GARA
GASTEIZ

Kenny Barron eta Al Di Meolaren erakustaldia Gasteizen

Kenny Barron piano jotzailearen teknika akasgabeak eta Al Di Meola gitarristaren jazz eta rock fusioak zirrara eragin zuten atzo Mendizorrotzan. Aurretik, Sarah Hanahan gazteak saxofoiaren munduan etorkizun oparoa duela erakutsi zuen berriro.

Kenny Barron piano jotzaileak publikoa bereganatu zuen Mendizorrotzako kontzertuan.
Kenny Barron piano jotzaileak publikoa bereganatu zuen Mendizorrotzako kontzertuan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko Jazz Jaialdiko bigarren kontzertu ‘‘handia’’, edo behintzat irrika eragitea espero zena, eskaini zuten atzo Al Di Meolak eta Kenny Barronek. Lehenengoa jazz garaikideko gitarra jotzaile bertutetsuenetako bat da, eta genero musikal hori munduko ia musika mota guztiekin nahastu izanagatik ere eskuratu du ospea. Eta atzo ere ez zuen kale egin, publikoari espero zuen zirrara sortzen asmatu baitzuen berriz ere.

Mendizorrotzako bigarren kontzertua Kenny Barron bikainak eskaini zuen, bere teknika akasgabea beti lagun. Grammy sarietarako hamalau izendapen zergatik dituen erakutsi zuen Gasteizen.

Aurretik, Europa Jauregian, Sarah Hanahan gazteak (AEB, 1997) saxofoiaren birtuosoa dela frogatu eta musikaren munduan etorkizun oparoa duela iradoki zuen.