GARA
BILBO

Sexu-transmisiozko gaixotasunak bikoiztu egin dira, Lakuak dioenez

Lakuaren arabera, 2024an sexu-transmisiozko gaixotasunak bikoiztu egin ziren. GIBaren datua, aldiz, ez da nabarmen aldatu azken bost urteetan. Alberto Martinez sailburuak nabarmendu du asistentziarako sistemak prebentziora bideratu behar direla.

Marco Imbert, Alberto Martinez eta Oskar Ayerdi, datuen berri emateko egindako prentsaurrekoan.
Marco Imbert, Alberto Martinez eta Oskar Ayerdi, datuen berri emateko egindako prentsaurrekoan. (IREKIA)

Klamidiasia, gonorrea eta sifilisa bezalako sexu-transmisiozko gaixotasunen kopurua bikoiztu egin zen 2024an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak emandako datuen arabera. Aldi berean, 125 GIB kasuak ugaritu ziren, baina urteroko diagnostiko berrien kopurua ez da nabarmen aldatu azken bost urteetan.

Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2024ko memoriak emandako datuen berri emateko agerraldi bat egin zuten atzo. Han izan ziren Alberto Martinez Osasun sailburua, Oskar Ayerdi Osakidetzako Hiesaren eta STIen Planaren koordinatzailea eta Marco Imbert EuskalSida Elkarteen Federazioko presidentea.

Txostenaren arabera, 125 GIB kasu diagnostikatu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2024an, eta kopuru hori konstante mantendu da azken bost urteekin alderatuta. %85,2 gizonetan izan ziren, batez beste 36,7 urtekoetan, eta kasu gehienak gizonekin sexu-harremanak dituztenei dagozkie.

Diagnostikoen %63,2 Bizkaian izan ziren, %21,6 Gipuzkoan eta %15,6 Araban. Sexu-transmisiozko ohiko infekzioen, -klamidiasiaren, gonorrearen eta sifilisaren- kasuan, 654, 861 eta 490 kasu berri atzeman ziren, hurrenez hurren. Horrek esan nahi du «hazkunde esponentziala izan dela. Azken urtean bi aldiz biderkatu dira, eta bereziki 20 eta 34 urte bitarteko gazteei eragiten die. Sailburuaren hitzetan, beste gaixotasunekin alderatuta portzentaje txikia izan arren, «GIBa eta STIak osasun publikoko arazo bat dira», eta «ukaezina da azken hamarkadako STIen etengabeko gorakada».

«OSASUN PUBLIKOKO ARAZOA»

STIei dagokienez, Ayerdik esan zuen «osasun publikoko benetako arazoa» dela, azken urteetan «etengabeko gorakada» izan delako. «Intzidentzia-kurbak nabarmen ari dira handitzen», aitortu zuen.

«Intzidentzia-tasei erreparatzen badiegu, are deigarriagoa da, 100.000 biztanleko 133 kasu ditugu; hori oso tasa altua da», eta 2019ko datuak «bikoiztu» ditu.

«Gonorreari begiratuz gero, 100.000 biztanleko 85 kasu dira, pandemiaren aurreko bikoitza; eta sifilisean, 100.000 biztanleko 22, baina bikoiztu egin da azken bi urteetan».

Hainbat faktorek eragiten dute igoera horretan, doktoreak esan zuenez, eta «erantzuna konplexua da». Besteak beste, haurdunaldia kontrolatzeko teknikak areagotzeagatik preserbatiboen erabilera murriztea, lehen sexu-kontaktuak gero eta gazteagotan izatea, elkartzeko APPak ugaritzea edo sexuan jolas-substantziak erabiltzea.