Elkarretaratzea egin dute hezitzaile bati adingabeen etxe batean eginiko erasoagatik
Langileak GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen aurrean bildu ziren atzo, hezitzaile batek adin txikikoen etxe batean jasandako erasoa salatzeko eta neurriak exijitzeko. Esan zutenez, ez dago aski langile eta gauez langile bakarra jarduten da.

Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, Bilbon. Enpresa batzordeak eta Bizkaiko Aldundiko langile batzordeak deituta, beharginen segurtasuna bermatzeko «neurri eraginkorrak» eskatu zituzten. Izan ere, joan den astean hezitzaile sozial batek eraso bat sufritu zuen hiriburuko adingabeen etxe batean.
“Langileen segurtasuna bermatu” lelodun pankartari eutsi zioten protestan. ELA, LAB, UGT, CCOO eta Satse sindikatuek sinatu zuten. Hainbat eragile batu ziren mobilizaziora, tartean EH Bildu. “Bakarrik inoiz ez”, “Aldundia, entzun, zu zara errudun” eta “Isiltasun gutxiago eta konponbide gehiago” oihukatu zuten.
ASPALDIKO ERREALITATE BAT
Sindikatuetako eledunek azaldu zutenez, erasoa jasandako adingabeen etxeen sareko langileari «erabateko babesa eta elkartasuna» adierazteko egin zuten deialdia langile batzordeak eta enpresa batzordeak. Zehaztu zutenez, Bilboko baliabideetako batean gertatu zen, ostegun goizaldean. Azkar osatzea opa diote langileari.
Beren ustez, eraso honek agerian jarri du aspaldiko errealitate bat: «Etxeetako adingabeen profila gero eta konplexuagoa da. Aldi berean, ez dago aski langile». Horregatik, enpresa eta langile batzordeek GUFEko zuzendaritzari eskatu zioten lehenbailehen «prebentzio neurri eraginkorrak» har ditzala, «langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, baita adinekoen arreta duina eta profesionala ere». Adin txikikoei zuzendutako baliabideetan egunero sortzen diren beharrei egoki erantzun behar zaiela azpimarratu zuten.
Premiazkotzat jo zuten gaur egungo protokoloak gainbegiratzea, beren iritziz agerikoa delako ez direla nahikoa. Lanpostuen arriskuak ebaluatu behar direla defendatu zuten, baliabideak -langileak zein materialak- gehitzearekin batera.
GAUEKO TXANDA
Gauez lan egiten duen pertsona bakarrik aritzea «normala» izatea gaitzetsi zuten, berdin du hezitzailea edo hezkuntzako laguntzailea izan. «Hau alda- tzeak ez dakigu erasoak ekidingo lituzkeen, baina horien larritasuna behintzat bai. Ez da gauza bera bakarrik egotea eta lagunduko zaituen inor ondoan ez izatea edota eraso hori geldituko duen eta egoera kudeatuko duen norbait izatea», azaldu zuten.
Joan den asteko erasoa gertatu zenean, enpresa batzordeak eta berau osatzen duten sindikatu guztiek eskaera bat egin zuten Segurtasun eta Osasuneko aurretiko batzordea premiaz elkar dadin.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
