Bi eta hiru urteko seme-alabak dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon
Bilboko Zurbaranbarri auzoan 2 eta 3 urteko seme-alabak dituen familia bat etxegabetu zuten atzo. Indarkeria matxistaren biktima da emakumea, eta zaurgarritasun izaera aitortuta dauka, baina epaitegiak ez du aintzat hartu. Manifestaziora deitu zuen AZET etxebizitza sindikatuak, etxegabetzea salatu eta alternatiba duina exijitzeko.

Aurora eta haren 2 eta 3 urteko seme-alabak etxegabetu zituzten atzo Bilboko Zurbaranbarri auzoan. AZET Etxebizitza Sindikatuak eta auzoko eragileek deituta, auzokide ugari bildu ziren etxegabetzea eragozteko eta familiari elkartasuna adierazteko, baina Ertzaintza haien aurka oldartu zen, eta etxegabetzea burutu zuten.
Lezamako Bide Zaharreko kaleko 65C atarian izan zen etxegabetzea. 10.30etik aurrera dozenaka pertsona bildu ziren. Kalean ez ezik, etxe barruan ere hainbat pertsona zeuden, etxegabetzea ekiditeko asmoarekin.
Aldi berean, udaltzainez eta Ertzaintzako agenteez osatutako polizia talde bat agertu zen bertan. Ertzainak atarira joan eta han zeudenak arrastaka eraman zituzten, eta identifikatu. Ondoren, nahiz eta idazkari judiziala ez zen agertu, poliziak barrura sartu ziren, etxean zeudenak ateratzera eta etxegabetzea burutzera. Tentsio momentu handiak bizi izan ziren.
KOMITE JUDIZIALIK GABE
Etxegabetu duten emakumea, Aurora, indarkeria matxistaren biktima da, eta zerbitzu sozialek zaurgarritasun izaera onartu zioten.
Aurorak berak bideo batean azaldu zuen, «etxebizitza duin bat lortzeko ezinezkotasunaren aurrean», duela sei hilabete Zurbaranbarriko etxebizitza huts bat okupatu zuela. Salatua izan ondoren, kasua auzitegietara iritsi zen, eta duela hiru aste epaile batek etxegabetzea baimendu zuen.
AZETek adierazi zuenez, epaile horrek ez zuen zaurgarritasun txostena tramitera onartu ere egin, eta, horregatik, etxebizitza sindikatuak Bizkaiko Auzitegira jo zuen, zeinak, izapidetzeko onartu arren, ez baitu etxegabetzea saihestu. Hortaz, etxea kentzeko izan duten modua «erabat irregularra» dela esan zuen.
«Epe judizialek ez dute bizitzei buruz ulertzen. Badakigu justiziak nola funtzionatzen duen pertsona eta kolektibo pobreekin. Helegitea aurkeztuta eta onartuta dago, eta baliteke bi astetan justiziak arrazoia ematea. Baina Aurora kalean dago jada, inolako alternatibarik gabe», salatu zuen AZETek. Bilboko Udalaren jarrera ere gaitzetsi nahi zuen etxebizitza sindikatuak. Harremanetan egon dira Gizarte Zerbitzuekin, Udal Etxebizitzekin eta Udaleko Gizarte Ekintza sailarekin, baina «inork ez die alternatiba bat eskaini Aurora eta bere familiari».
MANIFESTAZIOA
«Familiarentzat alternatiba duin bat» eta «etxebizitza ezin da negozioa izan» aldarrikatuz, Kaixo konpartsa, Pituxka talde feminista, Zurbaranbarriko jai batzordea, Uribarri Prest plataforma soziala eta AZET etxebizitza sindikatuak deituta, manifestazioa izan zen 19.00etan, Zurbaranbarriko Iturriondo plazatik abiatuta.
«Erakunde publikoen eta sistema judizialaren jarrera ikusita, antolatzea eta borrokan jarraitzea besterik ez zaigu geratzen etxegabetzeak ekiditeko», adierazi zuen AZETek.

TXETXU BARRIOS LIBRE DA, 27 URTEKO KARTZELALDI OSTEAN

Otegi y Esteban advierten de que ya «no vale» con la amenaza de PP-Vox

Tolosako hilerrian duela hiru hamarkada esan gabe geratu zirenak

Periodismo en tiempos de maraña golpista
