GARA
FUTBOLA

Egiluzek 2028ra arte sinatu du Athleticekin

Unai Egiluz, artxiboko argazki batean.
Unai Egiluz, artxiboko argazki batean. (ATHLETIC CLUB)

Athletic Clubek eta Unai Egiluzek akordioa lortu dute bien arteko kontratua 2028ko ekainaren 30era arte luzatzeko. Erdiko atzelariak lehen taldearen fitxa izango du eta Ernesto Valverderen aginduetara egingo du denboraldiaurrea, talde zuri-gorriak sarean argitaratutako ohar batean jakinarazi zuenez.

Atzelari durangarrak duela bi urte debutatu zuen jada Athleticekin, taldeak gerora irabazi zuen Koparen lehen kanporaketan, UE Rubi taldearen aurka. Egiluzek, taldekideekin batera, gabarran Bilboko itsasadarra zeharkatu zuen ospakizunetan.

2024ko abuztuan, Athleticek Mirandesera bidali zuen, lagata, Bigarren Mailan jokatzeko. Denboraldi bikaina burutu zuen talde gaztelarrak, eta Lehen Mailarako igoera lortzeko zorian egon zen.

33 partida ofizial jokatu zituen Mirandesekin. Denboraldiak aurrera egin ahala, errendimendua hobetuz eta protagonismoa irabaziz joan zen, taldeko jokalari erabakigarrienetakoa izatera iritsi arte.

Bada, jokalari durangarrak arrakastaz bukatu zuen Bigarren Mailan izandako lehen lagapena. Lehenago, Bilbao Athleticetik ere igaro zen, 50 neurketa jokatuz, eta orain lehen taldeko fitxa izango du.

ZURI-GORRIEN HASIERA

Bestalde, Athleticen lehen taldeak denboraldiaurrea hasi zuen atzo. Nobedadeen artean, Robert Navarro orain arteko fitxaketa bakarra egon zen Lezaman. Gainera, Urko Izeta, azken denboraldian Mirandesen lagata egon dena, taldearekin aritu zen.

Ez ziren saioan aritu, oraindik, Nico Williams, Unai Simon, Dani Vivian eta Maroan Sannadi. Nazioarteko lehiaketan jokatzen aritu ostean, «aurrerago» iritsiko direla baieztatu zuen Athleticek. Hauekin batera, atseden egun batzuk gehiago izango dituzte Unai Vencedor, Hugo Rincon eta Unai Egiluzek.

OTTO, ALAVESEN

Bilbotik zenbait kilometrotara, Gasteizen, alegia, aurpegi berria aurkeztu zuten atzo: Jonny Otto. Jokalari galiziarrak bere entrenatzailea izango den Chacho Coudeten «mentalitatearekin bat datorrela» adierazi zuen.

Postu batean baino gehiagotan joka dezakeen jokalariak badaki zer den Mendizorrotzan jokatzea eta bertan bizitzen den giroa sentitzea; 2017an, Celtan zegoela, Kopako finalerdietako itzuliko neurketa jokatu baitzuen bertan.

Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendariak konfirmatu zuen Ottok eskuin hegaleko bezala jokatuko duela, baina beste postu batzuetan ere egin dezakeela onartu zuen jarraian.

Ottok berak esperientzia eskaini dezakeela ziurtatu zuen, Premier Leaguen zazpi urte pasatu baititu, baina «umiltasuna» azpimarratu zuen galiziarrak.