Redondoren «Lorik egiten ez dutenak» euskaratu dute
Miren Arratibelek euskarara ekarri du Dolores Redondo idazlearen ‘‘Lorik egiten ez dutenak. Nash’’. Psikologo forentse baten pausoen atzetik, neska baten heriotzaren ikerketa jarraituko du irakurleak.

Erein argitaletxearen eskutik, eta Inazio Mujikak editatuta, euskaraz irakurgai dago Dolores Redondoren azken eleberri beltza, ‘‘Lorik egiten ez dutenak. Nash’’. Miren Arratibelek itzulitako istorio honen protagonista psikologo forentse bat da, Nash Elizondo.
Protagonista, 2020an pandemiaren atarian ama hil eta gero, Legarreako leizearen inguruko sorginkeriari buruzko kondaira bat ikertzen hasten da, baina duela gutxi hildako neska gazte baten gorpua aurkitzen du. Beraz, polizia edo inspektore batek duen erraztasunik izan gabe, hildako Andrea Dancur gaztearen bizimodua aztertzeari ekiten dio, gertatutakoa argitzeko.
«Laukote» baten bigarren atala da. Hala azaldu zuen Redondok ostegunean Mujikarekin batera egindako aurkezpenean. Izan ere, ez du uste tetralogia bat denik, ‘‘Uholdearen zain’’ seriearen lehenengo nobelaren jarraipen bat ez delako, ez behintzat kronologikoa. Bilbon 1980ko hamarkadan gertatzen den istorio horretan, pertsonaia nagusia Nashen ama da, psikiatra bat.
Baztandik atera ez denez, idazleari nazioarteko ospea eman zion Baztango trilogiaren protagonista, Amaia Salazar inspektorea, du lagun Nashek. «Bere Watson da», laburbildu zuen Redondok.
Donostiarrak azaldu zuenez, psikologo forentseak ez dira autopsietan egoten, eta gorpurik ez dagoenean edo heriotzatik denbora asko igaro denean sartzen dira ikerketetan.
Bere izena ere bere lanarekin estuki lotuta dago. «NASH» nazioarteko kode forentsean jasotako heriotza kausen akronimo bat da, ingelesez: naturala, istripuzkoa, suizida eta homizidiozkoa. Zehaztugabea esan nahi duen ‘‘i’’ bat falta da izenean, protagonistaren amak beti nabarmentzen zuen Nashen ezaugarri bat.
«MATRIARKATUA» ETA IZENBURUA
Amatasunarena da, hain zuzen, Dolores Redondoren lan honen hanketako bat, «oso sakon aztertua», Inazio Mujikaren hitzetan. Honek azpimarratu zuenez, liburuan nagusi dira emakumeak, Redondoren «matriarkatua», eta izenburuan ere emakumeei «omenaldia» egiten zaie.
Idazleak berak azaldu zuen: «Lorik egiten ez dutenak emakumeak dira. Erdi Aroan gizonak lo egon zitezkeen gau osoan, emakumeak ez, pentsatzeko eta erabakiak hartzeko denbora zutelako orduan; eta sorgin bihurtzen zituzten erabakiak hartzen zituzten, ez ezkontzea edo bakarrik bizitzea bezalakoak».
Bizimodu desberdinak dituzten pertsonen alde egiten duen liburu bat da euskaratu berri duten hau. «Gaur egungo gizartean ere ez dugu alde batera utzi modu desberdinean bizi diren pertsonen aurkako kritika basati hori», hausnartu zuen Redondok. Eleberrian, epaiketa hori desagertzen da protagonistaren eta Mitxelena familiaren arteko harremanean.
36ko Gerran, Josefa Goñi eta bere seme-alabetako seiren gorpuak Legarreako leizera bota zituzten, eta horretan oinarritzen da nobela hau. Hala ere, idazleak ohartarazi zuen aurkezpenean “true crime” delakotik «urruntzen» saiatzen dela, hildako pertsonen familiekiko errespetua gordetzeko, besteak beste. «Idazlea bazara, ez duzu literala dena islatu behar, baizik eta hori iragazi eta beste era batean kontatu», azaldu zuen.
Josefa Goñi eta bere seme-alabei gertatutakoari dagokionez, «hunkitu egin ninduen eta liluragarria iruditu zitzaidan», azaldu zuen Redondok. Gaineratu zuenez, «sorginkeriazko exekuzio modernoena da, ikaragarria iruditzen zait», eta gertakariari buruz informazio gehiago bilatzera gonbidatu zituen irakurleak.

Una familia de Errenteria, al borde del desahucio por confusión de nombres

Euskararen galera aldi baten hasiera islatzen du 2036rako proiekzioak

¿La solución es que dimita Pedro Sánchez? «Talvez não»

«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»
