U.URRUTIKOETXEA
WASHINGTON

Trumpek bere «lege eder eta handia» lortu du independentzia-egunerako

Hilabeteetako gorabeheren ostean, Donald Trumpen agendarako lege erraldoia onartu zuen atzo Kongresuak. Zerga-mozketa handiak izango dira aberatsenentzat, diru gehiago immigrazioaren aurka eta armadarako; aldiz, milioika lagunek osasungintzarako eskubidea galduko dute, eta energia berriztagarrietarako onurak ezabatuko dira.

Mike Johnson Ordezkarien Ganberako buruak onartutako legea sinatzen, bere kide errepublikanoez inguratuta.
Mike Johnson Ordezkarien Ganberako buruak onartutako legea sinatzen, bere kide errepublikanoez inguratuta. (Jemal COUNTESS | AFP)

«Ezin zen hobeto programatu. AEBetarako lege eder eta handia onartzeko zein egun hoberik, independentzia-eguna baino?». Mike Johnson Ordezkarien Ganberako burua pozik zegoen, Donald Trumpen agindua betetzeko beharrezko botoak zakuan zituela jakitun. Gaur bertan sinatuko du presidenteak Etxe Zurira eraman duen agendaren giltzarria izango den araua.

24 ordu lehenago, hogei baino gehiago ziren espantuka ari ziren errepublikanoak. Maiatzean Senatura bidali zuten legea eraldatuta zetorrela salatzen zuten. Aurkari gutxi batzuk, teorikoki moderatuak, legeak beren barrutietara dakarren hondamendiaz jakitun: eremu urrunetako ospitaleetara eta behartsuen medikuntza-arretara dakarren kolpeaz jakitun. Ez da alderdia eta liderra herritarren aurretik jartzen dituzten lehen aldia, goiz ala berandu, lerro-lerro dira Trumpen esana betetzeko.

Kezka handiagoa Freedom Caucus-eko eskuin muturretik zetorren, defizitaren belatzek ez baitute begi onez ikusi hiru bilioi dolar baino gehiagoko zorpetzea dakarren araua. Medicaid-en eta energia berriztagarrietan mozketak eginda ere, milioidunei zergak kentzea eta immigrazioaren aurkako politikak egitea garestia da.

DEMOKRATEN PROTESTA

Alexandria Ocasio-Cortez kongresukide progresistak salatu zuen Behe-Ganberan legearen hipokrisia. Tabernaria izana da, eta AEBetako leku gehienetan zerbitzariei ez diete gutxieneko soldata ere ordaindu behar, eskupekoekin osatzen delako. Eskupekoei zerga kentzeko agindu populista dakar Trumpek legean, kanpainan agindu gisa.

«Eskupekoekin bizi izan den bakanetakoa naiz hemen, eta utzidazue iruzurra salatzen. Batetik, 25.000 dolarrera arte kentzen da zerga. Eta trukean, zure umeei jaten emateko laguntza galdu, osasun-eskubidea galdu, haurrari fardelik ezin ipini. Zeren truke? Deabruarekin ituna da. Zerga nazionala hauspotzen du, gure ekonomia militarizatzen du, osasun-eskubidea eta duintasuna kentzen dizkie herritarrei. Zertarako? Elon Muski eta milioidunei, lukurariei, zergak kentzeko», esan zuen.

Asteazken goizean saioari ekin ziotenetik, ostegunera arteko gau osoa eman zuen Johnson-ek errepublikano errebeldeak limurtzen. Hain dute txikia gehiengoa, ezen 435 kideko Ganberan hiru boto baino ezin baitituzte galdu.

Atzo goizean lana egintzat jo zuen. Baina orduan, Hakeem Jeffries demokraten buruak trikimailu baten bidez hitza hartu zuen eta diskurtso luze bati ekin zion. Zortzi orduz egon zen berbetan, Ganberako marka hautsiz eta bozketa atzeratuz. Demokratek «presio egiten jarraituko» zutela adierazi zuen, Martin Luther Kingen hitzak errepikatuz. «Presio gaixoen alde, presio ahulen alde, presio demokraziaren alde, garaipena irabazi arte», adierazi zuen.

Baina atzo, porrotaren eguna izan zuten. Johnsonek, Trump «lider ausart eta adoretsuari» eskerrak emanda, bozkatzeko deia egin zuen Jeffriesek amaitu bezain laster. Bi errepublikanok bozkatu zuten aurka, demokratekin batera.



Washington quiere simplificar la regulación para comprar armas

Como parte de su plan para recortar el presupuesto de la Oficina de Alcohol, Tabaco, Armas de Fuego y Explosivos (ATF), el Gobierno de EEUU quiere modificar medio centenar de sus regulaciones, lo que incluye simplificar y flexibilizar la verificación de antecedentes para comprar armas.

El controvertido Departamento de Eficiencia Gubernamental (DOGE) quiere eliminar a unos 540 inspectores, dos tercios del total, y revisar unas 50 de sus normativas, desde la destrucción de registros de compra pasados 20 años hasta la extensión del período de revisión de antecedentes de 30 a 60 días.

El Ejecutivo estadounidense asegura que busca reducir la burocracia en la ATF, pero esas medidas aumentan el riesgo de que se creen lagunas relativas a los antecedentes y datos de quienes posean y quieran comprar armas.GARA