Felix THOMMEN
URRUÑA

Elikaduraren gizarte segurantza eratzen hasi dira Ipar Euskal Herrian

Urruñako herritarrek bultzaturik, elikaduraren gizarte segurantza sortzeko proiektua egituratzen hasi da. 2022. urtean hasi ziren hori lantzen, eta, egitasmoaren sustatzaileek adierazi dutenez, xedea urte amaierarako martxan jartzea da. Gerora Ipar Euskal Herri osora hedatzeko helburua dutela adierazi dute bultzatzaileek.

Gilles Morandeau eta Danielle Bideondo-Baron elkartearen sortzaileetakoak dira.
Gilles Morandeau eta Danielle Bideondo-Baron elkartearen sortzaileetakoak dira. (Patxi BELTZAITZ)

Elikaduraren gizarte segurantza sortzeko proiektua 2022an lantzen hasi zen Ipar Euskal Herrian eta urrats berri bat egin du berriki: “Elikartasuna - Alimentation solidaire” izeneko Urruñako kolektiboak «aurre-egituratze elkarte» bilakatzeko desmartxa egin du, elikadura-kutxa lokal bat hornitzeko gai den oinarrizko kide talde bat osatuz.

«Gaur egun, 17 gara. Helburua da urte bukaerarako kutxa bat lortzea, gutxienez 50 kide bilduz, hiru edo lau ekoizlerekin hitzarmen bat sortuz, bai eta bi jatetxe eta beste bi dendarekin ere, betiere Urruña inguruan», azaldu dio koordinatzaileetako batek, Gilles Morandeauk, Mediabask hedabideari. Azpimarratu duenez, epe luzera begira, helburua sistema hori Ipar Euskal Herri osora hedatzea da.

Elikadura-kutxa horren onuradun kide guztiak izanen dira, etxeko diru-sarreren eta senide kopuruaren araberako kotizazio sozial baten bidez. «Hau da, segurtasun sozialaren printzipio bera aplikatuko dugu; ez dugu ezer asmatu», laburbildu du Morandeauk.

«JATEKO ETA BIZITZEKO ESKUBIDEA OINARRIZKOA DA»

Proiektuaren eramaileek gutxieneko soldata (smic, frantsesez), frantziar Estatuko batez bestekoa, eta pobrezia-muga kontuan hartu dituzte sistema ahalik eta justuena izan dadin.

Hasiera gisa, kopuru zehatz bat finkatu dute: 1.741 euro hileko (smic-aren eta batez besteko soldataren arteko kalkuluan oinarritu dira). Hala, elikadura-segurtasun sozialaren kutxan 150 euroko ordainsaria pagatu beharko luke kide bakoitzak, 150 euroko balioa duen saski bat jasotzeko.

«Elikagai-saski kreditu» horren balioa berdina izanen da guziontzat, baina kotizazioa ez da berdina. Kotizazioa 30 eta 247,50 euro artekoa izanen da, diru-sarreren araberakoa.

«Egunerokoan jadanik badugu elkartasun sistema bat: eskolako jantokia, aisialdi zentroa, jarduera kulturalak… familia-koefizientearen arabera kalkulatzen dira. Baina ohartu behar gara gero eta jende gehiagok ez duela aski jaten», ohartarazi du Danielle Bideondo-Baron-ek, Elikartasuna elkarteko koordinatzaile eta Urruñako Herriko Etxeko gizarte kohesiorako arduradunak.

«Kalitatezko elikadurak osasun hobea dakar. Bertako ekoizleek hornitutako janariaren bidez tokiko jarduera sostengatzen dugu. Hori ulertzen ez duenak ezin du gure ekimena ulertu», gehitu du egitasmoaren bultzatzaile den Gilles Morandeuk.

HITZARMENAK ETA KALITATE-IRIZPIDEAK DEFINITZEA

Gauzak horrela, elkartekoek aitortu dutenez, oraindik ere zehazteke dute zer den «kalitatezko elikadura». «Horren inguruan lan handia egiten ari gara», aitortu du Bideondo-Baron-ek. Dena den, erreferentzia gisa «tokikoa eta pestizidarik gabea izatea» aurreikusten du Morandeuk.

Horrez gain, laborariak, jatetxeak eta bestelako profesionalak hitzarmen baten bueltan elkartzea izanen da beste erronka nagusietako bat. Horrek kalitate xarta bat izenpetzea ahalbidetuko luke.

Azaldu dutenaren arabera, Ipar Euskal Herriko elikadura-kutxa kolektiboaren ideia Montpellier hirian (Herault) garaturiko esperientzian oinarritzen da. Montpellier Estatu frantseseko hegoaldeko kostaldean dago; Okzitanian, hain zuzen ere. Orain dela bi urte jarri zuten han martxan elikaduraren gizarte segurantza, eta, ikerketa txostenak agerian utzi duenez, bildutako diruaren %82 inguru laborantza biologikoaren bidez ekoiztutako produktuak erosteko erabili zen.