GARA
HERNANI

Sanjoan gauak zenbait zauritu eta atxilotu bat utzi zituen Hernanin

Sanjoan gauean izandako istiluek zauritu batzuk eta atxilotu bat utzi zituzten Hernanin. Arrazoia ikertzen ari direla esan zuen atzo alkateak. Toki eta ordu ezberdinetan gertatu ziren talkak, eta Ertzaintzaren oldartzea jazo zen azkenean, 3.30ak aldera, Gudarien Enparantzan.

Arratsaldean egin zen mobilizazioaren irudi bat.
Arratsaldean egin zen mobilizazioaren irudi bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Segurtasun Sailak atzo adierazi zuen Ertzaintzak 17 urteko gaztea atxilotu zuela goizaldean, Hernanin jazotako istiluen ondorioz. Epailearen deiaren zain, aske geratu zen ordu batzuetara. Gertaera horietan gutxienez hiru lagun zauritu ziren, itxuraz Polizia autonomikoaren oldartzea dela eta. Donostiako Ospitalearekin harremanetan izan da Udala, haien berri jasotzeko.

Ertzaintzaren informazioaren arabera eta sareetan zabaldutako mezuetan aipatzen denez, gaua ospatzen ari ziren pertsona multzo ezberdinen artean borroka piztu zen. Xabier Lertxundi alkateak Radio Euskadin baieztatu zuen istiluetan zaurituak izan zirela eta baten bat edo batzuk erietxera eraman zituztela. Alkateak adierazi zuen oraindik informazio zehatzik ez zutela.

Gertatutakoak «dimentsio handia» hartu zuela onartu zuen Lertxundik, besteak beste jendetza zegoelako. Gauak aurrera egin ahala, istiluak udaletxeko plazan berpiztu ziren. Alkateak zehaztu zuenez, pertsona bat bertan sartu zen babes bila, eta beste asko haren atzetik joan ziren, jipoitzeko asmoz. Udaltzaingoak ez zien sartzea baimendu.

Udaltzaingoak deituta agertu ziren ertzainak, «egoera kontrolatzeko». Iristean, ordea, gazte multzo ezberdinen aurka oldartu zen Gudarien Enparantzan, eta bertan gertatu zen atxiloketa. «Istiluak eragitea» leporatu diote.

Txosnagune aldean ere kargatu egin zutela gaitzetsi dute auzokideek, borrak erabiliz eta pilotak jaurtiz. Txosnagunea ixtea erabaki zuen batzordeak, kalapita baretu arte. Alkateak ETBn esan zuen Ertzaintzaren oldartzeak gauzak oraindik gehiago zaildu zituela.

BIZIKIDETZAREN ALDE

Bozeramaileak batzartu ondoren, Udalak adierazpena plazaratu zuen, non zehazten den ez direla «onargarriak, edozein arrazoi dela ere, herritarren osotasun fisikoaren aurka sustatutako oldarraldiak eta liskarrak». Alde horretatik, «elkartasun osoa» adierazi die gertakarien ondorioz kaltetuak izan direnei.

«Gisa horretako jokabideek gure herriko elkarbizitzan duten eragin kaltegarriaz» ohartarazi du Udalak, eta nabarmendu du «gure artean bizi den pertsona oro komunitate honen parte» dela, «edozein dela ere haren jatorria». Azken puntuak dio: «Bizikidetzaren aurkako jokabide bakar bat ere ez da onargarria, datorrenarengandik datorrela. Eskerrak eman nahi dizkiegu egoera kudeatzen eta baretzen lagundu duten txosnen batzordeko kideei eta herritarrei».

Atzo arratsaldean, 20.30ak aldera, manifestazioa egin zuten Hernanin, Arrazismoaren Aurkako Sareak deituta.