Non sartu dira?
Ondorioak izan ditu Palestinan egiten ari diren genozidioa gaitzesteko Donostiako surflariek ekain hasieran egin zuten protestak. World Surf League (WSL, ingelesezko siglengatik) erakundeak bertan behera utzi zuen Zurriolako hondartzan egitekoa zen Europako Pro Junior txapelketa. Hala ere, txapelketa arrakastaz egitea lortu zuten antolatzaileek, nahiz eta WSL zirkuiturako puntuagarria ez izan. Europako Pro Junior zirkuituko hurrengo txapelketa Ferrolen (Galizia) zen, eta jakin-mina nuen lehiakide israeldarrek zer egingo zuten.
Galiziako surflariei dagokienez, nik dakidala ez zuten ezer antolatu Gazako genozidioa salatzeko, baina bitxia izan da txapelketan lehiakide israeldarrik ez zela ikustea. Orduan, non sartu dira?
Zurriolako txapelketan Groseko Indarra surf elkarteak iragarri zuenean israeldarren presentzia masiboa onartezina zela hautsak harrotu ziren, eta jarraian, antolatzaileek eta baita udalak ere salatu zuten Israelgo Estatu sionistak Gazan egiten ari den sarraskia zuritzeko erabiltzen dituela kirolariak. Hasieran, hogei lehiakide israeldar zeuden eta gero hirura murriztu zen israeldarren kopurua, baina aldi berean alemaniarrek gora egin zuten, haietako askok nazionalitate bikoitza baitute. Azkenean, WSL gabe txapelketa egin zenean, ez zen ez israeldarrik, ezta alemaniarrik ere. Eta, orain, Galiziako Pro Junior txapelketan, parte hartu dute?
Baten batek ziur aski bai, baina oso gutxik, eta, gainera, gauza bitxiak gertatu dira. Adibidez, Galizian lehiatu diren 72 mutil eta 40 nesken artean surflari alemaniar bat soilik zegoen eta lehiakideen zerrendan ez zen Israelgo banderarik ageri. Alta, bazen nesken artean lehiakide bitxi bat, bere profilean banderarik ez zuena baina israeldarra dena. Bitxiena, ordea, zera da, iazko txapelketetako emaitzak begiratuta, edo orain arte Israelgo banderarekin lehiatu diren profilak begiratuz gero, banderarik gabe agertzen direla israeldarrak. Alegia, WSLk hala erabaki duelako, edo auskalo zergatik, israeldarren profiletan ez da gehiago banderarik. Saretik desagertu dira.
Isilpean, WSL erakundeak neurriak hartu dituela agerikoa da. Bestalde, israeldarrek ulertu dute leku askotan ez direla ongi etorriak, eta zenbait txapelketatara joateko gogoa kendu zaie antza. Alde horretatik, sionisten estrategia zuritzaileak porrot egin du, baina gauzak alda daitezke. Hurrengo txapelketa Capbretonen (Estatu frantsesa) izango da uztailaren 3tik 5era bitartean, eta han ikusiko da israeldarrek zer egiten duten. Kasu, frantsesak ez dira fidatzekoak.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
