Van der Poel da lider berria, Pogacar eta Vingegaard gaindituta
Van der Poel da Tourreko lider berria, bigarren etapa irabazi ostean. Amaiera oso gorabeheratsua izan zuen atzoko egunak eta herbeheretarra izan zen indartsuena maldan gorako azken esprintean. Pogacar izan zen bigarren eta Vingegaard, hirugarren.

Alpecinek liderraren maillotari eutsi zion. Baina jabea aldatuz. Mathieu Van der Poelek larunbatean bideraketa lan bikaina egin zion Jasper Philipsen esprinterrari eta, atzo, berarentzat oso aproposa zen ibilbidean, indartsuena izan zen goranzko azken esprintean zentimetro gutxi batzuei esker Tadej Pogacar garaituta.
Esana zuen, azken urteetako Tour traketsen ostean, aurten irudi ona eman nahi zuela, prestaketa serioa egina zuela. Esan eta egin. Halako maila izanda, lana ongi eginez gero, laster iristen dira emaitzak.
Tourreko bigarren etapa Lauwin-Planquetik abiatu zen, 209 kilometro egin ondoren Boulogne-sur-Mer helmugara iristeko, edizioko etaparik luzeenean. Profilak ez zuen engainatzen. Igoera eta jaitsiera ugari, bata bestearen atzetik. Puntuak pilatzekoak, soilik hiru: hirugarren mailako bi eta laugarren mailako beste bat. Baina ongi adierazten zuten atzokoa ez zela esprinter garbienentzako jardunaldi aproposena.
Yevgeniy Fedorov, Brent Van Moer, Andreas Leknessund eta Bruno Armirail, azkenengo hau bigarrengo egunez jarraian; horiexek izan ziren eguneko ihesaldiko protagonistak.
Hainbat eroriko izan ziren etapako zenbait tartetan, lasterketa honen lehen astean urtero izaten den tentsioaren ondorioz. 180 txirrindulari inguru daude eta ia denek egon nahi dute aurrean. Baina errepidean ez dago guztientzako tokirik.
ONENAK DIRA
Helmugatik 30 kilometrora bizitu zen abiadura lehen aldiz. Tadej Pogacarrek eta Jonas Vingegaardek taldekideak lanean jarri zituzten, eta ez edozein. Lehenbizi Wout Van Aert izan zen eta Tim Wellensek hartu zion erreleboa. 35 bat lagunek baino ez zioten eutsi. Baina tartea zegoen oraindik helmugaraino eta moteldu beharrean izan ziren, atzetik, ostera ere, lagun ugari sartuz.
Hamar kilometro falta zirela, beste igoera gogor bat zuten. Kilometro bat baino ez, baina %9,5eko pendizarekin. Borroka handia izan zen tropelean, bertara ongi kokatuta sartzeko. Nahastea eta hanketako min handia. Groupamak eta Vismak erritmo handia jarri zuten eta segituan nabarmendu ziren munduko txirrindulari onenak: Pogacar, Vingegaard, Evenepoel, Van der Poel, Jorgenson eta Gregoire. Tarte handirik ez, eta beste asko iritsi ziren berriz ere aurreko taldera.
Bigarren igoeran, beste hainbeste, eta jaitsieran Vingegaardek berak probatu zuen, baina Evenepoelek eta Pogacarrek ez zioten metro bakar bat ere oparitu. Kevin Vauquelin izan zen, guztien artean, saiakera gehien egin zituena. Eta, halako batean, metro batzuk lortu zituen Jorgenson eta Joe Blackmorekin batera. Baina inor ez zegoen konforme atzetik eta oraindik igoera bat zuten aurretik, helmugara eramango zituena.
Pogacarrek bere ibilbide profesionaleko 100. garaipena eskuratu nahi zuen eta lanean jarri zituen Jonathan Narvaez eta Joao Almeida taldekideak, saiakera hori eta Florian Lipowitzena ere ezerezean utziz. Horrela iritsi ziren azken metroetara; bertan Van der Poelek hartu zuen esprinta bideratzeko ardura. Pogacar saiatu zen eta gurpila gerturatu zion Alpecineko txirrindulariari, baina ez zen nahikoa izan eta Herbehereetakoak jaso zituen besoak helmugan.
Lider berria da Van der Poel. Hala, Pogacarren 100. garaipena beste batean izan beharko da.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
