Pixarren bi aurpegiak islatzen dituen ispilua

Pixarren bereizgarri izan da beti haurren irudimena pizten duten istorioak eskaintzea, betiere helduen bihotzera ere heltzen diren mezu sakon eta konplexuekin uztartuta. “Elio” filmak bi alderdi horien arteko oreka bilatzen du: lurreko pasarteek, hurbil eta emozionalki aberatsek, sakontasun handiena eskaintzen duten arren, pantailan gutxiegi irauten dute; ahulenek, berriz, espazioan gertatzen direnek, tonu infantilagoa dutenek, metrajearen zati handiegia betetzen dutela uste dut. “Elio” Pixarren bi aurpegiak islatzen dituen ispilua da.
Elio Solis-en istorioa azaltzen du: estralurtarrekiko lilura handia duen 11 urteko mutikoa. Baztertuta sentitzen bada ere, kontsolamendua aurkitzen du beste planetetako izakiekin konektatzeko nahian.
Lurreko pasarteekin hasita, lehen uneetatik sumatzen da Steven Spielberg-en esentzia: familia, galera, haurtzarotik heldutasunerako igarobide malkartsua edota haurren inozentziaren eta errealitate gordinaren arteko talka Spielbergen filmografian oso presente dauden gaiak dira; “Elio”-n ere horiek ageri dira. Istorioaren bihotza hor dago, eta horri denbora gehiago eskaini izan baliote, “Elio” Pixarren film onenen artean egongo litzateke.
Espazioko tramari dagokionez, izaki eszentrikoz betetako eszena koloretsuen festa bat da; umeek gozatuko dute, baina zenbaitetan gehiegizkoa da, gogaikarri samar eta oso azalekoa. “Gutxiago gehiago da”, horrek funtzionatu izan dio ondoen Pixarri; hemen, ordea, kontrako bidea hartu dute: zarata gehiegi, nahiko oinarrizkoa den zerbait azaltzeko.
Urrun geratu dira “Up”, “Wall-e” edota “Toy Story 3” filmen bikaintasun mailatik, baina tira, egia da ‘‘Elio’’-k ere badituela alde on ugari; zoritxarrez, ahulagoak diren elementuek pisu handiegia hartzen dute.

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi

Agentes del «caso Zabarte» dicen que los proyectiles «cayeron de una bolsa»
