MAITE UBIRIA
BAIONA

Leon erregea iratzarri eta bestaren jabeak bilakatu dira haur baionarrak

Bat, bi eta hiru. Leon, Leon, Leon. Kanta eta oihuak. Harrabots handia eginez, eta kostata, lortu zuten atzo haurrek errege alfertxoa iratzartzea. Hortik goiti, etxeko ttipiak bestetako gakoen jabe bilakatu ziren Baionan. Egunak entzierro ttipiarekin jarraitu zuen, jarraian Orai Bat konpartsako erraldoiekin dantzatzeko.

Ez zen adarkadarik egon entzierro ttipian.
Ez zen adarkadarik egon entzierro ttipian. (Patxi BELTZAIZ)

Asteazken arratsaldean, besten irekieraren kari, agerraldi laburra egin ondotik, ohera joan zen Leon erregea.

Atzo eguerdian, bero handia bazen ere, Askatasunaren plaza tamaina ttipiko bestazaleez mukuru bete zen. Herriko etxean gortinak hetsiak ziren, eta pazientzia handia behar izan zuten baionarrek Leon iratzartzeko.

«Altxa Leon, altxa» agindua behin eta berriro errepikatu zuten milaka eztarrik. Balkoian, abestiak 25 urte bete dituela ospatzeko, haurren ereserkiaren egile den Mario Gachis egon zen. Ondoan, hainbat pilotari azaldu ziren - Peio Ibarrola, Julien Lafitte, Guillaume Berbeder, Mathys Guet...-, irekiera bereziari ekiteko prest. Eguerdiko hamabi kanpaikadak jo eta berehala, gakoak aireratu ziren eta, ondotik, alfer samar ibili zen koroaduna azaldu zen. Orduan bai, hura poza eta algara!

Buraso eta, kasu askotan, aitatxi-amatxiren laguntzarekin, bestazale ttipiek erritua bete zuten, haien egun handiaz gozatzeko txartela irabaziz.

Haurren eguna 1996an hasi zen ospatzen Baionan, eta geroztik, hamaika ekimenez beteriko egitarau berezia prestatzen da Lapurdiko hiriburuan, besta handien bigarren jardunaldia markatzeko.

Egitarau ofizialean soilik ez, Patxa plaza gotorleku duten Besta Alternatiboen kari ere, Gaia elkartearen eskutik, herri-jokoekin gozatzeko aukera ederra izan zuten haurrek 13.00etatik goiti.

Eguzkiak gogor jo zuen orduotan, Poterna eremuan babesa atzeman zuten, ziur, bestazale gazteek.

Milaka haur errezibitzeko prest ziren bertan lanean ariko ziren 120 boluntario inguru. Ezin ahantzi, hala ere, helduen poltsikoarentzat makartsuago suertatzen den aukera, zaldiko-maldikoetan gora eta behera ibiltzeko parada eskaintzen duelako feriak.

ENTZIERROAN ADARKADARIK EZ

Egiari zor, erregeak ez bezala, haurrek goizean goiz hartu zieten erreleboa gauean parrandan ibili ziren bestazaleei.

Garbiketa zerbitzuek eginiko lan eskergari esker, Baiona Ttipiak itxura ezin ederragoa erakutsi zuen lehen ekimenak aterpetzeko.

Haur talde politak parte hartu zuen lehen entzierro ttipian. Ardukari ganadutegiko gurpildun zezenek San Andresen hartu zuten karrika, eta Jacques-Portes plazatxora arteko ibilbidean lasterketa arriskutsuak izan ziren. Bultzadaren bat kenduta, adarkarik ez zen gertatu, eta korrikalariek bestarekin lasaiki jarraitu ahal izan zuten. Zangoak ongi astindu zituztenez, aise osatu zuten Orai Bat konpartsako ziganteek eta gortearen gaiteroen konpainiak Askatasunaren plaza helmuga izan zuen ibilbidea.

Bertan kantuan eta dantzan aritu ostean, zuri-gorriz jantzitako milaka haurrek altxaturiko uhina hedatu zen emeki-emeki, hiri barneko karrikak bestazale gazteen freskotasunarekin zipriztinduz.