabe dituen mugak handiak direla. Bitartean, baliabideak dauden tokian, aurrera ez ezik, atzera goaz nabarmen. Ni baino adituagoak diren ahotsek egindako diagnosiek erabileretan, ezagutzetan eta mailetan eman diren atzerapausoak nabarmentzen dihardute, administrazioan egin ez diren urratsen ondorio, hein handi batean (hezkuntzan, langile kontratazioan eta abarretan).
EAEko hezkuntza legean PSEk egindako jokaldiaren ondorioz, hizkuntza ereduekin adostutako kontsentsuak pikutara joan ziren. Euskarak hezkuntzan duen egoerari buruzko datuen ondoren, gaia berriro hartzeko unea behar luke izan. Administrazioan ere euskarari dagokionez pauso sendoak emateko garaia da. Legebiltzarrean, baina, EAJk nahiago izan du bere ezkontidearekin enplegu publikoko eskaintza prozesuetan euskararen balio eta beharraren inguruan bozkatu (Gipuzkoan ez bezala, hau ere oso adierazgarria), Justizia arloan ematen ari diren sententziekin kezka adierazten duen bitartean.
Inor ez haserretzeko ahaleginean politika egiteak pauso legislatibo edo politiko txikiena ere jasanezin bilakatzen du haientzat, euskararen aurkarientzat. Beraz, egin daitekeenaren langa gero eta baxuago jarri diogu guk gure buruari, eta, haiek gero eta jasateko kapazitate gutxiagorekin, gu geroz eta atzerago. Eta, gainera, haserretzeko gaitasuna galduta. Haserretzearen balio politikoa aldarrikatu nahi dut, hizkuntzaren aferarekin subordinazio jarreretatik atera eta Euskal Herri euskaldun bat atxikitzeko aurrera egin. Ze afera honekin aurrera egiten ez badugu, atzera goaz, ikusten ari garen bezala. 2024ko inkesta soziolinguistikoaren arabera, herritarrek euskararen garapen eta normalizazioaren (hitz bitxia hau ere) alde eta enplegu publikoan eta administrazioan euskarazko arreta eta ezagutza bermatzearekin bat egiten dute. Badago nahi kolektibo bat plasmazio politikorik gabea.
Haserretu gaitezen Ayuso eta espainiar fatxa guztiak bezala, medikuak edo epaileak kontsultan eta epaiketan erdara erabiltzera behartzen gaituenean, udal euskaldunetan udaltzainek euskaraz jakitea beharrezkoa ez dela ebazten dutenean, gure lehendakariak euskaraz hitz egiteagatik plantoa jasotzen duenean, Europar Parlamentuan euskara ofiziala izateko bozketa atzeratzen denean... haserre hori euskararen lege berri bat eta zerbitzu publikoen euskalduntze prozesu eraginkor bat bilaka dadin. Arartekoak berak zioen duela hilabete pare bat idatzitako artikulu batean, 40 urtez euskara hizkuntza gutxitu bezala normalizazioaren bidean ibili ondoren iritsi dela garaia edozein herritar bere hizkuntza aukeragatik diskriminatua ez izateko, bere eskubideak osotasunez erabili ahal izateko, erosotasunez, eta errespetuz tratatua izanez. Aste honetan udal euskaldun bateko epaitegi batean bi euskaldunok itzultzaile baten laguntzaz jardun behar izan dugu geure artean euskaraz hitz egiten. Izugarri haserretu naiz, urrun baikaude Arartekoak dioen horretatik: beharrezko aldaketak orain egin behar dira; ze, lehen esan dudan bezala, aurrera ez bagoaz, atzera goaz.

¿La solución es que dimita Pedro Sánchez? «Talvez não»

«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»

Un diputado palestino lanza su «Yo acuso» a Israel y salva su continuidad

Cientos de perjudicados en el encierro de la villavesa
