Onditz Iturbek brontzea eskuratu du bertikalean Europako Txapelketan
Bestalde, Asturiasen, Xabier Abasolok DesafiOSOmiedo lasterketa irabazi du eta UTMB Val d’Aranen Amaia Razkin bigarren postuan sailkatu da.

Beste behin ere, asteburu bete-betea izan dugu trail running-eko lasterketekin. Kronika hasteko, lehenik eta behin, Italiara jo beharra dago. Izan ere, Nazioarteko Skyrunning Federazioak (ISF) antolatuta, Europako Txapelketa jokatu da Aprica-Cortenon. Zenbait modalitate izan ditu eta horietako batean, bertikalean, euskal lasterkari bat izan da protagonistetako bat; Onditz Iturbe, hain zuzen ere.
Igorrekoa korrikalari oso zaildua da bertikalean; makina bat lasterketa eta titulu ofizial irabazi ditu eta joan den asteburuan bere ibilbideari emaitza bikain bat gehitu zion. 4,5 kilometro eta 950 metroko desnibeleko ibilbidean Iturbek lan ederra egin eta hirugarren postua sinatu zuen. Halere, egia da ez zuela aukerarik izan lehen bi sailkatuak estutzeko. Benedetta Broggi italiarrarentzat izan zen garaipena, 42 minutuko denborarekin eta ia minutu batera sailkatu zen Paola Stampanon suitzarra. Aipatu bezala, podiumaren hirugarren kutxa euskal korrikalariarentzat izan zen. Iturbek 44:26ko kronoa egin zuen.
Gizonezkoetan, berriz, Daniel Thedy italiarrak egundoko erakustaldia eman zuen; 34.43 denborarekin, urrea erdietsi zuen. Stian Angermund norvegiarra izan zen bigarren (36:10) eta Jonatan Arobes espainiarra, hirugarren (36:33).
EMAITZA BIKAINAK
Bestalde, Asturiasen DesafiOSOmiedo lasterketa jokatu zen. Kirol ekitaldi horrek zenbait distantzia izan zituen, eta nagusian, ultra modalitatean, Xabier Abasolok garaipen handia lortu zuen. 70 kilometro eta 8.200 metroko desnibeleko ibilbidean lehia ederra bizi izan zen Samuel Obaya eta euskal korrikalariaren artean. Azken sekzioan Abasolok atzean utzi zuen Obaya eta helmugara lehen postuan heldu zen, 7 ordu eta 51 minutuko denborarekin. Bigarren sailkatuari ia hamabost minutuko aldea atera zion.
Alvaro Ramos ere protagonista izan zen. 46 kilometro eta 2.270 metroko desnibeleko proposamenean aise gailendu zen 4 ordu eta 19 minutuko denborarekin. Bigarren sailkatuari, Alberto Villamorri, 13 minutuko aldea atera zion. Emakumezkoen kategorian, Naroa Uriak hirugarren postua sinatu zuen 5 ordu eta 56 minutuko denborarekin. Raquel Villalvak eraman zuen garaipena.
Amaitzeko, Pirinioetara jota, beste urte batez, sona handia duen UTMB Val d’Aranek egundoko arrakasta izan zuen. Azken ekitaldian 83 herrialdetatik iritsitako 6.000 lasterkarik parte hartu dute. Oro har, esan daiteke antolatzaileek ez zutela lan samurra izan asteburuko edizioa aurrera ateratzeko. Aurreko egunetan ekaitz gogorrak eta euri zaparradak izan ziren, eta, korrikalarien segurtasuna bermatu ahal izateko, ibilbide ia gehienetan aldaketak egin zituzten.
Hala gertatu zen, adibidez, CDH lasterketan. Les herritik irten ziren 893 kirolariek 102 kilometroko eta 5.775 metroko ibilbideari aurre egin behar izan zioten. Nesken mailari dagokionez, Mari Klakegg norvegiarrak erakutsi zuen ibilbide horretan sasoikoena zela. Lasterketa osoa goitik behera menderatu eta marka ederra egin zuen; izan ere, sailkapen absolutuan (neskak eta mutilak) hamabosgarren korrikalaria izan zen. Norvegiarrak 12:31:45eko kronoa markatu zuen. Bigarren, Amaia Razkin lasterkari nafarra helmugaratu zen (14:12:08).
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
