«Oriok historikoki daukan pisua ez da islatu emaitzetan azken urteetan»
Martxel Aldaik (Aia, 1997) bizitza erdia darama arraunari lotuta. Aurten hamabosgarren denboraldia du Orio Arraunketa Elkartean, eta zuzendaritza berriak osatutako «anbizio handiko proiektuarekin» ilusioz gainezka dago. Gainera, liga aurreko txapelketa garrantzitsuenak irabazita eta lehen bi banderak bereganatuta, emaitzak ere alde dituzte.

Denboraldi aurre honetan asko hitz egin da Orioren proiektu berriari buruz. Eskarmentua fitxatu dute -Gorka Aranberri patroia, Medina, Carballeda, Gonzalez-, bai eta Iker Zabala entrenatzailea ere, Bermeorekin bi urte oparo osatu ostean. Honek eztabaida jarri du mahai gainean, baina liga hasi aurretiko txapelketa guztiak bereganatuta -Gipuzkoa, Euskadi eta Espainia- eta lehen bi banderak astinduta (Bilbo eta Sestao), ilusioa piztu da mirotzen artean. Martxel Aldai harrobiko arraunlariarekin hitz egin du NAIZek, orain artekoa aztertu eta denboraldi honetako erronkez mintzatzeko.
Faboritotzat jo zaituztete, liga aurreko txapelketa guztiak irabazita, lehen bi banderak poltsikoratuta... Emaitzek ere hori sinesteko balio dizuete?
Bai. Iruditzen zait faboritoaren paperak urteko emaitzei begiratuz gero izan dezakeela zentzua, baina uste dut beste talde askok daukaten ibilbideagatik soilik ere merezi dutela paper hori. Donostiarra, Zierbena eta, zer esanik ez, Bermeo azken urteetan maila handian ibili diren taldeak dira, eta beraiek ere guk adina merezi dute paper hori, nahiz eta guk aurten emaitzetan pixka bat aurretik egotea lortu dugun.
Zeintzuk dira zuen arerio indartsuenak? Aipatu dituzun horiek?
Hirurek daukate gaitasuna egoera konkretuetan guri aurre egiteko, eta beraien artekodiferentzia zein den esaten ere ez nuke jakingo. Oraindik gure lekua hartzeko gaude ligan. Niri pertsonalki beldur gehien ematen didana edo potentzial gehien ikusten diodana Zierbana litzateke.
Asko ibiltzen, aurten zuek ari zarete. 23 urte beranduago Euskadiko txapelketa bereganatuta, zu zeu eskifaian bertan egon zinen. Zein sentimendu gailendu zen?
Ez dut hainbeste maila historikoan baloratzen, baina egia da Orio bezalako klub batentzat historikoki daukan pisua ez dela islatu emaitzetan azken urteetan. Zuzendaritza honen helburua zen Orio irabazle bat eraikitzea eta anbizio handiko apustu bat egitea. Jende askorentzat agian urrats polemiko bat izan arren, ikusten da emaitzak ematen ari dela, eta guretzat, barne mailan, taldekide bezala, Euskadiko txapelketa irabazteak hainbeste lehiatu ondoren, pisu emozional dezentekoa dauka. Beraien ibilbide bukaeran dauden taldekideentzat agian irabazteke geratzen zitzaien bandera apurretako bat zen eta, beraz, polita izan da.
Uste duzu Orioko herriak merezi duela bandera eta garaikurretatik benetan gertu egotearen sentimendu hori?
Orioren nortasunaren parte da arrauna, onerako eta txarrerako. Belaunaldi oso batzuk bizi izan dira Orio irabazten ikusten. Azken urteetan erreferentzia hori galdu dela dirudi, akaso ilusio hori ere bai. Ez dut uste urtebeteko emaitzak hori erabat aldatzeko balioko duenik ,baina bai, moduren batera, garaipenek ilusio asko ekarri dezakete herrira.
Aldaketa asko izan dira taldean, zortzi baja, bederatzi fitxaketa. Tartean, Iker Zabala entrenatzailea. Zer moduz joan da negua?
Oso erraza egin zaigula esango nuke. Erraza ez exijentzia maila baxua izan delako, baizik eta ilusio eta gose handiarekin hasi genuelako urtea. Kanpotik etorri direnek esperientzia eta ibilbide luzea daukate arraunean, eta beraiek ere irabazteko nahi hori edonork bezainbeste daukate. Elkar oso ondo hartu dugu eta aurreneko egunetik lan asko egiteko borondatearekin gaude.
Zein izan da Zabalaren mezua neguan eta orain, behin denboraldia hasita?
Neguan, alde batetik, ideia garbi batzuk, egin behar genukeenaren inguruan: arraunkerari dagokionez oso ideia garbiarekin etorri da. Lan egiteko modu batekin eta metodologia batekin etorri da, eta hori aplikatzen saiatu da etengabe. Orain, udan, horrekin jarraitzen dugu. Proiektu berri bat da, hilabete batzuk bakarrik goaz elkarrekin eta oraindik gauza asko daukagu fintzeko. Asteburu batean bi bandera irabazteak ezin gaitu atera eraiki nahi dugun horretatik.
Zein da erronka nagusiena?
Erronka nagusiena izango litzateke urte guztian zehar errendimendu oso ona ematen duen talde bat izatea eta horren bitartez ahalik eta garaipen gehien pilatzea. Garaipen guztiak ez dira berdin baloratzen, baina badaukagu potentziala urte guztian lehiakorrak izan eta ahal den guztia irabazteko.
Ez dakit orain faborito izate horrek mentalki eraginik duen edo beti bezala ari zareten kudeatzen.
Kanpoko faboritismo horrek ez digu gehiegi eragiten. Bai, agian, barne mailan, ikusteak irabazteko gai garela. Orain hain ondo hasita, gai izan beharko dugu guk geure buruari jartzen diogun presio horri, maila berean jarraitu behar horri, nola aurre egingo diogun lantzeko, jakitun izanda makalaldiak etorriko direla, estropada guztiak irabaztea ezinezkoa dela. Presio horrek gehiago kezkatzen nau kanpotik etorri daitekeenak baino.
Pertsonalki zeuk zein helburu dituzu? Zabalaren konfiantza daukazula esango zenuke?
Esango nuke Ikerrentzat 22 arraunlariok garela taldekideak eta denongan daukala konfiantza. Bata edo bestea jarri txalupa azkar doala ematen du, eta ez da hainbeste izango bataren edo bestearen arteko eztabaida, baizik eta talde dinamika egoki baten ondorioa.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
