Artista baten azken erakustaldia, irudimenez eta dotoreziaz emana
Erremontean 18 urteko ibilbidea itxi zuen Javier Urrizak atzo, Galarretan, bere azken partidan. «Oso eskertuta eta pozik» doala onartu zuen, zeharo hunkituta partidaren ostean jaso zuen omenaldi sortaren ondotik. Euskaraz egin zituen azken hitzak.

Lana, duintasuna eta kirola uztartzen dituen pilotaria da Javier Urriza. Atzo, Galarreta pilotalekuan, azken dantza egin zuen, berezkoa duen dotoreziaz, bai partidan, baita partida osteko omenaldi hunkigarrian ere. Une batez, pilotalekuan denbora gelditu egin zen; azken dantza horretan Urrizak bere azkenengo pausoak emango zituela ezin sinetsita zegoen jendea, eta bertan gertatu ziren ekintza guztiek berebiziko arreta bereganatu zuen.
Ez zen soilik pilota baten hotsa, ezta txaloen oihartzuna ere. Javier Urrizak bere azken partida jokatu zuen profesionaletan, eta frontoi osoak bihotza estututa izan zuen: dantzari baten azken urratsa, maisu baten azken kolpea, pilotari handi baten azken agurra. Aurrera Dantza Taldeak eskainitako emanaldi hunkigarriarekin bat lotu zuen azken aldiz saskia bere eskuan.
Azpiroz bizkartzain eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a aurkariak izan zituen dantza-lagun, duela egun batzuetako Sagardoaren Txapelketako finaleko errebantxa gisa. Partida gaizki hasi, baina azkenerako garaipen ederra eskuratu zuen iruindarrak, agurra are bereziago eginez. Utzi zituen tanto gogoangarriak, berezko duen jokatzeko moldearekin, elegantziarekin, xume-xume baina aldi berean zitalkeriaz. Irabaztea ere gustatzen zaiolako, noski.
1.200 partidatik gora jokatu eta 30 txapel jantzi ditu Urrizak 18 urte hauetan. Bere eragina, ordea, ez da zenbakitan islatzen: estiloan dago, jarreran, isil-isilik lan eginez utzitako aztarnan. Berak erakutsi du pilotan garaipena ez dela beti tanto batekin neurtzen, baizik eta bihotzetik ematen denaren arabera.
Hori horrela ulertu zuen Sebastian Lizasok ere, eta omenaldian bertso eder hau kantatu zion pilotalekua isiltasunez jantziz: «Izar izateko jaio, izar distiratsu berez/ erremontean maisua, burutua zenbait amets. Historia egin duzu, garaipenez eta txapelez/ irabaztean umila, galdu beti gizalegez. Erremontetik bazoaz, zaletuaren nahigabez/ horra milaka aurrean, eskerrik asko esanez. Guztiok opa dizugu, benetan eta bihotzez/ garbi jokatzen jarraitu, nahiz berriz txuriz jantzi ez».
Txalo zaparrada amaigabea jaso zuen bertsoak, eta Urrizak berak, eskertuta, aurpegia ezkutatzen ahalegindu bazen ere, ezin izan zuen emozioa gorde.
EMOZIOAK DANTZAN
«Emozio asko; guztiaz aldentzen saiatzen nabil», aitortu zuen partidaren aurretik. Eta, hala ere, zentratzea lortu zuen, irabazteko grinari eta ikusleei ikuskizuna eskaintzeko nahiari eutsiz. Atzetik aurrera egin zuen bikote gorriak: sake zorrotzak, bi paretako kolpe dotoreak eta azken tantoan historiak gordeko duen mozketa batekin amaitu zuen lehen set-a, 15-12. Tanto bakoitzean, mende bateko kirol baten funtsa zegoen. Bigarren jokoa ere emaitza berarekin bukatu zen, Urriza eta Azpirozen alde.
Urrizaren alboan egoteko eguna zen atzokoa. Bat etorri ziren zenbait kirolari: Koteto Ezkurra, Jokin Altuna, Imanol Lopez... Txapeldunak guztiak, beste txapeldun bati aitortza eginez: «Agurra zoragarria bada, zerbaitegatik izaten da beti», onartu zuen Ezkurrak. Duela zazpi urte utzi zuen erremontea Doneztebeko aurrelariak, honek ere arrasto handia utzita.
«Berak dena eman du kantxan. Oso pertsona apala, lasaia, umila... horrelako lagunak eta horrelako pertsonak asko gustatzen zaizkit», aitortu zuen Imanol Lopez puntistak. Oroitarazi zuen 2002ko Munduko Txapelketan kointziditu zutela aurrenekoz biek eta Urrizak urrezko domina eskuratu zuela, baina kasu hartan palan.
Galarretara bertaratu ziren gehienek nabarmendu zuten erremontea zorioneko izan dela iruindarrak honen aldeko hautua egin zuelako. Palan ere etorkizun oparoa ikusten zitzaion, baina azkenean saskia eskuan zuela egin du ibilbide profesionala, ezin oparoagoa.
«Bere izenaren aurretik erremontea jarri du beti. Hutsune handia utziko du», azpimarratu zuen Joxe Mari Bengoetxeak, Oriamendi 2010 enpresako zuzendariak. Aritz Eskuderok ere hitz politak eskaini zizkion, Urrizaren izaera apala ezin hobeto deskribatuz. «Ni bigarren mailako pilotaria izan naiz eta berarekin kointziditu dudanean, parez pare tratatu izan nau, errespetuz. Lehendabizi pertsona da eta gero, kirolaria».
ASEBETETA
«Pozik eta asebeteta noa», esan zuen iruindarrak partida bukatu eta segidan mikrofonoa eskuetan hartuta. «Hau da izan dezakedan oparirik onena, jasotzen dudan maitasun hau da garrantzitsuena», nabarmendu zuen ehunka pertsonaren txalo artean. Partidan bezala, omenaldi saioa ere atzetik aurrera joan zen: Urriza lasai zela hasi eta negar malkoei eutsi ezin ziela amaitu zen ordu erdi pasatxo iraun zuen ekitaldia. Erremontistek -une zailenetan aurpegia eman izana aitortu zion Ansak-, familiak, EITBk eta Oriamendi 2010 enpresak parte hartu zuten bertan, zenbait oroigarri emanda.
Senitartekoek txapel bat jantzi zioten; sekula jantzi duen bereziena izango du, segur aski. Eta, horren ondotik, bihotzetik ateratako hitzak bota zituen, duela gutxi zendu zaion ama goraipatzeko: «Daukadan gauzarik garrantzitsuena da familia, nire euskarria dira. Nire aitarengatik daramat elastikoan Urriza abizena, berak erakarri ninduen pilotara, baina ikusten ez den Torres da nire amarena, eta honek erakutsi zidan kemenez bizitzen. Dauden lekuan daudela, disfrutatzen egongo direla espero dut».
Bere azken hitzetan, Urrizak eskerrik beroenak eman zizkien guztiei: familiari, lagunei, zaleei, entrenatzaileei eta komunikabideei. Ez zituen lesioak, sasoi zailak eta geldialdiak aipatu gabe utzi, baina batez ere pilotalekuaren berotasuna goraipatu zuen. Era berean, «konbentzituta» agurtzen dela azpimarratu zuen.
«Hau pilota da, hau erremontea da; tradizioa, kultura, ondarea. Noblezia, balioak. Guztion artean hau dena helarazten jarraitu behar dugu», esan zuen pilota modalitate hau bere izenaren gainetik jarri duen Iruñeko semeak.
Eta euskarazko azken agurra, bihotzetikoa, bai Galarretan zirenen, bai ekitaldia telebistaz ikusi zutenen bihotzetara iritsi zen: «Zoragarria izan da zuekin batera 18 urte hauek bizitzea. Beti bihotzean eramango zaituztedalako. Pilotalekuak betetzen jarrai dezagun, pilotak bizirik iraun dezan. Gora pilota, gora erremontea, bizi erremontea».
Atzo Galarretan ez zen pilotari soil bat erretiratu, ondare bat utzi duen bat eta belaunaldi oso baten erreferente izan dena baizik. Javier Urriza ez da frontoiak utzi dituen norbait. Javier Urriza betiko geratuko da, horman islatutako irudi batean, txaloen oihartzunetan eta dantzarako azken pausoa dotore eman zuen gizon apal baten irudian.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
