Euskarari bere lekua egiteko, elkarretaratzeetara deitu du UEMAk
UEMAk agerraldia egin zuen atzo Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Epaia larria dela adierazi zuen, eta elkarretaratzeak antolatu dituzte larunbat honetarako, udaletxeen aurrean. Udalak, eragileak eta herritarrak animatu zituen epai hau salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera.

«Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu dute. Izan ere, eskuin muturreko Voxen eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi du», salatu zuten UEMAko kideek atzo Zarautzen.
Aukera guztiak aztertu eta prest daude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero. Era berean, UEMAko kide diren 118 udalak deitu zituzten euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen, udaletxeen aurrean bildurik, larunbat eguerdi honetan.
LARRIALDI LINGUISTIKOA
Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. «Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan». Hori da, UEMAren ustez, egoera ulertzeko abiapuntua.
«Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, gehiengo zabalarekin, euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute. Gutxitutakoa lehengoratzea. Horretarako ezinbestekoa da euskara lehenestea», adierazi zuten.
Oroitu zutenez, ia UEMA sortu zenetik justizia espainola udalerri euskaldunen jardunaren aurka aritu da. Ez dituzte ahantzi aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak. UEMA osatzen duen 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, eredua izanez, euskaraz jarraituko dutela ziurtatu zuten.
LAKUA ETA EH BILDU
Lakuako Gobernua ere «oso kezkatuta» agertu zen Gorenaren epaiarekin. Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean, Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu zuen Gobernua gehien arduratzen duena «erabaki politikoak judizializatzea» dela. Epai honen aitzinean «zer bide» dituzten aztertuko dutela esan zuen eta «traben gainetik» beren bidea jarraituko dutela baieztatu zuen.
Bide horretan, Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak gehiengoei balioa emateko eta «erabaki eraginkorrak hartzeko» eskatu zuen. «Euskararen aurkako oldarraldia ukatzen dutenei», berriz, galdegin zien ea Vox bezalako alderdi «euskarafobiko» bati segituko dieten.
EH Bildurentzat «onartezina» da gure herrian hain indar eskasa duen ultraeskuin espainolak, zinegotzirik ez duenak, «bidea markatzea eta horren arabera epaitegi espainol batek hizkuntza eskubideen gaineko erabakiak inposatzea».
LAB ETA ELA
Estatuaren oldarraldiaren aurrean, euskalduntzearen aldeko indarraldi sendoa sustatzera deitu zituen LABek eragile eta herritar euskaltzaleak. «Euskarari lehentasuna ukatzeak de facto espainierari lehentasuna onartzea dakar. Egoera desorekatuan dauden bi hizkuntza legalki modu berean tratatu beharra ezartzeak desoreka hori betikotzea dakar», azaldu zuen.
UEMAk antolatutako mobilizazioekin bat egin zuen ELAk. «Herri mobilizazioaren bidez euskararen estatus juridikoa irauli behar da, benetako ofizialtasuna lortzeko», defendatu zuen. «Auzitegi Gorenak eskuin muturraren argudioak bere egin ditu, eta euskararekin lotuta udal legean azaltzen zen araudia baliogabetu du espainieraren nagusitasuna bermatzeko», salatu zuen.
«Euskararen moduko hizkuntza gutxitu batek diskriminazio positiboko neurririk izan ezean, ezinezkoa da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea», ziurtatu zuen.
KONTSEILUA
Euskaltzaleen Kontseiluak oroitu zuen urteak daramatzala euskararen normalizazioaren kontrako epaileen esku hartzeak gaitzesten. «Agerikoa da oldarraldi judizial eta politiko honek euskararen gutxiagotzea betikotu nahi duela», ohartarazi zuen, eta erantsi zuen Gorenaren sententziak «ia Voxen premisa guztiak jaso dituela».
Garrantzitsua da Kontseiluarentzat euskara eta bere hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela jabetzea, «egiazko arriskua» baitago normalizazioaren prozesuan atzera egiteko. Egoera horretan, baliogabetutako artikuluek «gutxieneko zoru bat ezartzen zuten administrazioan euskararen gutxiagotze egoera errekuperatzeko eta sustapenean aurrera egiteko. Baina botere judizial espainolak bide hori oztopatu du berriz ere», salatu zuen.
BERGARA ETA BEHATOKIA
Herritar euskaldunen hizkuntza eskubideen babesean eraginkorragoak izateko, hitzarmena sinatu zuten atzo Bergarako Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak.
Bi erakundeek bat egin zuten euskara sustatu, hizkuntza eskubideak bermatu eta euskaldunok ahalduntzeko zenbait erronkarekin.

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
