Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Arraun Lagunak eta Orio dira liga nagusietako lehen liderrak

Euskotren Ligan, donostiarrek larri-larri lortu dute garaipena Bilboko erlojupekoan, 86 ehunenekora geratu baita Orio. Eusko Label Ligan, oriotarrek jarraipena eman diote lurralde txapelketetan erakutsitako nagusitasunari.

Joana Halsouet, Arraun Lagunakeko patroia, bandera astintzen.
Joana Halsouet, Arraun Lagunakeko patroia, bandera astintzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Eguraldi eguzkitsua, beroa, haize bizi samarra eta jaisten ari zen marea; hala hartu zuen atzo arratsaldean Bilboko itsasadarrak Euskotren eta Eusko Label ligen estreinaldia. Irabazleen izenek ez zuten inor harritu, Arraun Lagunak eta Orio, baina estropadek utzi zuten ezustekoren bat.

Emakumeekin hasita, Tolosaldeak zirudien Arraunen aurkari gogorrena orain arteko estropadak ikusita, baina atzo Orio izan zen ezustekoa emateko zorian izan zena, irabazlearengandik 86 ehunenekora soilik geratu baitzen. Eta oso nabarmentzekoa Zumaia igo berriak lortutako hirugarren postua ere.

Hain zuzen ere, zumaiarrak izan ziren lehen txandan denborarik onena egin zutenak: 10:50:80. Hibaika, Astillero eta Hondarribia atzetik uztea lortu zuten, eta ohorezko txandan gertatzen zenaren zain geratu ziren.

Eta txanda nagusia emozioz betea izan zen. Ziabogan Arraun Lagunakena zen denborarik onena, 5:21, baina ikusi zen bere aurkari nagusia agian ez zela espero zen Tolosaldea izango, Orio gertuago zeukalako, hiru segundora baino ez.

Itzulerako luzean, oriotarrek sekulako lana egin zuten eta irabazteko zorian ere egon ziren, nahiz eta azkenean Arraun Lagunakek pronostikoak bete: donostiarren denbora 10:42.48koa izan zen, eta oriotarrena 10:43:34koa.

Azkenean, Zumaiak hirugarren postu bikaina eskuratu zuen, 36 ehunenekogatik Tolosaldeari aurrea hartzea lortu zuelako. Hibaika izan zen bosgarren, Astillero seigarren, Hondarribia zazpigarren eta Donostiarra zortzigarren.

«Pinganillotik atzetik gindoazela esaten ziguten eta dena eman behar izan dugu, horrelakoak izaten dira erlojupekoak. Baina konfiantza guztia nuen talde honetan, eta banekien hau aurrera aterako genuela», ospatu zuen Xubane Uribarrena arraunlariak. Izan zen emozioari buruz, hauxe gehitu zuen: «Uste dut Oriok aurtengo neguan egin duen lanari errespetu oso gutxi izan zaiola. Erakutsi digu lan oso ona egin beharko dugula irabazi nahi badugu».

ORIO, OSO ERREGULAR

Gizonezkoei dagokienez, Oriok lehen estropadatik erakutsi nahi izan zuen Eusko Label Liga irabazteko hautagai nagusia dela. Txapelketetan erakutsitako nagusitasunari jarraipena emanez, azkarrenak izan ziren Bilboko erlojupekoan, luze guztietan erregulartasun handia erakutsiz. Era berean, ohorezko txandan lehiakide izan zituen Zierbena, Donostiarra eta Bermeo koska bat gorago daudela ikusi zen.

Getariak markatutako 20:21ekoa zen erreferentzia lau oilar nagusientzat. Eta hasieratik ikusi zen bandera ohorezko txandan jokatuko zela. Zehazki, Orio izan zen lehen ziabogan zalantza guztiak uxatu zituena, Getariari 15 segundo sartuz. Donostiarra, ordea, gertu zuen, 3 segundora.

Txandak aurrera egin ahala, Zierbena izan zen denborak hobetzen joan zena, eta tarteak jaten. Hirugarren ziabogan Donostiarraren atzetik zen oraindik, baina azken luze bikain bati esker, bigarren postua eskuratu zuten bizkaitarrek. Garaipena Oriorentzat izan zen 19:43:58ko denborarekin, Zierbena 4.30 segundora geratu zen, Donostiarra 8.92ra eta Urdaibai 21.72ra.

«Normala da jendeak gu faboritotzat jotzea, demostratu egin dugulako, eta ezin dugu ezkutatu. Berdin jarraitu behar dugu», aitortu zuen Gorka Aranberri patroiak.