Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Pixar

Azken bost urteotan, Pixarrek “Lightyear”, “Onward” “Red”, “Elemental” eta “Inside Out 2” filmak kaleratu ditu, baita “Dream Productions” eta “Win or Lose” animaziozko telesailak ere. Horietako batzuk interesgarriak diren arren, oso nabarmena da konpainiaren ezaugarri ziren magia eta bikaintasuna desagertu egin direla azken boladan.

“Toy Story 3”, “Wall-E”, “Up”, “Coco”, “Ratatouille” eta -maila bat beherago dauden arren- “Luca” eta “Monsters, Inc.” bezalako filmek mugarri bat ezarri zuten animazioan, ez bakarrik kalitate bisualagatik, baita adin guztietako ikusleekin konektatzen zuten istorio sakon, original eta hunkigarriengatik ere. Lan horiek bikaintasun-maila lortu zuten, eta gutxitan ikusi da hori ekoizpen berrietan.

Pixarren izenburu berriek, maila tekniko ikaragarria mantentzen duten arren, badirudi ez dutela bere filmak ahaztezinak egiten zituen txinparta sortzaile eta narratiborik. Berrikuntza eta sentimendua, Pixar berezi bihurtzen zuten oinarriak, apurka-apurka lausotu egin dira, eta horrek errepikapenaren zaporearen arrastoa utzi du. Freskotasun falta zaleen bihotzetan uzten ari den hutsunea nahiko sakona dela iruditzen zait.

Oraindik ere animazioaren industrian erreferente garrantzitsuena izan arren, argi dago jada ez dela iraganean gure bihotzak harrapatu zituen bera.