Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren herrak

Arrunta izan daiteke herra, ezinikusia, gorrotoa edo aiherkundea izatea, taldekide ohiek musikaria bota dutenean taldetik. Beti geratuko da herraren zirrikitu bat, nahiz eta urteak igaro. Agian herraren sailkapenean interesa galduko du, denborarekin beste aiherkunde geruzak sortu ditugulako. Sonatuena izango da Hertzainak taldetik Gamma edo Xabier Montoia abeslaria egotzi zutenean mikrotik, Gari sartzeko; edo utzi egin zuen? Bertsio desberdinak entzun izan dira betidanik. Alde biek isilik eraman zuten kanporaketa. Gero beste herrak daude: herra politikoa, ezinikusi pertsonala, alfa aferaren aiherkunde kulturala.

Taldekideen arteko gatazka asko borrokan bukatu dira, gizonen egoak, alfa arren lehia gona eta adarren zirimola matxistan. Maite Arroitajauregik (Mursego) dio zeharo kasposo eta matxista dela musikak eman duen mantrarik errepikatuena: sexua, droga eta rock and rolla. Gizarte matxistan adarren gaiak genero guztiak asaldatzen ditu. Polimaitasunean ere zerbait gertatuko da, nahiz eta baratzagoa izan prozesua.

Izarok dio gorrotoa gelditu behar dela inolako mozorrorik gabe, azukrerik gabe, aitzakiarik gabe, bainarik gabe. Zilegi al zaigu herra izatea gorrotoari. Hori ez al da gorrotatzea ere? Kami bat ikusi nuen kalean: denok gorroto deu polizia. -Gailuk “Euzko polizia” kantatu zuen. Fonofobia.