Harremanen hauskortasuna, ikuspegi intimistatik

Eskandinaviako zinema oso ezaguna egin da azkenaldian nordic noir ekoizpen indartsuengatik. Baina, era berean, iruditzen zait bereziki trebeak direla familia harremanetan oinarritutako drama intimistetan. Horren adibide da “Begyndelser” (gazteleraz “Volver a ti”) filma.
Ane eta Thomas senar-emazteek aspaldi hartu zuten banantzeko erabakia, baina bi alabei kontatzeko une egokia noiz iritsiko zain daude. Halako batean, garuneko koagulu batek Aneren gorputzaren erdia paralizatuko du, eta ezbehar horren ondorioz guztia atzeratzea erabakiko dute, Anek zainketa bereziak behar dituelako.
Istorioak osagarri guztiak zituen drama negar-eragile manipulatzaile bat izateko, baina, zorionez, ez da halakorik gertatzen: Jeanette Nordahl zinemagile daniarrak abiapuntu horretatik familia-drama sotil eta errealista bat eraiki du, neurriz eta zuhurtziaz harilkatua. Narratiba patxadatsua baina hunkigarria du oinarri: familia loturak eta emozioen ñabardurak sentiberatasunez erretratatzen ditu, sentimentalismo merkeak eta klixe narratiboak une oro saihestuz.
Trine Dyrholm eta David Dencik aktoreek antzezten dituzte bi protagonisten rolak, eta lan zoragarria egiten dute, bereziki Dyrholmek. Estimatzekoa da zuzendariak ordu eta erdian ongi eraikitako istorio bat azaltzeko duen gaitasuna. Hala ere, zenbait jauzi narratibo azkarregi gertatzen dira eta hari batzuk solte geratzen dira, behar bezala lotu gabe. Horrek kalte egiten dio pertsonaien garapenari. Filma une oro eremu sotilean mugitzen da, baina amaiera presaz hartutako erabaki narratibo baten ondorioa da.
Bigarren aukerei buruzko gogoeta indartsua plazaratzen du; pitzatzen diren baina berriz konpon daitezkeen loturez dihardu drama oso gomendagarri honek.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
