Adin txikiko migranteekin etorkizuna nola eraiki
UIK Uda Ikastaroak Fundazioak ikastaroa antolatu du aurten, jendartean gero eta gehiago entzunagatik ere oso korapilatsua izaten jarraitzen duen auzi bati heltzeko: Bakarrik dauden adin txikiko migranteak. Eskarmentutik etorkizunera begira jarri ziren atzo sektorean diharduten erakundeetako lau profesional.

”Bakarrik dauden adin txikiko migranteak... eta etorkizuna nola eraikiko dugun”; hala jarri diote UIKek Bilboko Bizkaia Aretoan antolatu duen ikastaroari eta lerroburuak ezin hobeto laburbildu zuen atzoko esperientzien mahaia. Agintzariko Unai Zabala, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Babesa Programaren Cadizeko arduradun Regla Garcia eta Peñascal Kooperatibako Koldo Usubiaga aritu ziren aurrera begirako bidea marrazten. Frontera Liquida Consultores-eko Jose Carlos Cabrerak egin zituen moderatzaile lanak.
Agintzarik egiten duen lanaz aritu zen Zabala. Horrela, mintzaldia hastean azpimarratu zuen egiteko eran jarri behar dela arreta. Profesionalek beren burua zalantzan jarri behar dutela azaldu zuen, ezin baita pentsatu inor neutroa denik integratzaile, hezitzaile edo langile sozial izateagatik.
Halaber, adierazi zuen hainbat arazori aurrea hartzen saiatzen direla. Izan ere, babesgabetasun egoeran amaitzeko arriskua duten pertsonekin egiten dute lan, hain zuzen, ez daitezen egoera horretara heldu. Horrekin batera, esan zuen lan honetan aritzeko ezinbestekoa dela ikuspegi antirrazista izatea, artatzen dituztenen laurdenak direlako pertsona migranteak edo jatorri atzerritarra dutenak.
Zeregina behar bezala burutzen dutela ziurtatzeko Agintzarin hartzen dituzten neurrien berri ere eman zuen. Besteak beste, talde arteko komisioa egiten dute eta badaukate barne erabilerarako Gida Antirrazista.
Horrez gain, sektorean dituzten erronkak nabarmendu zituen, lehenik eta behin, aurrean zuen jendarteari erreferentzia eginez: «Haiek [bakarrik dauden adin txikiko migranteak] ez daude espazio hauetan, eta egon behar dute». Gizarte kohesionatu bat eraikitzeko ezinbesteko baldintza gisa aurkeztu zuen perspektibaren zeharkakotasuna.
FASE DESFASATUAK
Regla Garciaren txanda izan zen ondoren. Cadizen egiten du lan eta harrera sistemaren gabezien inguruan mintzatu zen, besteak beste. Azaldu zuen faseka antolatuta dagoela sistema, baina faseek elkar zapaltzen dutela eta ez daukatela migranteak beti behar bezala artatzeko aukerarik.
Halaber, azaldu zuen ez dagoela baliabide espezifikorik, esaterako, emakumeentzat. Makina bat omen dira behartutako ezkontzetatik, pertsonen salerosketatik edota indarkeria matxistatik ihesi heltzen diren emakumeak; asko, ume bat izatera behartu dituztenak eta berarekiko arbuioa ere sentitzen dutenak, trauma dela eta. Egoera bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta generikoegia da sistema horiei erantzuteko.
Gainera, azaldu zuen Atzerritarren Lege berriarekin, asiloa lortzeko zailtasun gehiago dituztela migranteek, eta horrek, ezinbestean, haiekin lanean ari diren profesionalen lana ere oztopatzen duela.
Koldo Usubiaga ere hezitzailea da eta Peñascal Kooperatibak egiten duen lanaz ez ezik, “Trapezistak” programaz ere aritu zen. Enplegagarritasunaren bueltan gazteen integrazioa eta autonomia bilatzen dute eta azaldu zuen gero eta gehiago direla artatzen dituzten gazte migratuak. Nolanahi ere, arreta integrala ematen ahalegintzen direla esan zuen.
Pandemiaren ondoriozko konfinamenduaren ostean jarri zuten martxan programa eta pertsonarengan zentratutako perspektibatik burutzen dute beren jarduna. Besteak beste, saiatzen dira gazteak beste programa batzuetako gazteekin nahasten, baita beste adin-tarte batzuetako jendearekin ere, aberasgarriagoa izan dadin.
Nork bere lan eremutik, antzeko erronkak identifikatu zituzten: ikuspegi antirrazista errotzea eta beharrei erantzuteko baliabideak eskura izatea.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
