Mirentxu Agirre hil da, frankismo garaiko biktimen aldeko nafarra
Bere bizitza osoan frankismoak errepresaliatutakoen eta fusilatutakoen memoriaren eta aitortzaren alde lan egin zuen Mirentxu Agirre Aristizabal hil da, 88 urte zituela. Bere aita, Fortunato Agirre, Lizarrako EAJko alkatea izan zen eta fusilatu egin zuten.

Nafarroako EAJk atzo jakinarazi zuenez, Mirentxu Agirre Aristizabal hil zen, 88 urte zituela. Bere ahizpa Mikelerekin batera, «frankismoaren biktimen duintasunaren sinboloa» izan zen, eta «oroimen historikoa berreskuratzeko lanaren adibide argi bat da, jada hilda dauden bere anaiekin eta bere familia osoarekin batera».
Alderdiak ohar batean gogoratu zuenez, frankistek 1936ko irailaren 29an fusilatu zuten Fortunato Agirre Lukin Lizarrako alkate jeltzalearen alaba zen Mirentxu Agirre, eta horren ondotik, diktadurak fusilatu eta errepresaliatu zituen pertsonen oroimena berreskuratzeko lan egin zuen bere bizitza osoan.
Mirentxu Agirre Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko presidentea izan zen 2002tik 2010era arte, eta beti aritu zen lanean erakunde publikoen aldetik frankismoaren biktimen errekonozimendua eta aitortza lortzeko; fusilatutako pertsonak omentzeko eta oroitzeko ekitaldiak sustatuz, elkarte horren eskutik Alargunen Herria bultzatuz edo Sartagudan Memoriaren Parkearen sorrera sustatuz. «Ikuspegi abertzaletik sinesmen demokratiko sendoa zuen emakumea zen, demokraziaren, askatasunaren eta justizia sozialaren balioak defendatu zituena beti», nabarmendu zuen EAJk.
AGIRRE FAMILIAREN LANA NABARMENDU ZUTEN
Bere aita fusilatu zutenean, artean ez ziren jaio ez Mirentxu ez bere ahizpa Mikele. Fortunato Agirre Lizarrarako «aurrerapen garrantzitsuak ekarri zituen kudeatzaile bikaina» izan zen, Lizarrako Estatutu Batzarreko lehendakaria, Napar Buru Batzarreko kidea, Osasunaren sortzailea, Izarra Kirol Elkartekoa eta Lizarrako ikastolakoa... «Bere baloreek eta askatasunaren, justiziaren eta demokraziaren defentsak erail zutena», jasotzen du atzo jeltzaleek zabaldutako oharrak.
Napar Buru Batzarraren (NBB) izenean, Unai Hualde Iglesias presidenteak doluminak eman zizkien Agirreren familiari, hurbilekoei eta lagunei, eta eskerrak eman zizkien frankismoaren biktimek memoria berreskuratzeko egin dituzten ekitaldi guztietan lagundu izanagatik, biktimen duintasunaren adibide bihurtuz: «Agirre familiak ezinbesteko lana egin du memoria historikoa berreskuratzeko Nafarroan, basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima guztien defentsan. Urteetan zehar isiltasuna eta desoroimena pairatu zenituzten, baina ez zenuten inoiz gorrotoz jokatu. Goian Bego, Mirentxu, eta eskerrik asko».

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump
