GARA
BILBO

Bost udal gehiagorekin, lau urterako plan estrategikoa onartu du UEMAk

Urteko lehen batzar nagusia egin zuen atzo UEMAk. Bost udal gehiago batu zaizkio, eta 253.000 biztanleko lurgune euskalduna osatu du horrela. Proiekzio demolinguistikoaren emaitzen berri eman zien batzarkideei, eta 2025-2029ko plan estrategikoa onartu zuen, lanerako ardatz berriak zehaztuta.

UEMAk batzar nagusia egin zuen atzo Azkoitian.
UEMAk batzar nagusia egin zuen atzo Azkoitian. (Iñigo URIZ | AZKOITIA)

Aurtengo lehen batzar nagusia egin zuen atzo UEMAk Azkoitian. Bertan elkartu ziren mankomunitatea osatzen duten udalerri euskaldunetako 125 bat alkate eta zinegotzi eta, besteak beste, 2025-2029ko plan estrategikoa onartu zuten, baita Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegiko udalek mankomunitatera sartzeko egindako eskaerak ere. Horiek onartuta, 118 udal izatera heldu da UEMA, guztien arten 253.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen duelarik.

UEMAko lehendakari Martin Aramendik atzokoan nabarmendu zuenez, «hazkundeak eta euskararen ezagutzan oinarritutako datuek soilik ez dute bermatzen udalerri euskaldunetan euskara osasuntsu egotea». Hori dela eta, onartu zuten plan estrategikoaren beharra azpimarratu zuen.

Herri berrien eskaerak onartu aurretik, hainbat kontu izan zituzten aztergai batzarrean. Batetik, Siadeco ikerketa etxeak UEMArentzat egindako proiekzio demolinguistikoa aurkeztu zuen Iñaki Iurrebaso soziologo eta UEMAko ikerketa arduradunak. Emaitza askotariko eragileei aurkezten ari da UEMA, eta hurrengo asteotan plazaratuko du.

Ondoren, lantzen ari diren hainbat ildoren berri eman zitzaien batzarkideei: herriz herri euskararen egoerari buruzko argazki eguneratua biltzen duten koaderno demolinguistikoak, urrian Euskal Herrian egitekoa den arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia, euskara eta kulturartekotasuna uztartuz gurasoentzako berariaz prestatutako “Etorri euskarara!” ikastaro berriak, edota euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk EiTBrekin berretsi eta zabaldu duen hitzarmena. Euskararen aurkako oldarraldiaren harira udalek dituzten kezkak ere izan zituzten hizpide, besteak beste.

Bestetik, iazko kontu orokorra eta erakundearen jardunerako ohiko kontuak onartu ondoren, 2025-2029ko UEMAren plan estrategikoa ere aztertu eta onartu zuten batzarkideek. UEMAren ohiko ildo estrategikoak berrestearekin batera, Miren Segurola koordinatzaileak adierazi zuen gaur egungo egoera soziolinguistikoak eta euskararen egoera ulertzeko azken gakoek lanerako ardatz berriak zehaztea eta abiaraztea eskatzen dutela, eta horiek biltzen dituela hurrengo lau urteotarako plan estrategikoak, helburu nagusiei erantzun ahal izateko.

Azkenik, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu zituzten batzarkideek. Horrela, beste bost herri dira UEMAko kide: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi. Behin horiek onartuta, bost herrietako udal ordezkariek hartu zuten hitza, ilusioa eta ardura nabarmenduz. Izan ere, udalerri euskaldunak izan arren, euskararen biziberritzearen inguruko kezkak eta erabileran eragiteko zailtasunak aipatu zituzten. Horretarako UEMAren laguntza eta ekarpena bidelagun izatea espero dutela adierazi zuten.



Gazte Euskaltzaleen Topaketa egin zuten atzo Iruñean

Iruñean egin zuten atzo, Gazte Euskaltzaleen Sareak deituta, Gazte Euskaltzaleen Topaketa. Saretzea zuten helburu, baina baita mezu katastrofikoetan erori gabe euskararen normaltasun berria eraikitzea ere.

Egun osoko egitaraua prestatu zuten: hitzaldia Patxi Martin Euskalgintzaren Kontseiluko kidearen eta Izar Zubiaga Gazte Euskaltzaleen Sareko kidearen eskutik; bazkaria; karrika-dantza, kontzertuak, ekitaldia...

Joanes Aranguren antolakuntzako kideak NAIZ Irratian azaldu zuenez, «gazte eta euskaltzale garen heinean, sufritzen ditugun hizkuntza zapalkuntzak identifikatzeko eta elkarrekin konspiratzeko une bat eskaini» nahi izan dute. «Euskal Herri luze zabalean ezberdinak dira euskararen bueltako problematikak, baina erroan jarri nahi dugu fokua: Euskara gaztelaniaren eta frantsesaren zapalkuntzapean bizi den hizkuntza dela», adierazi zuen. GARA