Altunaren esprintak erabaki zuen Laudion jokoan zen puntua
10-4 galtzen hasi arren, 17-18 aurreratu ziren Larrazabal eta Rezusta. Hala ere, Altunaren talentuak desorekatu zuen Caixabank Masterseko neurketa.

Haserre zen Jokin Altuna markagailua 17-18 zegoela. «Sekulako sakea atera dut eta, nahita egin ez badu ere, ezinezkoa da Larrazabalek egin duen bezala errestoan sei koadro eta erditik airez tanto egitea. Sekulako harrikada izan da, eta epaileak ez du hori adierazi nahi izan». Izan errestoan airez zabalean Larrazabalek egin zuen tantoagatik haserretu zelako, izan markagailuan atzetik jarri zirelako Altuna III.a eta Imaz, baina Amezketakoak zezenari adarretatik heldu zion une horretatik aurrera eta azken bost tantoek Amezketakoaren zigilua eraman zuten. Modu horretan, ederki hasi eta azkenean uste baino askoz gehiago sufritu ostean, eraman zuten Caixabank Masterseko aurreneko puntua Jokin Altunak eta Ander Imazek.
Airean eta uste baino errazago, 10-4 aurretik izan ziren gorriak partidako hasiera partean. Rezusta bezperan partida bikaina jokatzetik zetorren, baina Laudioko Areta pilotalekuari neurria hartu ezinik ibili zen hasieran, eta Iker Larrazabalekin ia sekula jokatu ezaren ajeak ere antzeman zituen Bergarako ezkerrak. Pilota eskatu arren, elkarri traba eginez bezala eta koordinazio handirik gabe ekin zioten demari, baina behin 10-4 atzetik jarri zirelarik, neurketak beste kolore bat eta gogortasun handiagoa hartu zuen, azken emaitza urdinentzat txarra izan bazen ere.
Alde horretatik, Larrazabal eta Altunaren arteko buruz burukoa aurreko koadroetan ez zen makala izan. Buruz Buruko Txapelketan Amurrioko aurrelariak ligaxkako partida irabazi zion Altunari eta beste aurkari asko baino ausartago aritu zitzaion Amezketakoari arabarra. Rezustak bere ohiko jarrera seguru eta indartsua erakutsi bazuen ere, bikote urdinaren erreakzioaren gakoa Larrazabalek jokoari sartu zion erritmoa izan zen. Akordatzerako, baina lana beltz eginda, 11na berdintzea lortu zuen bikote urdinak. Tarte horretan Ander Imazek eskuinez gozatzeko arazoak izan zituen, Larrazabali eutsi ezinik.
POLEMIKARAKO TARTETXOA
Neurketa 12na zela nahi gabe enbarazu garbia egin zion Altunak Rezustari, baina epaileek gorrien tantoa izan zela adierazi zuten. Horren ostean, urdinak deseroso zeudela baliatuta, aitaren batean 16-12 aurreratu ziren Altuna eta Imaz, eta unetxo batez partida haustekotan egon ote zen itxura eman zuen. Ez zen horrela izan, ordea, zorionez.
Hain zuzen, Iker Larrazabalek berriz ere jokoaren ekimena hartu zuen eta 0-5eko partziala lortuta 16-17 aurretik jartzea lortu zuen bikote urdinak, partida hasi zenetik lehenengoz. Altunak, aurkari gaztearen itxura oldarkorra ikusita, berak ere pauso bat aurrera ematea erabaki zuen eta laster lortu zuen berdinketa, Larrazabalen erresto polemiko horrek 17-18koa ezarri zuen arte.
Protestak ahaztu eta Amezketakoak sekulako esprinta egin zuen azken tanto horietan, hala erasoan nola defentsan. Larrazabalek, aldiz, larregizko presa puntu bat erakutsi zuen eta hor joan zitzaion bikote urdinari aurreneko puntua irabazteko abagunea.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
