Nora UNANUE
LASARTE-ORIA
Elkarrizketa
AIORA BELARTIETA GALARDI
Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Pasa den sasoian dena irabazi arren, oraindik irabazteko gose handia dugu»

Aiora Belartieta (Lasarte-Oria, 2002) Arraun Lagunak taldeko harrobiko arraunlaria da, eta, nahiz eta gazte izan, beterano da “Lugañene” traineruan. Bere konpromisotik eta gose ase ezinetik abiatuta, azken urte hauetan emakumezkoen arraunaren erreferente bilakatu da.

(Maialen ANDRES | FOKU)

 

Aste-bukaera honetan Bilbon emango dio hasiera denboraldiari Euskotren Ligak. Aurreko sasoian Donostiako Arraun Lagunak taldeak historia egitea lortu zuen, jokoan zeuden bandera guztiak irabaziz, eta datorrenerako «gogotsu» dagoela adierazi du Belartietak. Hala ere, taldeak «burua hotz eta oinak lurrean» dituela azpimarratu du. Erronka nagusia aurreko denboraldia berdintzea izango dute, eta hori lortzeko presio puntu bat dutela onartu du, aurkarien maila talde donostiarrarenarekin batera gora baitoa.

Azken urteetako arrakasta ikusita, zein helburu edo erronka jarri dituzue datorren denboraldirako?

Aurtengo helburuak, azkenean, ez dira hainbeste aldatuko, gure helburua berriro ere Euskotren Liga eta aurrerago Kontxako bandera irabaztea izango da. Bitartean, denboraldiaz disfrutatzea, hori izango da gure helburu nagusienetariko bat.

Euskotren Ligan datorren denboraldirako faborito zarete, Tolosaldearekin batera.

Egia da denboraldi oso potente batetik gatozela eta presio puntu hori daukagula, dena irabaztetik gatoz-eta. Hori dela eta, dena irabazteko daukagu, eta baita dena galtzeko ere. Orduan, badaukagu presio puntu hori, eta kontziente gara egoera hori ondo kudeatzen saiatu behar garela eta une oro burua hotz mantentzen.

Zuen lehiakide nagusi den Tolosaldearen maila ere igo egin da.

Bai, haien mailari dagokionez, ikusi da maila bat gora egin dutela, beraiek ere taldea errefortzatu dute fitxaketen bidez, baina egia da talde gisa urtez urte maila altuagoan lehiatzen ari den taldea dela, eta aurten gerra handia emango duen taldea izango dela ziur nago.

Hainbeste garaipenen ondoren, taldearen giroak eta motibazioak bere horretan jarraituko duela imajinatzen dut.

Hala da, oraindik irabazteko gogo handia dugu, nahiz eta aurreko denboraldian dena irabazi; azkenean, irabazten duzunean, gehiago irabazteko nahi hori pizten da, eta momentuz jarrera horrekin gabiltza, oraindik irabazteko gose handiarekin gaude.

Zein esango zenuke dela zuen taldearen indargune nagusia?

Zalantzarik gabe, jarrera da, gure aldetik jartzen dugun guztia eta gure arteko harremana.

Prestakuntza fisikoari dagokionez, exijentzia geroz eta altuagoa da.

Egia da urtez urte exijentzia maila handiagoa duen taldea dela, eta gure prestatzaile fisikoak oso gustuko duenez bere lana eta pasio handiz aritzen denez horretan, beti gauza desberdinak probatzen aritzen da gure prestakuntzari begira. Hala ere, urte asko daramatzagu gogor entrenatzen eta aurten ere gogor entrenatu dugu.

Lemazainaren aldaketa kasu delikatua izan da… Nola baloratuko zenuke teknikarien kudeaketa?

Gure entrenatzaileak egoera ondo kudeatu duela pentsatzen dut. Gainera, etorri den patroiak, Joanak [Halsouet], duela bi urte gurekin jardun zuen, arraunlari gisa, ez patroi gisa, baina berak ezagutzen zuen patroi rola, duela urte batzuk Lapurdin patroi izan baitzen. Lehenengo aldiz hemen aritu zenean ikusi genuen neska arduratsua zela eta gure taldearentzat balio zuela. Orduan, alde horretatik, egia esan, oso kontentu nago.

Ikaskuntza pertsonalen bat aterako zenuen trantsizio-aldi horretatik.

Egia da, bai, Andrearekin ni zazpi urtez ibili naizela eta agian gutako batzuk gure konfort gune horretatik irten garela edo gure aurreko patroiak zituen ohituretatik “desohituratu” egin behar izan dugula. Adibidez, Joanak uretan eskatzeko dituen moduak eta Andrearenak ez dira berdinak. Alde horretatik, Joanaren moduetara egokitu behar izan dugu. Azken finean, denok izan dugu txip aldaketa hori eta, egia esan, nire ustez taldea oso ondo egokitu da, eta Joana berdin-berdin, dena ondo irten da.

Taldearen dinamika aldatu dela esango zenuke Joana Halsouet lemazainaren etorrerarekin?

Aldatu-aldatu ez da ezer aldatu, Joana gure patroi berria da, patroiek ere beraien maniak dituzte, eta nire ustez, hori da aldatu den gauza bakarra.

Zein estropada duzu bereziki buruan?

Niretzat orain denak dira bereziak… (barre egiten du). Gu estropadaz estropada goaz, beraz, ez daukat bat bereziki gogoan. Egia da, bai, Kontxako bandera beste “mobida” bat dela, baina ligan zehar niretzat denak dira garrantzitsuak.

Larunbatean Bilbon emango diozue hasiera ligari. Nola ari zara zeure burua prestatzen denboraldi berri honen hasierarako?

Aldatu-aldatu ez da ezer aldatu, Joana gure patroi berria da, patroiek ere beraien maniak dituzte eta nire ustez hori da aldatu den gauza bakarra.

Emakumezkoen taldea sortu zenetik, taldeak Euskotren Ligan parte hartu duen liga guztietan aritu zara, lehenengoan izan ezik.

Urte gutxitan gauza asko gertatu dira, eta dena asimilatzea ez da erraza egiten, uste dut etorkizunean konturatuko naizela lortu dugunaz eta sakrifikatutako denbora guztiaz.