Baxurako arrantzaleek 7,2 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte
Baxurako arrantzaleek kuotaren %90 harrapatuta, Lakuako Gobernuko Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak amaitutzat eman du antxoaren kanpaina. Guztira 7,2 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte euskal arrantzaleek.

Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantzaleek 7,2 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte dagoeneko -esleitutako kuotaren %90- eta, hortaz, amaitutzat eman daiteke antxoaren aurtengo arrantzaldia. Hain zuzen ere, Lakuako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, Amaia Barredok, bukatutzat jo zuen, atzo, antxoaren kostera, eta aurtengo berrikuntzaz mintzatu zen: «Aurtengo berritasuna izan da kuota arrantzale organizazioen arabera esleitu dela eta euskal arrantzaleek 8.055.000 kilo arrantzatu zitzaketela, eta horietatik 7.200.000 kilo harrapatu dituzte; hau da, kuotaren %90».
Euskal arrantzaleek 8.055.000 kilo arrantza zitzaketen, eta horietatik 7.200.000 harrapatu dituzte; alegia, kuotaren %90. Barredok adierazi zuenez, gainerako %10a «bigarren seihilekorako eta hegaluzearen arrantzara joaten ez diren ontzientzat utzi da, eta kudeaketa eredugarritzat jo dezakegu, beraz». Aurten batez beste kiloa 2,05 euroan ordaindu da; iaz, 1,5 euroan.
Hegaluzeari dagokionez, hau aipatu zuen Barredok: «Kaza sistemarekin arrantzatzen duten eta berdel kanpaina ona izan ez duten ontzi gehienak jada atera dira itsasora hegaluze bila, eta lehenengo deskargak dagoeneko egin dituzte». Estatu espainolean hegaluze kuota 26 milioi kilokoa dela azaldu zuen eta dagoeneko 325.000 kilo inguruko lehen harrapaketak egin direla; «horietatik 140.000 kilo euskal flotak harrapatu ditu», zehaztu zuen.
Hegaluzearen lehen harrapaketa horien batez besteko prezioa kiloko 9,60 eurokoa izan da. «Arrazoizkoa denez, flota handiena, orain arte antxoaren kanpainan murgilduta egon dena, sartzen denean, espero dugu harrapaketek nabarmen gora egingo dutela eta horrek lehen salmentako prezioa jaitsiko duela», gaineratu zuen.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
