GARA
DONOSTIA

EAEn 1975etik zenbatutako jaiotza kopururik txikiena izan zen iaz: 12.937

Jaiotza tasak behera egin du.
Jaiotza tasak behera egin du. (Javier GONZALEZ | UNSPLASH)

Eustat estatistika institutuaren azken datuek jaiotzen beheranzko joera baieztatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. 2024an 12.937 sortze erregistratu ziren, 2023an baino %3,8 gutxiago eta 1975etik izandako kopururik txikiena.

Jaitsierarik handiena Araban izan da (-%5,5); ondoren, Bizkaian (-%3,7) eta, azkenik, Gipuzkoan (-%3,2). Jaiotzak lurralde horietan 2.094, 6.421 eta 4.422 izan ziren, hurrenez hurren.

Hilabeteen arabera, jaiotzak gutxitu egin ziren gehienetan, bitan izan ezik; urtarrilean eta maiatzean jaiotzak %6,4 eta %1,2 igo ziren, hurrenez hurren.

Jaiotza tasa 5,8 jaiotzakoa izan zen mila biztanleko. Zifrarik altuena Arabak du (%6,2), ondoren Gipuzkoak (%6,1) eta, azkenik, Bizkaiak (%5,6). Erkidego mailan tasa hori 0,3 puntu jaitsi da 2023. urtearen aldean, eta 3,1 puntu 2014aren aldean.

30 URTETIK GORAKO AMAK

Ama guztien batez besteko adina 33,4 urtekoa izan zen, aurreko urteko berbera. 2024an lehenengoz ama izan zirenen batez besteko adina 32,4 urtekoa izan zen.

2024an bizirik jaiotakoen artean, 100 neska eta 104 mutil jaio ziren.

Mutilen batez besteko pisua 3.349,3 gramokoa izan zen, eta neskena, 3.228,8 gramokoa.

Jaiotzen %93,5 ospitale publikoetan izan ziren, %5,9 ospitale pribatuetan eta %0,6 etxean.

Erditzeak 12.802 izan ziren. Horietatik 12.620tan ume bakarra jaio zen, 179tan bikiak eta hiru kasutan hirukiak. Erditze guztietatik 740 goiztiarrak izan ziren (%5,8).