GARA
DONOSTIA

Netflix Euskarazek agur esatean, Lakuari «euskararen alde» egiteko eskatu dio

Netflix Euskaraz plataformak bere ibilbideari amaiera eman eta euskararen alde lan egin dezan eskatu die herritarrei eta erakundeei. Bereziki, Lakuako Gobernuak euskararekiko duen erantzukizuna nabarmendu dute. EiTBri dagokionez, ohar zehatza helarazi dute: «Euskararen alde egin nahi izanez gero, baduzue lana etxean. Urratsak egin euskara hizkuntza nagusia izango duen irrati-telebistaren alde».

Netflix Euskaraz egitasmoa 2021eko otsailean aurkeztu zuten Durangoko Plateruenan.
Netflix Euskaraz egitasmoa 2021eko otsailean aurkeztu zuten Durangoko Plateruenan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Orain lau urte pasa, 2021eko otsailean aurkeztu zuten Netflix Euskaraz ekimena, unean eskari bidezko bideo eskaintzan liderra zen Netflix plataformari edukiak euskaraz ere eman zitzala eskatzeko. Egitasmoa bultzatzeko 13.800 sinadura ere bildu zituzten, eta euskal erakundeei egitasmoan bidelagun izateko dei egin zieten, baita eskumena zuten esparruetan euskararen presentzia legez bermatzeko ere.

Ohar baten bidez plataformak bere ibilbideari amaiera ematen diola iragarri zuen atzo eta denbora tarte honetan babesa adierazi dieten norbanakoei eta eragileei eskerrak eman zizkien, «bildutako indarrari esker lortu baita Netflix eta Prime Video bezalako erraldoiak edukiak euskaraz bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzen hastea».

Netflix Euskarazeko kideen ustez, urteotan «herri aktibazioan eta kontzientziazioan aurrera asko egin dugu; ez, ordea, euskal erakundeen politika publikoetan». Salatu zutenez, lau urte hauetan Lakuako Gobernuak «ez du gaiari heltzeko borondaterik adierazi. Ez du pausorik txikiena egin Netflix, Prime Video edo Disney Plus bezalako streaming plataforma nagusietan euskarazko eskaintza duina bermatzeko», gaitzetsi zuten. Ekimeneko kideen iritziz, «larritasun maila izugarriko afera da», batetik, egungo kontsumo ohiturei eta erronkei ez erantzuteak euskarari «izugarrizko kaltea» egiten diola uste baitute eta, bestetik, Lakua «ez delako legea betetzen ari». Gogora ekarri zuten Estatu espainoleko Ikus-entzunezko Komunikazioaren lege orokorrak dioela ikus-entzunezko lan bat diru publikoz berezko hizkuntzan bikoiztuta badago, tokian tokiko erakunde publiko autonomikoa dela bikoiztutako bertsio hori streaming plataformetara bidaltzearen eta gaiari jarraipena egitearen arduraduna.

Netflix Euskarazen iritziz «euskararen normalizazioaren aurkako praktika publikoen zerrendan bat gehiago da» Lakuak legea ez betetzea.

Eremu publikoan eta pribatuan eragitearen beharrari buruz ere mintzatu ziren. «Ez gaitzatela engaina», ohartarazi zuten, euskara normalizatuko bada «esparru publikoan zein pribatuan eragiten asmatu dugulako» izango baita. Zinema-aretoak ere pribatuak direla eta horietan ere euskarazko eskaintza «oparoa» izan dadin lan egin behar dela adierazi zuten.

«Esan dezakegu streaming plataformak direla gaur egungo pantaila izarrak. Nola ez dugu, ba, euskarak esparru horretan egon behar duela aldarrikatuko? Nola ez dugu plataforma nagusietan euskarazko lanen eskaintza duin bat aldarrikatuko? Plataformen erabiltzaileak diren euskaldunen hizkuntza eskubideak jokoan egoteaz gain, estrategikoa da hizkuntzarentzat», gogoratu zuten.

PRIMERAN ETA MAKUSI

EITBk streamingaren alde egindako hautuari balioa eman zioten: «Egin beharrekoa zen. Ongi etorri, Primeran eta Makusi plataformei». Baina orain EITBk «euskararen biziberritzean abangoardia» izan behar duela uste dute. «Berari eta ez beste inori baitagokio jendarteari, eta, bereziki, gizarteko geruza zaurgarrienei, telebista konbentzionalean zein eskari bidezkoan, euskararako sarbide unibertsal eta doakoa bermatzea. Arretaz jarraitu beharko dugu Primeran eta Makusi plataformek etorkizunean hartzen duten norabidea», esan zuten.

EITBren plataformei ongietorri eginda ere, euskarak normalizaziorako eta hedapenerako «urrezko aukera galdu» duela uste dute, Jaurlaritzak «streaming plataforma nagusietan eragin nahi izan ez duelako». «Hori hautsi beharra dagoela aldarrikatzen dugu. Euskarak, ikus-entzunezkoetan, EITBren monopolioa izateari uzten dion egunean jauzi erraldoi bat aurrera egingo dugulako euskararen normalizaziorantz».

Ohar bat ere egin nahi izan zieten EITBko arduradunei: «Euskararen alde egin nahi izanez gero, baduzue lana etxean. Urratsak egin euskara hizkuntza nagusia izango duen irrati-telebista publikoaren alde, urratsak egin etorkizuneko euskara hutsezko irrati-telebista publikoaren bidean».

Diglosia estrukturala hautsi eta eztabaida aurrekontuetara eramateko deia egin zuten, sos publikoa espainierazko kulturara, ikus-entzunezkoetara eta hedabideetara bideratzen baita: «Gaztelaniazko kateak sustatu dira eta euskal hiztunak EITBren gaztelaniazko programetara bideratu dira».