Lizeoa Donapaleun eraikitzeko aukera aztergai du Seaskak
Heldu den hilaren 28rako Seaskak deituriko biltzar nagusiak bigarren lizeoaren kokapenari buruzko deliberoa hartu behar luke. Proposamen bakarra dago mahaiaren gainean: ikastetxea Donapaleun eraikitzea.

Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko ikastolen federazioak biltzar nagusia eginen du ekainaren 28an. Aipaturiko bilkuran, besteak beste, Bernat Etxepare lizeoak pairatzen duen toki eskasiari erantzuteaz gain, euskarazko hezkuntzaren eskaintza zabaltzeko xede duen egitasmoa izanen da aztergai.
Ahoz aho ibili dira ikastetxearen balizko kokapenari buruzko tokiak: Donapaleu, Urruña, Itsasu, Uztaritze, Kanbo... Irailean baieztatu zenetik, murgiltze ereduan arituko den bigarren lizeoa egiteko asmoari buruzko zurrumurruak ez dira falta izan.
Seaskak hautaturiko zuzendaritza kolektiboaren hiru kideetako bat den Erik Etxartek baieztapen bakarra eskaini zuen Herri Urrats bestaren bueltan: «Horretan lanean ari gara, eta ziur da hautua egina izanen dela uda aitzin».
Hilaren 28an iraganen den bilkurari begira, proposamen bakarra aurreikusi dute: lizeo berria Donapaleun ezartzea.
Seaskako arduradunek eztabaida egin arte ez dute gaiari buruzko informaziorik emanen. Alde horretatik, Donapaleuko auzapeza den Charles Massondok, erabakia baieztatuz gero, Donapaleurentzat eta oro har barnealdearentzat horrek lukeen garrantzia aitortu dio Mediabask hedabideari.
«Ofizialki deus ez da egina. Behar dira etapak eta prozedurak errespetatu. Baina, finean, erabakia gauzatuko balitz, biziki albiste baikorra litzateke», adierazi du Massondok.
ANTZINAKO VVF
Nafarroa Behereko herrian dagoen antzinako VVF (bakantzetako egoitza) litzateke lizeo berriaren kokapen zehatza. Aspalditik hetsia da eta, auzapezak esan duenez, bertan bi egitasmo plantan emateko erabakiaren berri jadaneko eman du Herriko Etxeak. Beste bi egitasmo berri aurreikusten dituzte han.
Kokapenaz harago, lizeo berria plantan emateko, Seaskak erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu ondoko hilabeteetan. Halatan, ikasleen banaketa geografikoa, alde batetik, eta sekzio orokorraren zein profesionalen antolaketa, bestetik, aintzat hartzeko aldagaiak izanen dira.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
