GARA
DONOSTIA

Donostia «gobernatzeko prest» dela irudikatuko du EH Bilduk

Donostiako EH Bilduk ekitaldi bat iragarri du bihar, 19.00etan hasita, Blas de Otero plazan, «hiria gobernatzeko prest» dela irudikatzeko eta jendartearekin helburuak partekatzeko. Jai giroan egingo du eta «sorpresa batzuk» izango direla aurreratu du koalizioak.

Ekitaldia Blas de Otero plazan egingo dute ostiralean.
Ekitaldia Blas de Otero plazan egingo dute ostiralean. (EH BILDU)

Donostiako EH Bilduk ekitaldi berezia antolatu du ostiralean, 19.00etan hasita, Blas de Otero plazan. Legegintzaldiaren bigarren erdia hasia delarik, egindakoa azaldu, asmoak partekatu eta 2027ko hauteskundeen ondoren hiria berriz gobernatzeko erronkari heltzen diola irudikatu nahi du.

Hiriaren kudeaketa zenbait krisialdik jota ageri da azken boladan: etxebizitza larrialdia, turismoaren hazkundearen inguruko kontrol falta, Bretxa edo San Bartolomeko egitasmoen inguruan dauden arazoak... Eta EAJko alkate Eneko Goia hiriburuetako agintarien artean inkestetan balorazio okerrena jasotzen duena bilakatu da.

Juan Karlos Izagirre udal taldeko bozeramailearen aburuz, «EH Bilduk lidergo argia du Donostiako alor estrategiko batzuetan», hala nola etxebizitza, turismo, gizarte zerbitzuak, mugikortasuna edota herritarrekin elkarlanean aritzea. Gai askotan, Udal Gobernua gure planteamenduen norabidean diskurtsoak aldatzen hasi dela azpimarratu du EH Bilduk: «Aurrerapauso txiki batzuk eman dituzte, baina betiko inertziek jarraitzen dute nagusi». «Guretzat garrantzitsuena da herritarrek berretsi dutela gure bidea dela jarraitu beharrekoa», adierazi du koalizio subiranistak.

Maria Irigoienek, Donostiako EH Bilduren arduradun politikoak, helburuetako bat azaldu du: «”Bidean gara gehiago / Un camino compartido” lemapean, gure komunitatearen indarra erakutsi eta partekatuko dugu. Legealdi erdiko talaiak aukera ematen digu patxadaz, baina ausardiaz, orain arteko lana baloratzeko eta aurrera begirako pausoei buruz hitz egiteko. Ekitaldian gurekin bidea egin duten kide zahar eta berriak bilduko dira, eta haiekin marraztuko dugu etorkizunerako bide kolektibo eta ilusionagarri hau».

Ekitaldi hau hasiera batean Gladys Enea parkean egitekoa zela zabaldu bazuten ere, azkenean Blas de Otero plazan izango da, Egia auzunean.

Amaieran mokadutxo bat eskaintzeko asmoa dute, eta Asammer Band talde amazigak kontzertu bat eskainiko du. EH Bilduren proiektuarekin bat egiten duen edonor gonbidatuta dago.